2,9 milioiko aurrekontua Lankidetzarako dirulaguntzei zuzenduta
2,9 milioiko aurrekontua Lankidetzarako dirulaguntzei zuzenduta
Itxasok nabarmendu du garapen iraunkorra sustatzen duten proiektuak bultzatu nahi direla, giza eskubideetan eta demokrazian eta kulturan indar eginez garapen faktore diren aldetik.
Denis Itxaso Kultura eta Kooperazioko diputatuak adierazi du Diputatuen Kontseiluak 2.914.214 euro bideratzea erabaki zuela astearteko bileran aurtengo kooperaziorako laguntzen deialdirako. Laguntza horiez gain, hainbat GKErekin hitzarmen zuzenak daude, eta Aldundiak berak hainbat ekintza zuzen bideratzen ditu kooperazioaren eremuan. Guztira, Aldundiak 3.862.885 euro bideratuko ditu 2016ko kooperaziora.
Itxasok, Fernando San MartÃn Kooperazioko zuzendariarekin batera, laguntza deialdiaren ildo nagusiak azaldu ditu. "Laguntzok Siriako, Eritreako eta Irakeko milaka erbesteratuen dramari ere begiratuko diote, Turkiarekin akordio bat sinatuta Europar Batasunak berriki eman dien danbateko immoralaren aurrean". Oinarri berriekin kooperazioa indartu nahi da, funtzionamendua hobetu, eta kooperazio horren eraginkortasuna, koherentzia eta Gipuzkoa barruan eta kanpoan duen egiazko eragina handitu. Hori guztiak Aldundiak onartutako erreferentzia markoaren barruan, garapen iraunkorraren helburuetan eta 205eko irailean onartutako NBEren ebazpenaren 2015 agendan oinarrituta.
"Kooperazioa modu zabal eta parte-hartzailean garatzea da helburua, eta Gipuzkoako gizarte osoak parte hartzea; horretarako, erakundeok ahalik eta entitate gehienen partaidetza erraztu behar dugu", azaldu du Itxasok.
Kultura eta Kooperazioko diputatuak gogorarazi du ezen, azken legealdian, aurkeztutako proiektu kopurua 119tik 52ra jaitsi zela, eta onartuak 51etik 32ra. "Gure helburua da laguntzetara aurkezten diren proiektu eta entitateak gehiago izatea, eta kooperazioan lan egiten duten eragile ezohikoek ere parte hartzea. Hori dela eta, laguntza emateko, balioetsiko da, Garapeneko GKE eskatzailearen parte hartzeaz gain, Gipuzkoako kooperazio eragile ezohikoek ere parte hartzea. Laburbilduz eta Itxaso azaldu duen bezala, "gure lurraldean dauden ekimen ugariak, mundu justuago bat eraikitzeko lan egiten dutenak, baliatu nahi ditugu".
Orobat azpimarratu du kooperazio laguntzak askatasuna, berdintasuna, elkartasuna eta antzeko balioen defentsan sartu direla, elkarbizitza justuago bat, aniztasuna errespetatzen duena, sustatzeko. Hori dela eta, balioetsiko da proiektuen ardatz izatea emakumeen eskubideak, giza eskubideak oro har eta, bereziki, talde hauskor hauen eskubide zibilak eta askatasun publikoak: herritar jarraituak edo erbesteratuak arrazoi ekonomikoengatik, erlijiozkoagatik, politikoengatik, orientazio sexualarengatik, arrazoi klimatikoengatik, desastre naturalengatik; egoera bereziki hauskorrean dauden adingabeak; edo ezgaituak. "Demokrazia eta kultura garapen faktore zalantzagabeak dira, eta horien alde egitea pertsonen ongizatearen eta emantzipazioaren alde egitea da".
Deialdi honen beste ezaugarri bat kultura bultzatzea da, garapenerako tresna den aldetik. Horrela, tokiko kulturen identitatea eta kultura bera helburu dituzten proiektuak balioetsiko dira, gizartea eraldatzeko eta berritzeko tresna denez. Orobat balioetsiko da proiektuak iraunkortasun ekologikoa eta ingurumenekoa izatea xedea eta beste antolakuntza batzuekin sarean lan egitea modu egonkortuan.
Proiektu guztietan, laguntzaren xede den jende taldearekin lan egiten duen antolakuntza edo entitate baten partaidetza izan beharko da. Laguntzaren zenbatekoa, izatez, eskatutako diru laguntzaren % 100 izango da.
Deialdiak lau eranskin ditu:
- Hegoaldeko herrialde pobretuetako garapen proiektuak, 2,1 milioi euro.
- Gizarte eraldaketarako hezkuntza proiektuak, 500.000 euro.
- Ekimen puntualak, 170.000 euro.
- Larrialdiko eta ekintza humanitarioko laguntza proiektuak, 140.000 euro.
Hegoaldeko herrialde pobretuetako garapen proiektuak
Laguntza hauen xedea da kooperazio proiektuak egitea gizarte baztertzearen aurka borrokatzeari begira, eta giza garapen iraunkor eta parekatua sustatzea hegoaldeko herrialde pobretuetan. Hau da, irabazi asmorik gabeko entitateek aurkeztutako proiektuak, helburu dutenak pertsonen askatasunak, gaitasunak eta aukerak zabaltzea, pobreziaren zergatiei begiratzen dietenak eta pertsona horiek sendotzeko eta garapen aukerak izateko laguntza ematen dutenak. Laguntza 25.000 euro eta 120.000 euro bitartekoa izango da proiektuko.
Gizarte eraldaketarako hezkuntza proiektuak
Gizarte eraldaketarako hezkuntza proiektuak diruz lagunduko dira. Proiektu horiek tresna bat izan behar dute gizartean kontzientzia kritikoa sortzeko, ardura partekatuaren eta herritar unibertsalaren ideiatik abiatuta, herritarren mobilizazioa sustatuta. Laguntza 25.000 euro eta 80.000 euro bitartekoa izango da proiektuko.
Horretarako, diruz lagungarriak diren proiektuak izan daitezke:
- Gipuzkoako gizartea sentsibilizatzeko, kontzientzia kritikoa sortzeko, desberdintasun ekonomiko, sozial, politiko, kultural eta generoari buruzkoen egiturazko zergatiak erakutsiz, tolerantzia eta elkartasuna sustatuz.
- Ekimenak eta esperientziak abiaraztea ekoizpen eta kontsumo alternatiboen modeloak sustatzeko, pertsonen duintasunaren eta eskubideen begirunea sustatzeko, partaidetza sustatzeko eta ingurumenaren defentsa sustatzeko.
- Prestakuntza nazioarteko elkartasunaren eta garapenerako hezkuntzaren inguruko gaietan.
- Nazioarteko elkartasunaren eta garapenerako hezkuntzaren inguruko ikerketa, hausnarketa teoriko edo proposamen praktikoak egiteko.
- Herritarrak sustatzeko eta giza eskubideen kultura etengabe garatzeko kanpaina eta ekimenak, eta giza garapenaren eta garapen iraunkorraren proposamen praktikoak.
- Eragile sozialen sareak sustatzea, hausnarketa sustatzeko; eta baterako jarduerak tokiko desoreken eta desoreka globalen inguruan eta eraldaketa bideen inguruan.
Ekimen puntualak
Laguntza hauen xede dira gizarte mugimenduei, antolakuntza ez profesionalizatuei edo gizarte zibileko beste eragile batzuei, zeinak esperientzia baitute gizarte lanean, kooperaziorako irismena ematen dieten ekimenak, hartara gizartearen eraldaketan aktiboki parte har dezaten. Laguntza 18.000 eurokoa izango da gehienez, proiektuko.
Horrela, ondasunak erosteko edota garraiatzeko ekimenak diruz lagunduko dira, baita pertsonen garraioa ere baldin eta herrialde pobretuetako herritar hauskorrei oinarrizko zerbitzuak emateko bada. Orobat diruz lagunduko dira garapenerako sentsibilizazio edo hezkuntza ekintzak, Gipuzkoan egitekoak badira.
Larrialdiko eta ekintza humanitarioko laguntza proiektuak
Laguntza hauek ekintza humanitarioko proiektuak egiteko dira, baita larrialdiko beharrei erantzuteko ere hondamendi natural bat edo gatazka armatu bat gertatu bada. Laguntza horiek deialdia egiten den egunean aurreikusi ezin diren egoerak arintzeko izango dira, eta hartzaile izango dira arazoei eraginkorki eta azkar aurre egiteko nahikoa gaitasun erakusten duten antolakuntzak. Laguntza 80.000 eurokoa izango da gehienez, proiektuko.
Bi motatakoak izan daitezke:
- Larrialdiko laguntza, ondasunak eta oinarrizko zerbitzuak hornitzeko, hartara premiazko beharrei erantzuteko, bizirautea bermatzeko eta sufrimendua arintzeko.
- Ekintza Humanitarioko proiektuak, krisiaren aurretik zegoen egoera berreskuratzeko.
1369