Aldundiak laguntzak jarri ditu abian,adinekoen egoitzetan eta gizarte zentroetan energia garestitzearen eragina arintzeko
Aldundiak laguntzak jarri ditu abian,adinekoen egoitzetan eta gizarte zentroetan energia garestitzearen eragina arintzeko
Aldundiak laguntzak jarri ditu abian,adinekoen egoitzetan eta gizarte zentroetan energia garestitzearen eragina arintzeko
1,7 milioi bideratuko ditu Ukraina inbaditu zutenetik kontsumoak edo kostuak murrizteko neurriak hartu dituzten entitateentzat.
Foru Aldundiak aparteko dirulaguntzen lerro berri bat ireki du Gipuzkoako zainketen eta gizarte zerbitzuen eremuko entitateentzat. Horren bidez, 1,7 milioi bideratuko dira entitate horiek Ukrainian errusiar inbasioak eragindako gasaren eta elektrizitatearen prezioaren gorakadaren ondorioz jasaten dituzten zailtasunak arintzeko. Erabaki horren helburua, Irune Berasaluze bozeramaileak azaldu duenez, "errusiar erasoak izan duen eragina arintzen laguntzea da; izan ere, fakturak garestitu egin dira bizitoki- eta egoitza-zerbitzuetan eta Gipuzkoako gizarte-arretako sareko eguneko zentroetan (mendekotasuna duten adinekoenak edo adingabeenak, gizarteratzekoak edo desgaitasunen bat dutenak)".
Laguntza horiek gaurko Diputatuen Kontseiluan onartu dira, eta Europako araudiak eskaintzen duen aterkia baliatzen dute, zehazki, Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoaren ondoren ekonomia babesteko estatu laguntzako neurriei buruzko denbora esparru nazionala, zerbitzu horien kudeatzaileei gasaren eta elektrizitatearen horniduran jasan duten prezio igoera arintzen laguntzeko, inbasioa gertatu eta hurrengo urtean. Laguntza horiek eskuratu ahal izateko, gasaren eta elektrizitatearen kontsumoa murrizteko edo horien kostua murrizteko neurriren bat hartu dutela egiaztatu beharko dute.
Eskabideak aurkezteko epea GAOn deialdia argitaratzen denean irekiko da, eta urriaren 27an amaituko da. Eskaera eta dokumentazio osagarria internet bidez aurkeztu beharko dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan dagoen dirulaguntzen atariaren bidez (https://egoi-tza.gipuzkoa.eus). Diruz lagundu daitezkeen gas eta elektrizitate kostuak 2022ko martxotik 2023ko otsailera bitartekoak izango dira, biak barne. Bigarren mailako arretako zerbitzuetara zuzentzen da deialdia, hau da, eguneko zerbitzuetara edo zentroetara, gaueko harrera zentroetara eta egoitzetara.
Berasaluzek adierazi duenez, "pandemiaren ondorioz hornidura katean sortu ziren zailtasunek eta inbasioak eragindako oztopoek bat egin dute, eta horrek argi eta garbi eragiten die herritarren poltsikoei eta lurraldeko enpresa, elkarte eta erakundeen jarduerari. Elikagaien, lehengaien edo energia fakturaren inflazioa determinazioz aurre egin beharreko errealitatea da". Ildo horretan, ziurtatu du legegintzaldi honetan "pandemian egin zuen bezala, Aldundiak eskura dituen tresna guztiak” erabiliko dituela, “fiskalitatea eta laguntzak barne, unean-uneko egoera ekonomikoaren ondorioei aurre egiteko, gure lehiakortasuna eta ongizatea bermatuko dituzten etorkizuneko proiektuak alde batera utzi gabe".
Izendapenak
Bestalde, foru bozeramaileak bi izendapen berriren berri eman du Aldundiaren organigraman. Izendapen horiekin, Foru Gobernuak amaitutzat eman du "% 99an" legegintzaldi honetarako lantaldeen eraketa. Horietako lehena Iker Aldazabalena da (Soraluze, 1978), Agenda, Berrikuntza eta Ebaluazioko zuzendaria izango dena, Zaintza eta Gizarte Politiketako Departamentuan. Legealdi honetan egindako antolamendu eraldaketaren esparruan sortutako hiru zuzendaritza berrietako bat da, "egungo garai eta premia berriei" erantzuteko. EHUn Zuzenbidean lizentziatua da, Aldazabalek Ingurumen Zuzenbideko Masterra du, eta Soraluzeko alkate izan da azken bi legealdietan. Zainketen eta gizarte arretaren berrikuntzari dagokion guztia koordinatzeko eta dinamizatzeko ardura izango du.
Erakunde Publikoen Zuzendaritza ere Zainketetako eta Gizarte Politiketako Departamentuari atxikita dago, eta Kabia (egoitzak eta eguneko zentroak) eta Uliazpi (desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako zerbitzua) erakunde autonomoak biltzen ditu, Irune Galarraga buru izango duelarik (Bergara, 1977). Erizaintzako diplomatua da Nafarroako Unibertsitatean, eta osasun erakundeetako eta -sistemetako lidergoan eta eraldaketan espezializatuta dago. 14 urtez Arrasateko Aita Menni Ospitaleko Erizaintzako zuzendaria izan zen, eta, beraz, esperientzia handia du asistentziaren arloan.
Berasaluze pozik agertu da Aldundiak legealdi honetan egin dituen inkorporazioekin. "Egungo erronkei hobeto aurre egiteko erakundeari tresnak emateko organigrama berritu ondoren, orain berritzen ari den lantaldea osatzen ari gara, profesionalki oso gaituta dauden pertsonez osatua, balioak eta, batez ere, apaltasuna eta ilusioa dituztenak, Gipuzkoaren onerako onena emateko".
Tunela
Datorren ostiralean, irailaren 22an, hasiko dira Lesarriko tunela osorik birgaitzeko obrak, AP-1 autobidean, Bergara parean. Tunelaren hodian bypass bat jarriko da Donostiarako norabidean, eta obren lehen fasea amaitu arte jarriko da, 2024ko apirilean. Azpiegitura hori 2003ko abenduan jarri zen martxan, eta azken urteotan lur-jausi txiki batzuk izan ditu, batez ere mendiguneko materialaren bilakaerarekin berarekin lotuta. Beraz, erabat berritzea erabaki zen.
Horrela, tunela birgaituko da, eta, horretarako, barruko instalazioak erabat berrituko dira eta tuneleko bi hodien sostengua eta estaldura indartuko dira. Hodiek 1.200 metroko luzera dute norabide bakoitzean. Bi tunelak lotzen dituzten bost ebakuazio-galeriak ere berrituko dira. Alderdi teknikoan, luzetarako 20 haizagailuak eta galerietakoak berrituko dira, baita horien suebakitzaileak ere, eta argiztapenerako, egungo argien ordez LED teknologiako argiak jarriko dira. Bigarren fasean, lanak 2024ko irailean hasiko dira, Donostiarako hodia birgaitzeko, eta 2025eko maiatzean amaituko dira.
Obren lehen fase honetako bypass-a jartzeko, ostiral honetan itxi beharko da Bergara-Hegoaldea eta Maltzaga arteko AP-1 autobidearen zatia, egun bereko 21:30etatik aurrera, Donostiarako norabidean, eta 22:30etatik aurrera, Gasteizerako norabidean. Bi itxiturak larunbateko 8:00ak arte mantenduko dira, eta alternatiba gisa Bergara eta Eibar arteko GI-627 errepidea gomendatzen da.
Obrek eragin puntualak izan ditzakete, lanegunetan lurraldearen joan-etorri handiko gunea baita. AP-1 autobideak Debagoiena zeharkatzen du; lurraldeko industrialde nagusietako bat da, eta, batez beste, 1.200 ibilgailu biltzen dira bertan egunero, errepide horretatik Arrasatera eta bere ingurura joateko, 07:00etatik 09:00etara, lanegunetan, eta 700 ibilgailu inguru Eibar-Behobiarako norabidean. Berasaluzek jakinarazi duenez, Aldundiak eragin horiek minimizatzeko informazio-neurriak indartuko ditu
2047