Aldundiak liztor beltzaren habiak desaktibatzeko kanpaina jarri du martxan
Aldundiak liztor beltzaren habiak desaktibatzeko kanpaina jarri du martxan
Helburua espezieak sortzen dituen kalteak murriztea da eta honen zabalkundea ekiditeko herritarrei kolaborazioa eskatu zaie
Liztor beltzaren erreginek hibernatzen pasa dute negua eta udaberriarekin batera, neguko ezkutalekutik atera eta kabi berriak egiteari ekiten diete. Hori dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak haien habiak desaktibatzeko kanpaina jarri berri du martxan. Suhiltzaileek, basozainek, Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko kideek eta Landa Garapen Elkarteko, udaletako eta Aldundiko langileek osatzen dute lantaldea. Helburua, liztor beltzak erlezaintzan, nekazaritzan eta ingurumenean sortzen dituen kalteak murriztea da; baita pertsonei egiten dizkien ziztadak ekiditea ere. Horretarako, herritarrei kolaborazioa ere eskatzen zaie; liztor beltzaren habi bat ikusiz gero udalera deitzeko eskaera egin du Aldundiak, protokoloa martxan jarri dadin.
Liztor beltzak buru beltza eta aurpegi laranja ditu; bertako liztorrengandik bereizten duena hankak dira, gorputzaren aldeko zatia beltza eta puntak horiak baititu. Lehen habiak toki babestuetan kokatu ohi dira: teilatu-hegal azpietan, ganbaretako sabaietan, balkoietako sabaian eta pertsianen kaxetan, esaterako. Uztaila amaiera bitarte ikusten dira eta forma esferikoa dute, ia borobila. Oso garrantzitsua da lehen habia hauek detektatzea eta desaktibatzea, liztorrak ugaritzea eta zabaltzea ekiditen baita horrela. Lehen habia suntsitu ezean handiagoak egiten dituzte, eta uda edo udazken parterako habia bakoitzean 3.000 liztor inguru izatera iritsi daitezke. Gainera, lehen habiak kentzea errazagoa izaten da langileentzat, txikiak baitira, eta baliabide gutxiago eskatzen dituztelako: spraydun biozidarekin eta salabardoaren laguntzaz nahikoa izaten da askotan.
Aipagarria da, lehen habia hauek ilunabarrean suntsitu behar direla, egunez liztorrak janari bila baitabiltza. Erregina kanpoan dagoela kenduz gero, honek beste habia bat eraikiko du eta esfortzu guztiak alferrikakoak izango lirateke. "Aldundian liztor beltzaren zabalkundea gelditzeko eta haren eragin kaltegarriak murrizteko lanean gabiltza” azaldu du Arantxa Ariztimuño Mendia eta Natura Ingurumeneko Zuzendariak. “Eragile guztien elkarlanari esker azken urteetako joera beheranzkoa izan da; iaz esaterako, 845 habia indargabetu ziren Gipuzkoan".
Kalteak
Liztor beltzak, ondutako frutak hozkatzen ditu, erleak eta bestelako xomorro ugari erasotzen ditu, bertakoa den liztorrarekin lehiatzen du eta polinizatzaileak diren espezieen jokabidea eraldatzen du. Horrenbestez, ondorioak oso nabarmenak dira erlezaintzan eta nekazaritzan, kalteak sortzeaz gain, ingurumenean eragiten baitute.
2020ko kanpaina apirilaren 22an jarri zen martxan eta momentuz Pasaia, Astigarraga, Zarautz, Lezo, Hernani, Errenteria, Oiartzun, Arrasate eta Soraluzen desaktibatu dira habiak.
3859