Aldundiak omenaldia egingo die Lagun liburu-dendaren sortzaileei
Aldundiak omenaldia egingo die Lagun liburu-dendaren sortzaileei
«Lagunen erosi nuen liburu hura» izeneko ekitaldia martxoaren 22an izango da Victoria Eugenian.
Fernando Bernuesek zuzenduko duen «Lagunen erosi nuen liburu hura» izeneko ekitaldia martxoaren 22an izango da Victoria Eugenia Antzokian. Irekia eta doan izango da eta sarrera interneten eta telefonoaren bidez eskuratu ahal izango da martxoaren 17ra arte.
Berrogeita hamar urte igaro dira 1968an Lagun liburu-denda zabaldu zenetik. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak omendu egin nahi ditu kulturaren eta pentsamendu askatasunaren erreferente izan den liburu-denda honen sortzaileak: Ignacio Latierro eta joan den irailean zendu zen Maria Teresa Castells, alegia. Omenaldian liburu-dendaren historia ekarriko da gogora, eta bere ibilbidea eta kulturari eta pentsamenduari egindako ekarpen erabakigarria eskertuko dira.
Denis Itxasok, Kulturako diputatua, eta Fernando Bernuesek, eszena zuzendaria eta produktorea, omenaldia aurkeztu dute Ignacio Latierraren beraren eta Castellesen alaba Elena Recalderen aurrean.
Omenaldiaren ekitaldi nagusia martxoaren 22an izango da, osteguna, 19.30ean. Lagun liburu-dendaren historia gogora ekartzea eta kulturari, pentsamendu kritikoari eta askatasunari egindako ekarpena eskertzea xede duen ekitaldia Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egingo da, Bernuesen zuzendaritzapean.
1968an ekin zioten Ignacio Latierrok eta María Teresa Castellsek abentura horri, zeinak suposatzen baitzuen, diktadura betean, espazio bat irekitzea, nondik liburuak eta hitzak iritsiko baitziren pertsonengana, hau da, ideia eta iritzi berriak ezagutu, partekatu eta adieraztea irrikatzen zuten pertsonengana, beren herritartasuna bete-betean eta libreki bizi nahi zuten haiengana.
Hasiera hura gogo-pizgarria izan zen benetan, baina urte zailak ere izan ziren, askatasun zantzu oro mehatxutzat hartzen baitzuen erregimen frankistak. Handik urte batzuetara, demokrazian jada, jazarpena jasan zuten berriro, beste mutur ideologikotik oraingoan. ETAren munduak amorru are ankerragoz jazarri zituen, kulturaren eta askatasunaren aztarna ezabatu nahian. Lortzear egon baziren ere, alde batetik zein bestetik Lagun isilarazten saiatu zirenek porrot egin zuten; sortzaileak Lagun zabaltzera animatu zituen espiritu libre eta indartsu hark gainditu egin zituen Konstituzio plazatik atera behar izana eta Maria Teresaren senar Jose Ramon Recaldek sufritutako atentatua, liburu-denda handiago eta are konprometituago batekin. Bai lehenengo kokalekuan, bai bigarrenean, irakurketaren eta ideienganako zaletasuna landu zuten hainbat belaunaldiren arteko topaleku eta bilgune izan da Lagun. Herri jantziago bat nahi zuten, bidezkoagoa, askotariko ideiak eta pentsamendu plurala bildu zitzakeena.
«Uste dut Lagunetik pasa ginen guztiok jakitun garela, orobat, inpaktu handia izan zutela gure bizitza pertsonalean han ezagutu genituen liburuek, eta Ignaciorekin, Maria Teresarekin eta, esaterako, José Ramón Recalderekin izandako berriketa-saioek, zeintzuek bisita bihurtzen baitzuten bizi-esperientzia kultural benetako bat. 50. urteurren honetan, uste dugu Lagunek eta haren sortzaileek aitortza merezi dutela, gizarteari egin zioten ekarpenaren mailako aitortza», esan du Itxasok.
Horretarako, Kultura Departamentuak Fernando Bernués eszenografoari enkargatu dio omenaldiaren edukiak koordinatzea eta eszenaratzea. Talde artistiko baten laguntzarekin lan egin du: Ruth Pérez de Anucita (gidoia), Ikerne Giménez (eszenografia), Iñaki Salvador (musika), Xabier Lozano (argiak), Mikel Fernandez Krutzaga (soinua) eta Nagore Plazaola (produkzioa).
Taula gainean, espazio eszeniko iradokitzaile batek 50 pertsona hartuko ditu: lagunak, bezeroak, ohiko irakurleak... Horiek guztiek, labur-labur, pare bat minutuz bakoitzak, «Lagunen erosi nuen liburu hura» ekarriko dute gogora, kontaketa anizkun baten bidez, memoria pertsonala nahiz kolektiboa eginez. Berrogeita hamar lekukotasun, urte bakoitzeko bat. Parte-hartzaile bakoitzak liburu bat, zeinak esanahi berezia duen berarentzat, eta liburu hori hautatu izana inguratu zuten egoera pertsonal, historiko eta sozialak. Horrela, guztion artean, Lagunen istorio irekia osatuko dugu; istorio zibil, bitalista, bukatugabe eta plurala.
Oraingoz, ekitaldian parte hartuko dutela konfirmatu dute lagun hauek: Alain López de Lacalle, Ángel García Ronda, Aritz Gorrotxategi, Iñigo Urrutia, Edorta Cobreros, Edurne Maya, Fernando Savater, Inazio Mujik, Javier Mina, Juan Pablo Fusi, Karmelo Iribarren. Leticia Escalante, Lola Arrieta, María Olasagasti, Pablo Orlando, Raúl Guerra Garrido, Rubén Sáez, Manolo Prada, Felipe Juaristi, Mikel Recalde, José Mari Segura, Lurdes Auzmendi, Daniela Rosso, Tonina Deias, María Elorza, Gorka Magallon, Raquel Martínez de Ubago, Maite Pagazaurtundua, Antxon Olabe, Iñigo Gurrutxaga, Marta Cárdenas, Blanca Zaragüeta, Isabel Mardones, Fernando Golvano, Daniel Hernando, Maite Lesmes, Iñaki Heras, Tomás Mingot Felip, Raúl Herguedas y Joaquín de Paul.
Ekitaldi publikoa izango da, doan eta irekia. Helbide honetan http://50lagun.eus/ gonbidapena inprimatu ahal izango da. 609 069 619 telefonoan ere eskatu ahal izango da astelehenetik ostiralera 8:30 tatik 13:30etara; Sarrera eskuratzeko azken eguna martxoaren 17a izango da.
1902