Aldundiak prozesu soberanistari babesa eta atxikipena erakutsi dio Katalunian
Aldundiak prozesu soberanistari babesa eta atxikipena erakutsi dio Katalunian
Markel Olano diputatu nagusia Carles Puigdemont lehendakariarekin bildu da gertakizunen nondik norakoak lehen eskutik ezagutzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkaritza bat, Markel Olano diputatu nagusia eta Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua eta foru bozeramailea buru, Katalunian da prozesu soberanistaren berri eragileen ahotik izateko. Atzo, asteartea, Bartzelonako Diputazioko presidentearekin, Mercè Conesa i Pagèsekin, bai eta unibertsitate-irakasleekin eta gizarte zibil antolatuaren ordezkariekin ere bildu ondoren, gaur, asteazkena, Carles Puigdemont Generalitat-eko lehendakariarekin batzartu da diputatu nagusia. Kataluniako agintari gorenak gauzak nola doazen azaldu dio ordubeteko bilera batean. Bertan, diputatu nagusiak prozesurako babesa eta atxikipena erakutsi dio.
"Oso bilera emankorra izan da”, Olanoren esanetan, bertan lehen eskutik entzun ahal izan baitute Generalitatek eskuartean dituen egitasmoen berri. Puigdemonti buruz, azaldu du “konfiantza osoa” daukala Kataluniako gizartearengan. “Herritarrak asko mobilizatu eta aktibatu izanak konfiantza eta lasaitasun handia ematen dizkio”, ondorioztatu du.
Gipuzkoako gizartearen izenean, diputatu nagusiak “babesa eta atxikimendua” adierazi dizkio presidenteari, eta gogoratu dio “Kataluniako herria asko miresten eta maitatzen dutela gipuzkoarrek.
Zentzu honetan, joan den otsailaren 22an Ibarretxe lehendakariak eta Artur Mas presidente ohiak izan zuten ekitaldia gogoratu du: "Erabakitzeko eskubidea. Kataluniako prozesua". Bertan 1.800 lagun elkartu ziren, eta 23.000k streaming-etik jarraitu zuen. Horrek ederki erakusten du Kataluniako prozesuak Gipuzkoan pizten duen interesa. "Gipuzkoako Foru Aldundiak begiratu behar dio bere soziologiak eskatzen dionari", esan du diputatu nagusiak.
Olanok adierazi duenez, Euskadik “asko dauka ikasteko” Kataluniatik. Ez prozesuarengatik bakarrik, baita ere Estatu espainiarra izaten ari den erreakzioarengatik. “Izan ere, bere garaian Kanadak edota Erresuma Batuak Eskoziarekin egin zuten ez bezala, Espainia jarrera antidemokratikoa izaten ari da, herri bati bere erabakitzeko eskubidea aitortzen ez diolako. Gure Herriak ere helburu jakin batzuk ditu eta Estatuaren erreakzioa ezagutzea interesatzen zaigu”, jakinarazi du.
Puigdemont presidentearekin bildu ostean, diputatu nagusiak eta bere taldeak beste bilera bat izan dute Atzerri gaietarako eta Europar batasuneko Generalitateko idazkariarekin, María Badiarekin, nazioarteko eragileekin egiten ari diren lana ezagutzeko. Ondoren, Kataluniako alderdi politikoetako eta komunikabideetako ordezkariekin topaketa egin dute Gipuzkoara bueltatu aurretik.
1552