Aldundiak, udalek eta Aranzadik Tolosaldeko fronteko ahaztutako pasarteak berreskuratu dituzte
Aldundiak, udalek eta Aranzadik Tolosaldeko fronteko ahaztutako pasarteak berreskuratu dituzte
Iragana ezagutzeak ez errepikapena bermatuko duen memoria inklusiboaren eraikuntzarako duen garrantzia nabarmendu du Maribel Vaquero zuzendariak
Gerra Zibilean Tolosaldeko frontean jazotako ahaztutako pasarteak berreskuratu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, tokiko udalerriek eta Aranzadik bultzatutako Saseta defentsa sistema proiektuak. Zehazki, Asteasu, Aduna eta Zizurkilgo mendiguneetan gertatutakoa argitara atera du ekimenak, eta esperientzia Saseta defentsa-sistema: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen liburuan jaso dute. “Garrantzizkoa da gure iragana berreskuratzeko lanekin jarraitzea, ezinbestekoa gaurko eta biharko bizikidetza berme guztiekin eraikitzen jarraitu ahal izan nahi badugu”, nabarmendu du Maribel Vaquero, Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendariak.
Liburuaren aurkezpena gaur egin da Zizurkilgo udal liburutegian, eta bertan izan dira, Vaquerorekin batera, Javi Buces Aranzadiko ordezkaria; Josu Amilibia, Adunako alkatea; Pilar Legarra, Asteasuko Alkatea; eta Jose Mari Luengo, Zizurkilgo alkatea. Proiektuak 1936ko abuztu eta irailean Asteasu, Aduna eta Zizurkil gaineko mendietan, Andatza mendigunearen magaletan, Azpeitiko Komandantziak, Kandido Saseta buru, antolatu zuen defentsa sistema berreskuratzea du jomuga.
Liburuak, gertakari historikoez gain, tokian burututako indusketa arkeologikoetan jartzen du arreta eta Aduna, Asteasu eta Zizurkileko bizilagunei banatuko zaie, doan, aste honetan zehar. Ondoren, udalerri bakoitzean eta Aranzadin salgai jarriko da interesa duen ororentzat, 15 euroren truke.
Vaquerok proiektuan parte hartu duten eragile guztiek egindako lana txalotu du eta, oro har, Gipuzkoa azken hamarkadetan memoria historikoaren arloan ematen ari den pausuak nabarmendu ditu. “Aldundia bidelagun izan da eta izaten jarraituko du esfortzu honetan, gure iraganeko itzal guztiak argiztatu arte”, adierazi du. Bere hitzetan, lurraldeak aurrera pausoak eman behar ditu bizikidetzaren esparruan, iraganean gertatutakoa ezagutu behar du eta jasandako eta sortutako min guztiaren injustizia aitortu. “Bai urrutiko iraganean zein gertukoenean, zeren eta ez errepikatzea bermatzeko memoriak inklusiboa eta kritikoa izan beharko du, eta inoiz ezingo du indarkeria legitimotzat izan. Horrek guztion konpromiso eta inplikazioa eskatzen du”, itxi du foru zuzendariak.
Ahanzturari aurre
Alkateek, bere aldetik, 1936ko udan Oria ibaiaren ezkerraldean “milaka militar kolpista eta paramilitar ultraeskuindarrei” 34 egunez aurre egin zieten gizon-emakumeen balentria aldarrikatu dute. “Ahanzturari galtzaileen ausardia kentzea eta duintasuna berreskuratzea sekulako poza da guretzat”, adierazi dute udal arduradunak. Euren hitzetan, “egia, justizia eta erreparazioa printzipioak geure egin nahi ditugu, gure aitona-amonak oroitu nahi ditugu”.
Azkenik, Aranzadiko historialari eta liburuaren autoreak Javi Bucesek, “memoria historikoa metodologia inpartzial eta zientifikoa erabiliaz ikertzen dihardugula” esan du, eta “gure iraganean gertatutako pasarte ilunenak zintzotasunez argitzen jarraituko dugula” ere azpimarratu du. Honez gain, Aranzadiren izenean erakunde publikoen ezinbesteko babesa txalotu eta betiere memoria historikoan elkarrekin sakontzen jarraituko dutela dio.
1786