Araubide Juridikoko eta Funtzio Publikoko zuzendari berria da Maite Barruetabeña
Araubide Juridikoko eta Funtzio Publikoko zuzendari berria da Maite Barruetabeña
Haren ardurapean egongo da zuzendaritza sortu berria; orain arteko funtzioei Araubide Juridikokoak gehituko dizkie, Luis Eliceguiren lekukoa hartuz
Maite Barruetabeña (Getaria, 1980) da Aldundiko Araubide Juridikoko eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusi berria. Atzoko Gobernu Kontseiluan onartu zen zuzendaritza berria sortzea, orain arte autonomoak ziren Araubide Juridikoko eta Funtzio Publikoko arloak bateratuz. Zuzenbidean lizentziatua, Zuzenbide Zibilean doktorea bikain cum laude-ko notarekin eta Lan Harremanetan diplomatua, UPV-EHU-n eman du Barruetabeñak bere ibilbide profesionalaren zatirik handiena, ikertzaile gisa aurrena eta irakasle gisa ondoren. Hainbat fundazio eta entitateetako kolaboratzaile eta kidea izan da; master, ikastaro eta mintegietan parte hartu du hizlari gisa, eta argitalpen ugariren egilea ere bada.
Legealdia hasi zenetik ona, Funtzio Publikoko zuzendari jardun du. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azpimarratu duenez, “ezinbesteko oinarria” izaten ari da Foru Aldundia bere antolaketa eraldatzeko eta belaunaldi aldaketa gauzatzeko egiten ari den apustu estrategikoaren barruan, lan poltsa eta lan eskaintza publiko berriak diseinatuz eta antolatuz, langileen formakuntza eta konpetentziak modernizatuz, eta ezagutza eskualdaketarako neurriak hartuz, datozen urteetan izango diren jubilazio ugarien ondorioz know how-a gal ez dadin.
Funtzio horiei, Araubide Juridikoaren arloari lotutakoak gehituko dizkie Barruetabeñak. Funtzionamendu eraginkorragoa eta desburokratizatuagoa lortzeko erabaki da Funtzio Publikoko eta Araubide Juridikoko zuzendaritzak elkartzea, bi zerbitzuak estuki daudelako eguneroko lanetan, eta erakunde gehienetan ere horrela daudelako antolatuta. Luis Eliceguiren (Zaldibia, 1952) lekukoa hartuko du Barruetabeñak, aste honetan hartu baitu hark erretiroa.
“Pertsona gazte batek ordezkatuko du, mundo akademikoan ospe handikoa, sobera prestatua, eta kudeaketa publikoan bere gaitasuna erakutsi duena denbora gutxian, zehazki Aldundiaren giza baliabideen kudeaketan, langileekiko eta haien ordezkariekiko interlokutore nagusi gisa. Egiteko horretan zorroztasuna eta gertutasuna uztartzen jakin izan du orain arte”, adierazi du Lasak, gaineratuz aldaketa honek Aldundia gauzatzen ari den “gaztetze” prozesua islatzen duela. Araubide Juridikoko zuzendaritza bere gain hartzen duen lehen emakumea da getariarra.
Eskertza Luis Eliceguiri
Atzo egindako Gobernu Kontseiluan esan zion agur karguari Eliceguik. Idazkari lanak egin zituen bertan azkeneko aldiz, Araubide Juridikoko zuzendaritzari dagozkion eginbeharrei jarraiki. Haren ardurapean izan dira ere honako egitekoak, besteak beste: Gipuzkoako Foru Administrazioaren eta Administrazio Instituzionalaren kontsulta eta lege aholkularitza orokorreko eginkizunak betetzea; Foru Arau aurreproiektuen, Diputatuen Kontseiluaren foru dekretu proiektuen eta bestelako gaien legezkotasunaren barne kontrola egitea; lege txostenak egitea; Foru Aldundia ordezkatzea eta defendatzea edozein organo jurisdikzionalen eta Ebazpen Batzordearen aurrean, edota departamentuei lege aholkularitza eskaintzea.
2007az geroztik izan da Elicegui Araubide Juridikoko zuzendaria, baina 1985an hasi zen Aldundian lanean. Atzoko Kontseiluan, Markel Olano diputatu nagusiak bere “profesionaltasuna, ardura eta prestutasuna” eskertu zituen Aldundiari eskainitako zerbitzuetan. “Lidergoa modurik onenean gauzatzen jakin du, umiltasunez eta seriotasunez, etengabean lan isila eginez, ahotsa goratu gabe, beti laguntzeko, eta bere ezagutza zabala erakundearen zerbitzura jartzeko prest”.
Zuzenbide Zibilean aditua, “autogobernuaren eta euskal singularitatean defenditzaile eta dibulgatzailea”, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko adiskide numerarioa ere bada 2015an geroztik, “Foru erakundeen eskubide historikoak” izenburuko irakaspen hitzaldiarekin. Bergarako UNED Fundazioaren sustapenean egin duen lana ere aski ezaguna da; bertako idazkaria da egun.
2554