Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoak Ekonomia Zirkularrean aurrera egiteko erronkari ekin dio

Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoak Ekonomia Zirkularrean aurrera egiteko erronkari ekin dio

Asensio: "Gipuzkoak Ekonomia Zirkularrean aurrera egiteko irtenbiderik onena da hondakinetan dauden baliabide guztiei probetxu ateratzea"

2017/11/16

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea azaroaren 18tik 26ra bitartean ospatuko da eta bere helburua da erabili eta botatzeko produktuetan oinarritutako egungo ekonomia linealaren eredua eraldatu eta ekonomia zirkular batera jotzea.

 

Ingurumeneko Departamentuak antolatutako ekimen nagusiak dira: birziklapenari buruzko erakusketak, birziklatutako lehengaiekin lan egiten duten enpresen erakustaldia, elikagai-produktuen berrerabilpenari buruzko sukaldaritza iraunkorreko jardunaldia Basque Culinary Center-ean eta moda iraunkorreko desfilea.

 

José Ignacio Asensio, Ingurumeneko Diputatuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako hainbat entitate esanguratsurekin batera Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea ospatzeko prestatu duten programa aurkeztu du. Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea azaroaren 18an hasi eta 26an bukatuko da. Astea Europar Batzordearen ekimena da eta xedea da baliabide iraunkorren inguruan sentsibilizazio ekintzak ezartzea, hondakinen sorrera prebenitzeko eta gutxitzeko helburua duten ekintzei garrantzia emanez.

 

Programak honako ekintza hauek barne hartzen ditu: “Hondakina ala lehengaia?” erakusketa, olioa birziklatzeko kanpaina ibiltaria, Emaús tailerraren erakusketa, sukaldaritza iraunkorreko jardunaldia, “Azken minutua” programan egindako lanarengatik enpresei esker ona adierazteko ekintza, birziklatzearen eta klima aldaketaren App berriaren aurkezpena, moda iraunkorreko desfilea eta BizitzEKO! Ikasleei zuzendutako kanpaina.

 

Gipuzkoaren kasuan, Ingurumeneko Departamentuarentzat Prebentzioaren Astea da bere egintza nagusietako bat, gipuzkoarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzeko helburuarekin. Antolatutako ekintzen ardatza da hondakinen sorrera gutxitzea eta hondakinetan dauden lehengaiei probetxu ateratzea, ekonomia zirkularreko oinarriak betetzeko eta bigarren erabilera emateko.

 Jose Ignacio Asensiok, Departamentuko estrategia zein den azaldu du. Zehazki, ildo nagusia zabortegian oinarritutako hondakinen piramidetik prebentzioan oinarritutako piramidera igarotzea dela esan du. ”Ezinbestekoa da egungo erabili eta botatzeko produktuetan oinarritutako ekonomia linealaren eredua eraldatu eta ekonomia zirkular batera jotzea. Gipuzkoak eredu-aldaketa horri dagokion abantaila sozialak, ekonomikoak eta ingurumen arlokoak baliatu ahal izan ditzan”, adierazi du Asensiok.

 

“Ekonomia zirkularra aipatzen dugunean, hondakinen hierarkiaren maila guztietan jarduteko beharraz ari gara, Gai izan behar dugu aukera berriak baliatzeko, eta hondakina lehengaia izan daitekeela ulertu behar dugu. Ildo horretan, hondakinen produkzioa eta xahuketa saihestu behar dugu, eta gai izan behar dugu arazoa aukera bihurtzeko“, baieztatu Foru Diputatuak.

Asensiok azpimarratu du ezinbestekoa dela barneratuta dugun giza kontzientzia handitzen jarraitzea; hondakinen prebentzioan, berrerabilpenean eta birziklapenean oinarritutako gizartea eraikitzeko. Hau guztia dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak ekimen ugariko programa prestatu du:

 

EKIMENA

DATA

TOKIA

ANTOLATZAILEA

 

Erakusketa:

Hondakina ala lehengaia?

 

 

 

 

 

Azaroak 18tik 22ra

Karpa Okendo Plazan

Ingurumeneko Diputatuaren bisita, azaroak 18an 10:00tan

GFA, Asmatu, Grupo Campezo, Grupo Gisma, Ekolber, EKorec, GHK eta Ekogras

 

Zer egiten da etxean arretaz bereizten dugun zaborrarekin? Zerbaiterako balio al du? Hainbat hondakin lehengai gisa erabiltzen dituzten GK Recycling Gipuzkoako Birziklatze Klusterreko 7 enpresak hondakin horiekin zer material eta produktu fabrikatzen dituzten azalduko dute.

Olioa birziklatzeko kanpaina ibiltaria

Azaroak 18tik abenduak 2ra

 

Tolosa, Orio, Zarautz eta Irun

 

GFA eta Mankomunitateak

 

Sukaldean erabilitako olioaren birziklatzearen inguruan sentsibilizatzeko kanpaina Gipuzkoako mankomunitate guztietan zehar, abenduaren2ra arte.

Emaús tailerraren erakusketa: Hondakinen bukle ekologikoa eta solidarioa

Azaroak 19tik 26ra

Urdaneta kalea, 9

Ingurumeneko Diputatuaren bisita, 19an 10:30tan

GFA eta Emaús

 

 

Sekuentzia kateatuak ia bizitzeko hiru gune argigarri. Kalean uzten badira, hondakinak dira. Berrerabiltzeko prestatzen badira berriz, baliabideak dira.

Sukaldaritza iraunkorra Jardunaldia

Azaroak 21

Basque Culinary Center, 09:00tan

GFA eta Basque Culinary Center

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Basque Culinary Centerrek elkarrekin dihardute, azpiproduktuak berrerabiliz, sormen gastronomikoari buruzko ikerketan oinarritutako proiektu batean. Jardunaldi honen helburu da lan hori iraunkortasuneko hainbat ikuspegitatik erakustea: produktua, jatetxea, industria, hondakina, elikadura eta osasuna.

Aitorpen-ekintza

Azaroak 22

11:00tan, GFAko Tronu Aretoan

GFA

 

Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren “Azken minutua” programan egindako lanagatik enpresa laguntzaileei esker ona adierazteko egintza.

Birziklatzearen eta Klima aldaketaren APP-aren aurkezpena

Azaroak 24

10:30ak, GFA Prentsa aretoa

GFA

Aurki eskuragarri egongo den doako APP berriaren demoaren aurkezpena. Horren bidez, birziklatzea sustatu nahi da lurraldean, eta agerian utzi nahi dira horren ingurumenari dagokionez ekarriko dizkigun onurak.

Moda iraunkorreko desfilea

Azaroak 25

19:00tan Mirarmar Jauregian

GFA, Ekorec, Donostiako Udala eta Donostia Moda

GK Green Fashion moda jasangarriaren Gipuzkoako klusterreko kide diren diseinugileen bildumez osatutako bigarren moda-desfile jasangarria.
Gainera, made in Gipuzkoa zigiluko enpresa-ekimen bat aurkeztuko dugu: Tytti Thusberg diseinugileak eta Ekorec enpresak hondakinekin egindako Gipuzkoako ehun jasangarriak ikusiko ditugu desfilean.

BizitzEKO! Ikasleei zuzendutako kanpainaren aurkezpena

Azaroak 26

11:00tan TOPIC-ean

GFA eta TOPIC

Hondakinen prebentzio, berrerabilera eta birziklatzeari buruzko kanpaina. Bideo baten proiekzioarekin eta txotxongiloak egiteko tailer batekin emango zaio hasiera. Titirijai Nazioarteko Txotxongilo Jaialdira joaten diren ikasleek “Hondakinen erresumak” ezagutuko dituzte.

 

  

1807