Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Amaitu da Plastifisharen kostera: 2.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute

Amaitu da Plastifisharen kostera: 2.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute

2.000 kilo hondakin plastiko jaso dira Gipuzkoako 6 arro nagusietan.

2021/05/20

Ingurumen Departamentua, Ternua enpresa eta MATER ontzi museo ekoaktiboa izan dira proiektu horren bultzatzaileak. Proiektu horren helburu nagusia izan da herritarrak sentsibilizatzea eta inplikatzea ingurune hurbilenaren zaintzan, itsasoko zaborraren mehatxuari aurre egiteko.

46 zabor bilketa, 2.000 kilo hondakin plastiko, 112 tokiko proiektu ikastetxeetan, herritarren 4 ekopatruila eta sentsibilizazio eta kontzientziazio ekintzak; hori izan da plastifisharen kosteraren emaitza.

José Ignacio Asensio: "plastifisharen kosterak arrakasta handia izan du herritarren aldetik, eta helburu komun batekin lankidetzan aritzearen adibide argia da: itsasoko zaborraren mehatxua nabarmentzea eta herritarren inplikazioa bilatzea hurbileko ingurumenaren kontserbazio aktiboan"

Ingurumeneko foru diputatu José Ignacio Asensiok, Ternua enpresako Berrikuntzako zuzendari Edu Uribesalgok, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboaren zuzendari Izaskun Suberbiolak, eta EOCA elkarteko (European Outdoor Conservation Association) Tanya Bascombe eta Catherine Savidgek eman diote amaiera gaur "Plastifisharen Kostera" proiektuari. Gaur goizean Kursaalen egindako aintzatespen ekitaldi batean, proiektuaren bultzatzaileek ekimen honetan aktiboki parte hartu duten ia 40 eragile, elkarte eta eskolen lana eta inplikazioa aitortu eta saritu dute.

Plastifisharen kostera herritarrak sentsibilizatzeko eta prestatzeko ekimen bat da, Ingurumen Departamentuak, Ternua enpresak eta MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak bultzatua. Horren helburua da prestakuntzako, sentsibilizazioko eta hondakinak biltzeko hainbat jarduera egitea, herritarrak itsas zaborren erronkaren aurrean inplika daitezen lortzeko. Plastifisharen kostera, gainera, EOCA elkarteak (European Outdoor Conservation Association) hautatutako proiektua da.

Proiektua Gipuzkoako sei arro nagusietako herrietan garatu da (Bidasoa, Oiartzun, Urumea, Oria, Urola eta Deba), eta ibaietatik iristen den itsas zaborren arazoa azpimarratu da; izan ere, itsas ingurunean dagoen zaborraren % 80 lehorreko jardueretatik dator.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak adierazi duenez, "plastifisharen kosterak arrakasta handia izan du herritarren aldetik, eta helburu bat lortzeko lankidetzan aritzearen adibide argia da: itsasoko zaborraren mehatxua nabarmentzea eta herritarren inplikazioa bilatzea hurbileko ingurumenaren kontserbazio aktiboan". Kontuan izan behar da, foru arduradunaren arabera, "itsasoko plastikoen arazoak itsasoari ez ezik, gure ekosistemei eta pertsonei ere eragiten diela; izan ere, arraina jatean mikroplastikoak ere irensten ditugu, lurrean egiten diren giza jardueren ondorioz".

Horrela, bi mila pertsona baino gehiago inplikatu dira ekimen honetan, itsas eragileen, herritarren eta ikastetxeen artean.  Ikastetxeei dagokienez, azpimarratzekoa da Gipuzkoako 12 ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 900 haurrek parte hartu dutela, eta itsas zaborra bildu, eta arazoari buruzko prestakuntza ekintzak eta prebentzio ariketak egin dituzte.  Horrez gain, aipatu behar da tokiko 110 proiektu eta unitate didaktiko baino gehiago jarri direla abian Bigarren Hezkuntzako 8 ikastetxetan. 

Gauzatu diren ekintza ugarien artean, nabarmentzekoa da 46 zabor bilketa egin direla sei arroetako hainbat eragileekin, eta, horien ondorioz, 2.000 kilo itsas zabor jaso dira. Era berean, sentsibilizazio ekintzak antolatu  dira itsas eragileekin, arazo horren inguruan kontzientziatzeko eta prebentzioan eragiteko. Bestalde, nabarmentzekoa da, halaber, herritarren 4 ekopatruila sortu direla itsas zaborra murrizteko eta arazo hori zabaltzeko lan egiteko. 

Foru diputatuak proiektuaren balioa azpimarratu du, "ezkutuko arazo bat murrizten laguntzeaz gain, balio izan digulako eremu bakoitzaren balio naturala goresteko, itsas zaborren arazoa arintzeko jardunbide egokiak bultzatzeko eta, azkenik, prebentzioan lan egiteko, kontsumo ohiturak aldatuz eta komunitatean elkarlanean arituz".

Ternuako kamisetarako "Plastifish" lehiaketa

Proiektu hori dela eta, "plastifish" lehiaketa bat ere egin da Gipuzkoako ikasleen artean.   Zehazki, ikastetxeentzako proposamena zen ikasleek plastifish bat diseinatzea, garbiketa kanpainetan bildutako plastikoa erabiliz (arrain bat, garbiketan hartu dituzten plastikoekin osatutakoa). Bozketa bidez, plastifish bat aukeratu da aurkeztu diren 170 proposamenen baino gehiagoren artean.   Aukeratutako elementua Ternuak 2022ko udaberri-uda bilduman sartuko du, eta, gainera, Seacycle ehunez egindako (PET plastikoa itsasoko plastikoarekin nahastuta egindako haria) kamiseta batean jarriko dute. Lehiaketaren irabazlea Orereta Ikastolako Naia Aranberri izan da.

  

1885