Amasa-Villabonan gertatutako bortizkeria matxista kasuaren gaitzespen adierazpena
Amasa-Villabonan gertatutako bortizkeria matxista kasuaren gaitzespen adierazpena
Amasa-Villabonako baserri batean emakume batek jasan duen atxikitzea dela eta, erakunde adierazpen honen bitartez Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gaitzespen osoa erakutsi nahi du bortizkeria kasu honen aurrean.
Gaur eman dute gertatutakoaren berri, joan den astelehenean Ertzaintzak gizon bat atxilotu ostean, ustezko bahitzaile izatea leporatuta. Foru erakundeak, baita ere, elkartasuna, babesa eta laguntza eskaini nahi dizkio biolentzia matxista kasu hau pairatu duen emakumeari, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egiten du Amasa-Villabonako Udalak erasoa gaitzesteko argitaratu duen adierazpenarekin eta ohartarazi nahi du halako gertaeren oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun falta dagoela, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak. Gizon eta emakumeen berdintasuna, pertsonen askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak dira, eta eskubide horien aurka egiten duten jarrerak erabat gaitzesgarriak, bidegabeak eta onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean.
Egungo konfinamendu egoeran, foru erakundeak babes osoa adierazi nahi die, are eta ozenago, bortizkeria egoeran aurkitu daitezkeen emakumeei. Inoiz baino beharrezkoagoa da erakundeon eta komunitate osoaren babesa helaraztea bortizkeria matxistaren biktimei.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ohartarazten du biolentzia matxistaren biktimentzako zerbitzu eta egoitza guztiak indarrean daudela eta, halako kasuen aurrean, balizko biktimak zein herritar oro herriko zerbitzu sozialekin harremanetan jarri daitekeela edo 900 840 111 telefonora deitu dezaketela. Baita ere, SOS Deiak zerbitzuaren 112 aplikazioak telefono deirik egin gabe edozein emakumeri laguntza eskaini diezaioke. Hitz egiteko arazoak zein entzumen arazoak dituzten pertsonentzat egokitua dago eta eskaera egiten duen emakumea GPS bidez lokalizatzeko aukera eskaintzen die segurtasun indarrei1635