Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Amerikaren konkistak Gipuzkoaren fisionomian izandako eraginari buruzko hitzaldia

Amerikaren konkistak Gipuzkoaren fisionomian izandako eraginari buruzko hitzaldia

Azpeitiaren kasua Miren de Miguel Lesakaren eskutik asteartean KM-n

2018/04/16

Gipuzkoako Historiaren Pasarte Ezezagunak

Gure historiari buruz ezagutzen ez ditugun pasarteak gizarteratzeko hitzaldi zikloa antolatu du Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkarteak. Aurtengoa Elkarteak Koldo Mitxelena Kulturunearekin urtero antolatzen duen hitzaldi sortaren zortzigarren edizioa da, Gipuzkoako Historiako pasadizu ezezagun edo gutxi ezagunak edota ezagunak direnak eguneratzeko asmoarekin. Azken batean, egun egiten ari diren ikerketa historikoa eta gizarteratzea uztartu nahi dugu.

Bederatzi hitzaldi izango dira guztira Gipuzkoako Historiaren Pasarte Ezezagunak izenburupean jasoko direnak. Urtero bezala hilean behin, astearte batean ospatuko dira, urtarriletik azarora, uztailean eta abuztuan izan ezik. Hitzaldi guztiak Koldo Mitxelena Kulturunean izango dira arratsaldeko 19.30tan.

 

Apirilak 17 (gazteleraz)

Amerikaren konkistak Gipuzkoaren fisionomian izan zuen eragina: Azpeitiaren kasua Miren de Miguel Lesaka

Gipuzkoarrek Amerikaren konkistan izan zuten garrantzia gipuzkoar haien sorterrien fisionomian islatu zen. Ameriketako urreak ospitale, jauregi eta hil-kaperak ekarri zituen, hala nola Soreasuko Sebastian Doneako Bakardadearen kapera, Azpeitian. Peruko kapitain Nicolas Saez de Elolak aginduta eraiki zen, eta Errenazimentu hispaniar eta italiarreko harribitxi bat da, inperio arloko sorkuntzen parekoa.

Miren de Miguel, Artearen Historian doktore da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). 2016ko urrian defendatu zuen bere tesia: “La capilla renacentista de don Nicolás Sáez de Elola, capitán del Perú, en Azpeitia. Las grisallas, un singular programa caballeresco, de virtud y de redención”. Arte Ederretan lizentziatua da EHUtik, eta Lehen Hezkuntzan graduatua (Ingeleseko aipamena) UNIRetik. Hainbat artikulu idatzi izan ditu aldizkari akademikoetan, eta dibulgaziozko komunikabideetan ere argitaratu izan du. Gaur egun Bigarren Hezkuntzako irakaslea da.

 

Maiatzak 23 (euskaraz)

Serorak Aro Berriko Gipuzkoan. Mikel Larrañaga Arregi

Gipuzkoan, Euskal Herriko beste lurraldeetan bezalaxe, seroren instituzioa botere-esparru garrantzitsua izatera heldu zen, seroratzara sartzen ziren emakumeek gehienetan ondasun pertsonalak autonomía osoz baliatu zitzaketelako, gizonezkoen manupetik at. Hala, tenpluetako aktibitate “erlijiosoez” beste, alor pribatuko aktibitate “laiko” anitzek botere ekonomiko eta sozial handia lortzeko bidea ere eman izan zieten: merkataritza-jarduerak, baserrien erreskateak, edo mailegutza aktibitateak ditugu diogunaren zenbait adierazle.

Mikel Larrañaga Filosofian lizentziatua da 2003tik, ordutik lana eta ikerkuntza uztartzen ditu. Humanitateen alorreko bestelako zenbait ikasketaren ondoren, Historian doktore da 2016az geroztik. Gai sorta zabalean interesatua, bere lanek desobedientzia zibila edo euskal historiografiako alor ezberdinak jorratu dituzte. Euskal seroren inguruko bere doktorego-tesia medio, emakumeek erlijio kristauaren baitan bizi izandako bilakaera eta honek Euskal Herrian izandako ibilbide berezia izan ditu ikergai. Iruña-Veleiako aurkikuntzei ere erreparatu izan die.

 

Ekainak 19 (euskaraz)

Euskal Herritarrak Far West-ean: Oñatiko Altube anaiak eta euskal artzainen aroa Estatu Batuetako Mendebaldean.  Iker Saitua Adarraga

1880ko hamarkadatik 1920kora bitartean, euskal etorkin ugarik Ameriketako Estatu Batuetara emigratu zuten herrialde honetako mendebaldean artzain bezala lan egiteko. Prozesu honetan, Oñatiko Altube anaiek Nevadako Estatuan 1870. hamarkadan abere-ustiategi garrantzitsu bat eraiki zuten. Ondoren, beste hainbat euskaldunek bide berbera jarraituz Ameriketara jo zuten, batez ere artzain gisa lan egitera. Gerora, urteen poderioz osatutako migrazio sareek Euskal etorkinen presentzia AEBetako Mendebaldean areagotu egin zuten. Prozesu historiko hau aztertzea da hitzaldi honen helburua.
 
Iker Saitua Historia Garaikidean doktorea da (2016). Estatu Batuetako eta Euskal Herriko historian aditua da Saitua. Bere ikerketa Estatu Batuetako Mendebaldearen historian oinarritzen da, bereziki aspektu sozio-ekonomikoetan. XIX. eta XX. mendeetako Estatu Batuetako euskal inmigrazioa du aztergai. Gai honen inguruko zenbait artikulu argitaratu izan ditu nazioarteko zenbait aldizkarietan.

 

Irailak 18 de septiembre (castellano)

1718ko matxinada (Bizkaia eta Gipuzkoa) eta negoziazioa Gortean (1722-1727). Alberto Angulo Morales

Hitzaldi honetan, funtsezko ideia da entzuleei ikuspegi global bat eskaintzea, 1718an Bizkaiko eta Gipuzkoako lurretan gertatu zen aduanetako matxinada hark zuzenean ekarri zituen arazoei buruz. Kolonietako gaiak iristeak (tabakoa batez ere) arriskuan jarri zuen, neurri handi batean, foraltasun zaharra, eta aduanak kostara eramatea eragin zuen. Ondoren, aduanak penintsularen barnealdera itzultzeko erabakia adostu zen 1722 eta 1727 artean. Handik urtebetera, Gipuzkoak 1728ko irailaren 25eko Errege Zedula eskuratu zuen, eta horrela Caracaseko Erret Konpainia Gipuzkoarra sortu zen.

Alberto Angulo Historian lizentziatua da (1984-1989), masterra du Artxibistikan (1990-1991) eta Historian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatetik (1995). Irakasle atxikia izan zen (1996-2003) eta Historia Modernoko irakasle titularra da 2003tik. Ikerketa lerro nagusiak: Gizarte hiritarra eta auzo antolamendua; merkataritza eta burgesia; muga, aduanak eta kontrabandoa; euskal kolonia emigranteak Aro Modernoan; historia politiko eta kortesanoa; eta gutun eta iturri dokumental pertsonalak.

 

Urriak 23 de octubre (castellano)

Izotz Aro Txikiak Gipuzkoan izan zuen eragin ekonomikoa Aro Modernoan Álvaro Aragón Ruano

Izotz Aro Txikia denboraldi bat izan zen, 1300 urtetik 1850 urtera arte, non klima ohi ez bezala hoztu baitzen. Gipuzkoaren kasuan, datuek erakusten digute fenomeno hori gertatu zela 1560tik 1630era bitartean eta 1690etik 1730era bitartean. Gipuzkoako biztanleak baldintza berrietara moldatu behar izan zuten, eta, zailtasunen aurrean, berrantolatu egin zituzten beren ekoizpen jarduerak, lehiakortasuna eta eraginkortasuna areagotuz.

Alvaro Aragon Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle atxikia da. Historian lizentziatua Deustoko Unibertsitatean (1992) eta Historian doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean (2000). Hitzaldiaren gaiari dagokionez, hainbat lan argitaratu ditu Izotz Aro Txikiak Euskal Herrian izan zuen eraginari buruz, eta baita nekazaritzan, abeltzaintzan, siderurgian edo arrantzan izan zituen ondorioei buruz.

 

Azaroak 20 de noviembre (euskara)

Eusko Jaurlaritzak erbestean izandako europear politika. Leyre Arrieta Alberdi

Hitzaldi honen helburua Jose Antonio Agirrek erbestean (1945-1977) zuzendutako Eusko Jaurlaritzaren europear politika da. Politika hau geroago Agirre Doktrina bezala ezagutua izan den estrategian zegoen oinarritua, Nazio federalez osatutako Europa libre batean Euskadi aske baten alde eginez. Pariseko egoitzatik, abertzale gaztez osaturikobelaunaldi batek Europa inguruko  diskurtso propio bat eratu zuen eta Europan aldeko foroetan partehartze aktiboa izan zuen.

Leyre Arrieta Aro Garaikideko Historian doktorea da, Deustuko Unibertsitateko irakasle titularra. Bere ikerketa gai nagusienak abertzaletasuna, exilioa eta europeismoa dira, komunikabideen historiaz ere jardun da eta azken urteetan identitatea eta sinboliaz aritu da. Bere liburuen artean aipatu behar dira Estación Europa, la política europeísta del PNV en el exilio (1945- 1977) eta Radio Euskadi (Guerra, Resistencia, Exilio, Democracia).

  

1615