Aldundiak eta Udalak Amezketako Larrunarri pilotalekua berrituko dute elkarlanean
Aldundiak eta Udalak Amezketako Larrunarri pilotalekua berrituko dute elkarlanean
Aldundiak 113.134 euro jarriko ditu.
Denis Itxaso Kultura eta Kirol Departamentuko diputatuak eta Iñaki Amundarain Amezketako alkateak hitzarmena sinatu dute Larrunarri pilotalekua berritzeko. Lanen lizitazioaren kostua 314.542 eurokoa da eta Aldundiak 113.134 euro jarriko ditu.
Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordeztu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da laguntza hori; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu lurraldeko kirol azpiegiturak hobetzeko eta, horrela, erantzuna emateko Gipuzkoako gizarteak jarduera fisikoa eta kirola egiteko duen premiari. Eraberean, planak kirola egiteko ohitura berrietara egokitzeko helburua du zerbitzu sorta zabalagoa eskeintzeko, premia eta ohitura sozial berrietara egokitua, erabilera biziagoa eta berdintasunezkoagoa egiteko. Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez.
Itxasok azpimarratu du planak barnean hartzen dituela 55 udalerri eta 567 biztanle, biztanleria gipuzkoarraren %80. Denetara, 53,8 milioiko inbertsioa egingo da eta Aldundiak 10.6 milioiko ekarpena egingo du.
Lanak Udalaren ardurapean egingo dira eta 2018ko abenduaren 31 baino lehen bukatuta egon beharko dute. Ekipamenduen xedea gutxienez hamar urtez mantendu beharko ditu Udalak.
Larrunarri pilotalekua 1988-89an eraiki zen. Harmailak bi solairutan banatzen dira, guztira 344 ikuslerentzako lekuarekin. Sarrera librea eta doakoa da.
Egingo diren lanen artean, azpimarratzekoak dira:
- Irisgarritasuna, segurtasuna eta suteen kontrako babesa; eraikinaren kanpoko itxitura berritzea; harmailak eta barruko zirkulazioak berritzea; igogailua jartzea; suteen kontrako sistema eta seinaleztapena hobetzea; eta argiztapen sistema berritzea.
- Ikuskizunen araudia: Aldagelak, komunak eta botikina berritzea.
- Aireztapen sistema: Aireztapen sistema eta berokuntza sistema.
- Argiztapen sistema: argiteria egokitzea; tximisten kontrako babesa jartzea.
- Eraikinaren saneamendu orokorra.
- Indarrean dagoen araudia betetzea.
Aldundiak urraldeko baliabide energetikoak optimizatzeko garatzen dituen politikei jarraituz, plan honetan sartuta dauden proiektuen xede diren eraikinetako jarduketa guztiek proiektuaren eta bukatutako eraikinaren Efizientzia Energetikoko Ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
“Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”, esan du Itxasok.
Bai Udalak bai Aldundiak balorazio ona eman diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.
1969