Ana Camposek jaso du Altuning Pro Gipuzkoaren X. edizioko saria
Ana Camposek jaso du Altuning Pro Gipuzkoaren X. edizioko saria
Gure lurraldeko unibertsitate ikasleek Gipuzkoaren etorkizuna hobetzeko atzerrian emandako ideiak saritzen ditu ekimenak.
Ana Campos Bayonek Altuning Pro Gipuzkoa ekimenaren saria jaso du gaur, Aldundiko Jargi aretoan egin duten ekitaldian. Saria I.M. de Altuna Fundazioak antolatzen du foru erakundearen eta Kutxa Fundazioaren lankidetzarekin, eta nazioarteko programa arautuetan parte hartzen duten unibertsitate ikasleei zuzentzen zaie. Gipuzkoaren etorkizuna hobetzeari begira ekarpenak egiteko aukera ematen zaie, atzerrian bete dituzten egonaldietan ezagutu dituzten esperientzietan eta ideietan oinarrituta, lurraldearen abiada ekonomikoa berraktibatzeko ikasketa izateko helburuarekin, eta lurraldea ekonomikoki lehiakorra eta sozialki justua den gizarte baten erreferentzia bat bihur dadin.
Ekitaldian izan dira Markel Olano diputatu nagusia, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua, Kepa Bilbao I.M. de Altuna Fundazioko ordezkaria eta Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko ordezkaria. Campos donostiarra da, eta Hezkuntzako graduko ikaslea. Copenhague University Collegen (Danimarka) egindako egonaldian eta «Danish Center for Conflict Resolution» delakoaren esperientzietan inspiratuta, lehen hezkuntzako azken bi urteetako ikasleentzako tailer multzo bat diseinatu du bere lanean, zeinak bideratuak baitaude desadostasunak kudeatzeko elkarrizketako eta bitartekaritzako kultur ohiturak sortu eta indartzera, desadostasun horiek harremanen elementu natural gisa ulertuta, baita errespetuzko eta enpatiazko testuinguru batean ere. Epaimahaiak originaltasuna, izaera berritzailea, proiektuaren lanketa maila eta bideragarritasuna baloratu ditu. Irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du.
Altuning Pro Gipuzkoan parte hartzeko baldintza Gipuzkoan unibertsitateko ikasle izatea da, eta Erasmusen edo nazioarteko beste truke programa arauturen batean parte hartzea. Lehenik eta behin, Gipuzkoa hobetzeko moduari buruzko galdetegi bat erantzun behar izan dute parte hartzaileek. Ondoren, egokitzat jo dituzten proposamen guztiak aurkeztu eta garatu ahal izan dituzte, lurraldearen etorkizuneko erronkei lotuta. Aurten, Gipuzkoan campusa duten unibertsitate guztietako 39 ikaslek hartu dute parte, oso diziplina akademiko desberdinetakoak guztiak ere. Ekarpen guztien artetik, zortzi iritsi dira finalera.
Markel Olanok zorionak eman dizkio aurtengo irabazleari lanagatik, eta bere egin duen ekarpenaren arloak, hezkuntzak, duen “garrantziagatik”. “Lehen mailako desafiotzat” jo du kultura demokratikoa finkatzea Gipuzkoan, “elkarbizitza bermatzeko, iraganeko zauriak ixteko, eta populismoei eta demokraziaren oinarriak erasaten dituzten mugimenduei aurre egiteko”. Ildo horretan, gazteak animatu ditu parte hartzera eta inplikatzera, “lurraldeak dituen erronka sozial eta ekonomikoei aurre egiterakoan, ezinbestekoa baitugu haien berrikuntzarako gaitasuna”.
Ekimenak hamargarren edizioa beteko du aurten. Hamar urte hauetan Gipuzkoako unibertsitate ikasle gazteek Gipuzkoa hobetzeko hainbat ideia eta proiektu aurkeztu dituzte, atzerrian egindako egonaldi akademikoan ikusitakoan, bizitakoan eta ikasitakoan oinarrituta; horietatik 43 saritu dituzte. Sortzea bultzatu zuen espirituari eutsiz, Altuningek ziklo bat itxi du aurten, eta etorkizunean formatu berriak hartuko ditu. Fase honen itxierarekin eta hamarkada bateko ibilbidearekin bat eginez, gaur Gipuzkoaren etorkizunari begiratzeko jardunaldia antolatu da unibertsitateko gazteekin.
Jardunaldiaren hasierako hitzaldia Juan Jose Etxeberria Monteberriak eman du, ibilbide profesional eta sozial handiko ikertzaile eta ekonomialari gipuzkoar ospetsua eta Altuna Fundazioko patroia ere badenak. Ondoren, Altuning ekimenaren barruan egin berri den ikerketa aurkeztu dute, hamar urte hauetan bildutako ideiei buruzkoa, bai eta parte hartu duten gazteen lan eta eztabaida saio bat ere. Jardunaldian ateratako ondorioak Foru Aldundiaren politiken inspirazio iturri izango dira. Olanok eskerrak eman dizkie ekimena sortu zenetik parte hartu duten pertsona guztiei, Altuna Fundazioari eta Kutxari, “haien lankidetzagatik”.
1721