Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak zerga-berrikuspenaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak zerga-berrikuspenaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ogasuneko eta Finantzetako diputatuek berrikuspen fiskalaren egoera aurkeztu dute, neurri nagusiekin batera, gaur beren lurraldeetako Batzar Nagusietan.

2024/11/11
Gipuzkoako Foru Aldundia

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ogasuneko eta Finantzetako diputatu Itziar Gonzalok, Itxaso Berrojalbiz-ek eta Itziar Agirrek agerraldia egin dute beren lurraldeetako Batzar Nagusietan, berrikuspen fiskalaren egoeraren berri emateko. Hiru lurraldeen erronka komunei erantzutera bideratutako proposamen harmonizatua aurkeztu dute. Berrikuspen horren bidez, alde batetik, zerga sistemaren izaera birbanatzailean eta, beraz, sistemaren progresibitatean aurrera egiten jarraitu nahi da, eta, bestetik, Euskadiko ekonomia eta gizarte ehunaren berrikuntzaren eta lehiakortasunaren aldeko apustuari eutsi nahi zaio, erronka berriekin mahai gainean: demografikoa, fiskalitate berdea, genero berdintasuna, errenta txikienak dituzten zergadunen babesa, gazteak, kontziliazioa, etxebizitza, enplegua edo pentsioak.

Dagozkien hitzaldietan, hiru foru arduradunek etorkizuneko arauan marraztuko diren funtsezko alderdiak azaldu dituzte xehetasunez. Hala, zehaztu dute, gizarte kohesioa sustatzen jarraitzeko eta euskal zerga sistemaren progresibotasuna indartzeko, PFEZa aitortzeko betebeharra urteko 19.000 eurora igotzen dela (lanbide arteko gutxieneko soldatatik gora, 2024an 15.876 eurokoa baitzen), eta, horrela, errenta txikienen tributazioa hobetzen dela.

Familia, berdintasuna, kontziliazioa, emakumea eta gazteria

Akordioak benetako berdintasun eraginkorra sustatzen duten ekimen fiskalak jasotzen ditu, kontziliazioa hobetuko dutenak, betiere erantzukizun profesionalen eta familiarren arteko bidezko oreka bermatzeko.

Emakumearen diskriminazio positiboaren aldeko apustua egin da, kenkarien eta murrizpenen portzentaje jakin batzuk handituz, emakumeek enpresa eta ekonomia sarean parte har dezaten sustatzeko. Horren adibide da PFEZean emakume ekintzaileentzako % 15eko (% 10etik % 15era) murrizpena finkatzea.

Era berean, gure gizarteko bizikidetza unitateei ikusgarritasuna eman nahi zaie, eta familia unitatearen konfigurazioan berrikuntzak sartzen dira.

Kenkari pertsonal eta familiar berriak, adibidez, hiru urtetik beherako haurrak zaindu ondoren lanera itzultzeagatiko kenkaria (eszedentzia/lanaldi murriztapena), 1.200 eurokoa emakumeentzat eta 1.500 eurokoa gizonentzat (diskriminazio positiboa).

Kenkariak ere jasotzen dira sozietateen gaineko zergan, bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzeko neurri berriak ezartzen dituzten enpresentzat, legez ezarritakoaren gainetik.

Etxebizitza

Etxebizitzaren arloan, errentamendua bultzatzen da, alokairu eskuragarriaren eskaintza handitzeko pizgarri fiskalak indartuz.

Horretarako, errentatzailearen tratamendu fiskala hobetzen da etxebizitza maizterraren ohiko etxebizitza izatera bideratzen bada, eta ezartzen da handiagoa izango dela alokairuko bitartekaritza publikoa dagoenean edo etxebizitza tentsionatutako eremuetan dagoenean.

Errentarien kasuan, handitu egiten da kolektibo jakin batzuei aplikatu beharreko kenkariaren portzentajea. Gazteen kasuan % 35era igotzen da.

Gazteen emantzipazioa sustatzen da: 1) ohiko etxebizitza eskuratzea errazten da, etxebizitza kontuaren epea 6 urtetik 10 urtera luzatuz; 2) era berean, etxebizitza erosteagatiko 8.500 euroko gehieneko inbertsioa ezabatzen da lehen urtean; 3) handitu egiten dira gazteentzako ohiko etxebizitza alokatzeagatiko eta erosteagatiko kenkariak, eta haien muga igo egiten da 36 urte bete arte; eta 4) gainera, hurrengo 5 ekitaldietan sortutako eta aplikatu gabeko kenkariak aplikatu ahal izango dira.

Era berean, eta zahartutako higiezinen parkea berritzeko helburuarekin, etxebizitza baten jabeak etxebizitza babestua birgaitzeagatiko kenkaria egin ahal izango du (adibidez, irisgarritasun obrak), betiere ohiko etxebizitza alokatzeko erabiltzen bada.

Enpleguko gizarte aurreikuspena bultzatzea (BGAEak)

Pentsio publikoaren osagarritasunean aurrera egiteko, aldundiek enpleguko gizarte aurreikuspen osagarriko lehentasunezko sistemak sustatuko dituzte, eta, horretarako, helburu hori lortzen lagunduko duen zerga esparru berri bat ezarriko dute. Horrela, tratamendu fiskala eguneratzen da, errenta gisako prestazioak kobratzea sustatuz, eta kalitatezko ekarpenak bultzatzen dira, ekarpen handiagoa egiteko pizgarri handiagoak ezarrita.

Fiskalitate berdea: Birgaitze energetikoa, mugikortasun jasangarria eta trantsizio energetikoa

Kenkari berriak ezartzen dira etxebizitzen energia efizientzia hobetzeko obrengatik, bai ohikoa, bai errentan hartutakoa, berokuntzaren eta hozte sistemaren eskaria murrizteko, energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa hobetzeko edo eraikinen energia birgaitzea egiteko.

% 5eko edo % 10eko kenkariak proposatzen dira PFEZean zero emisioko ibilgailu berriak erosteagatik, eta % 15ekoak karga puntuak ezartzeagatik.

Halaber, sozietateen gaineko zergaren kenkariak, garapen jasangarria, ingurumenaren kontserbazioa eta hobekuntza edo ekonomia zirkularra helburu duten proiektuei lotutako inbertsio eta gastuengatik. Energia iturri berriekin lotutako I+Gko kenkariak areagotzea

Era berean, eta trantsizio berdea bultzatzeko helburuarekin, pizgarri horiek tokiko tributazioan sartzen dira, egungoak handituz.

Produkzio sarea babestea: mikroenpresak eta enpresa txikiak/kooperatibak

Mikroenpresen kasuan, oro har erreforma fiskalak finkatu egiten ditu nekazaritza eta abeltzaintza jardueretan eta salgaien garraioan lehendik dauden forfaitak (justifikatzen zailak diren gastuak), eta artisten erregimenerako % 40ko beste bat ezartzen du. Era berean, mikroenpresentzako forfaita % 15ean finkatu da.

Mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan, ezabatu egiten da zerga oinarri negatiboak konpentsatu aurreko zerga oinarri positiboaren % 70eko muga.

Azkenik, berrikuspen fiskal berriak planteatzen duen beste helburuetako bat kooperatibak babestea da. Horrela, etxebizitza eskuratzea errazteko eta babesteko helburu bikoitzarekin, bereziki babestutzat jotzen dira etxebizitzak erabiltzea eta gozatzea xede duten etxebizitza kooperatibak (erabilera lagapeneko erregimeneko etxebizitza kooperatibak).

  

2926