Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Arkeologia bildumaren ale berri bat argitaratu da, Basagaingo Burdin Aroko herrixka gotortuari zuzendutakoa

Arkeologia bildumaren ale berri bat argitaratu da, Basagaingo Burdin Aroko herrixka gotortuari zuzendutakoa

Kultura Departamentuak argitaratzen duen bilduma horren helburua da ezagutzera ematea gure lurraldean egindako ikerketa arkeologikoen emaitzak.

2022/05/26
Basagain

Mari Jose Telleria Kulturako zuzendariak, Xabier Peñalver liburuaren egileetako batek, eta Mertxe Urteaga Kultura Departamentuko teknikari arkeologoak Arkeologia bildumaren azken liburua aurkeztu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak argitaratzen duen bilduma horren helburua da ezagutzera ematea gure lurraldean egindako ikerketa arkeologikoen emaitzak. 2000. urtean hasitako ibilbidean 14 liburuki argitaratu dira, eta ale horietan alor desberdinak aztertu dira, hala nola arte paleolitikoa eta burdinola hidraulikoak.

Azken liburuki horretan biltzen dira Basagainen, Anoetan dagoen Burdin Aroko indigenen herrixka gotortuan, 1994 eta 2021 bitartean egindako arkeologia-lanen 28 kanpainetan lortutako informaziorik garrantzitsuenak.  

Eloisa Uribarri eta Xabier Peñalver liburuaren egileek aztertzen dute Oria bailara kontrolatzen duen muino batean dagoen 2 hektareako herrixka horren hainbat alderdi. Harresia da kokagunea hobeto definitzen duen elementuetako bat, perimetro osoan inguratua zegoelako eta bere defentsa errazten zuelako. Horma barruko eremuan, buztinezko eta zurezko hormak zituzten etxebizitzak aurkitu dira, estalkiari eusteko zutoin-egitura zutenak.

Herrixka horretako biztanleek zerealari lotutako nekazaritza egiten zuten; horrela, artatxikia zen zereal ugariena, eta haren ondoren ezkandia (gari arkaiko mota bat). Abeltzaintzari dagokionez, arrasto ugarienak etxeko belarjaleei dagozkie.

Hala ere, gaur arte Gipuzkoan aurkitu diren garai bereko beste herrixkekin alderatuta (Intxur, Albiztur-Tolosan, Belaku Beizaman, Murumendi Beasain-Itsasondon, Akutu Bidegoain-Errezilen, Buruntza Andoainen, Munoaundi Azkoitia-Azpeitian, Moru Elgoibarren, Santiagomendi Astigarragan, eta Murugain Arrasate-Aramaio-Aretxabaletan), Beasaingo herrixka horrek ezaugarri berezi bat du, hau da, oso lotura estua duela burdinaren ekoizpenerakin.

Gogoeta horretan kontuan hartu da herrixka dagoen mendiaren izaera bera; izan ere, gune horretan, kalitate oso oneko burdin-zainak daude (oligisto bikaina), duela gutxi arte galeria bidez ustiatzen zirenak.  Baliabide mineral horiekin batera, indusketa arkeologikoetan forja-zepen hondar ugari bildu dira, eta, inguruan, burdina landugabea lortzeko lanen ondoriozko zepategi handi bat antzeman da. Horri guztiari esker, ikerlariek ondorioztatu dutenez, «kokagunea aukeratzerakoan, funtsezko faktoreetako bat izan zen inguruan burdina-mineral asko egotea».

Horri dagokionez, Mari Jose Telleria Kulturako zuzendariak nabarmendu du benetan berezia dela aurkeztu den lana. Aipatutako liburukian azaldutako informazioen arabera, Basagaingo biztanleek erabilera eta funtzio desberdinak hartzeko ongi diseinatutako etxebizitzak eraiki zituzten, zerealak landu zituzten eta, horrez gain, askotariko abere azienda ere izan zuten. Ezagutzen eta menderatzen zuten burdina lortzeko teknika eta metal horrekin erremintak egiteko prozesua, eta deigarriena egiten zaiguna: distantzia oso luzeko merkataritza trukeak mantentzen zituzten, ehunka kilometrora zeuden lekuetatik zetozen luxuzko objektuak eskuratuz. 

Baina Basagainek beste azterketa-ildo berezi batzuk ere baditu, besteak beste beirazko bildumak. Oso pieza sofistikatuak berreskuratu dira, hala nola mota ezberdinetako besokoak eta baita ere lepokoen aleak, Europako beste kokagune garaikide batzuetan ere ezagutzen direnak.  Pieza horiek merkataritza trukeetatik datozela uste da, baina posible da ere herrian bertan ale sinpleagoak ekoiztu izana, beira urtuaren hondar batzuek erakusten duten bezala. 

Eta horixe bera gertatzen da erretikulekin eta beste forma geometriko batzuekin grabatutako estelekin (orain arte 6 aurkitu dira). Oraindik ez dakigu zein zen funtzioa, baina badirudi garai horretako ohitura orokorra zela penintsulako iparraldeko herrixketan.

Datei dagokienez, karbono-14 datazioak kontuan hartuta, herrixkaren hasierako fasea aroaren aurreko IV. mendean ezarri zen, eta okupatuta egongo zen erromatarren kolonizazioaren ondorenera arte, zeina, Gipuzkoan, Augusto enperadorearen garaian kokatzen baita, duela 2.000 urte. Berreskuratutako materialen artean brontzezko paparreko orratz edo fibula bat dago, baskoien zonan eredu arrunta zena, eta Iturissa izenarekin ezagutzen dena, Nafarroako aztarnategi horretan lehen aldiz aurkitu zelako.

  

2560