Aro berria Gipuzkoako hondakinen kudeaketan
Aro berria Gipuzkoako hondakinen kudeaketan
Gipuzkoako hondakinen kudeaketari behin betiko irtenbidea martxan
Lurraldeko hondakinen kudeaketari behin betiko irtenbidea emateko, azpiegitura guztiak abian daude jada. Zabortegien aroa gaindituta gelditzen da horrela, eta aro berri bati hasiera ematen zaio hondakinen kudeaketan, ekonomia zirkularrean eta klima-aldaketaren aurkako borrokan.
Markel Olano: “Gipuzkoa modernizatzen amaitzen dugu, hondakinen kudeaketa bezalako esparru giltzarri batean, eta beste garai bat irekitzen dugu, birziklapena eta ekonomia zirkularra bultzatzeko urrats sendoak ematen jarraitzeko”.
José Ignacio Asensio: “GIG-1 abian jartzeak aukera ematen dio Gipuzkoari ingurumen-kudeaketa aurreratua egiteko, Europako helburuekin bat datorrena. Zabortegietan eta kanpoko mendekotasunean oinarritutako sistema zaharkitua behin betiko atzean utziko dugu”
Markel Olano diputatu nagusiak eta José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidenteak Gipuzkoako Ingurumen Gunea bisitatu dute, Ingurumen Gunearen lehen fasearen operazioaren abian jartzearen ondoren. Lurraldeko hondakinak tratatzeko azpiegitura guztiek bete-betean funtzionatzen dute. Une honetatik aurrera, Ekondakini zerbitzua ordaintzen hasiko zaio.
Markel Olanok “historikotzat” jo du gaurko eguna; izan ere, Gipuzkoako Ingurumen Gunearen operazioaren hasieraren bidez amaitutzat ematen da, “Gipuzkoaren modernizatzea, ingurumenaren aldetik funtsezkoa den gizarte- eta ingurumen-esparruan, hau da, hondakinen kudeaketan”. “Instalazio hau Europako puntakoenetakoa da maila teknologikoan, eta gizarte gisa sortzen ditugun hondakinak kudeatzeko berezko gaitasuna eskaintzen digu. Gainera, bere jarduera kontrol publikoaren pean egongo dela bermatuta”, adierazi du Olanok.
“Instalazio hauek beharrezko oinarria dira birziklapena eta ekonomia zirkularra bultzatzeko urrats sendoak ematen jarraitzeko. Aro berri bati ekin diogu, ingurumenaren ikuspegitik jauzi egiteko eta ekonomia zirkularraren eta energia-eraldaketaren kontzeptupean gure gizartearen berreskuratze berdea bultzatzeko”, adierazi du diputatu nagusiak.
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidenteak azpimarratu duenez, Gipuzkoako Ingurumen Guneak zabortegien aroa behin betiko gainditzea eta ekonomia zirkularrean oinarritutako Gipuzkoa baten hasiera dakar: “Hondakinak ez dira berriro zabortegietan lurperatuko, Ingurumen Gunean lehengai bihurtuko ditugu eta energia berriztagarria sortuko dugu”. Ingurumeneko diputatuak adierazi du, halaber, garrantzitsua dela Gipuzkoarentzat bere hondakinak modu seguru, moderno eta iraunkorrean kudeatzeko azpiegiturak izatea. Ildo horretatik, adierazi du Gunea aurrerapauso garrantzitsua dela Gipuzkoan garapen jasangarria eta berreskuratze berdea bultzatzeko.
GHK-ko presidenteak ere azpimarratu du “Ingurumen Gunea Gipuzkoako energia-iturri berriztagarri nagusia da. CO2 isuriak gutxituko dira, erregai fosilen kontsumoa gutxituko delako”. Halaber, adierazi du “GIG-1 abian jartzeak aukera ematen diola Gipuzkoari ingurumen-kudeaketa aurreratua egiteko, Europako helburuekin bat datorrena. Zabortegietan eta kanpoko mendekotasunean oinarritutako sistema zaharkitua behin betiko utziko dugu”
Tratamendu Mekaniko eta Biologikoko Instalazioak (TMB) 162.000 tonako edukiera du guztira, eta batez beste, urtean Gipuzkoak sortzen dituen 135.000 tona errefusa tratatuko ditu. Gainera, TMB-an, errefusara nahastuta datozen material birziklagarrien (paper-kartoia, plastikozko ontziak, burdinazko metalak eta burdinazkoak ez diren metalak) %8 eta %10 bitartean berreskuratuko da. Gaur egun, gure birziklatze-tasa (2020ko lehen seihilekoa) %54,94koa da, eta, Ingurumen Guneko azpiegiturei esker, %63tik gorakoa izango da, Europak 2030erako ezarritako helburuak betetzeko bidean.
Material birziklagarriak berreskuratu ondoren, hondakinak biolehortze-instalazio batera pasatzen dira. Instalazio horrek pisua eta bolumena murrizten ditu, eta horrek balorizazioaren energia-ekoizpena eraginkorragoa izatea ahalbidetzen du. Energia Balorizatzeko Instalazioak (PVE) urtean 160.000 MWh sortuko ditu, 45.000 etxebizitza eta 130.000 pertsona inguru energia elektrikoz hornitzeko adina energia.
Orain arte, Gipuzkoako Ingurumen Guneko lehen faseko bi azpiegiturek (tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioa eta balorizazio energetikoko instalazioa) 100.000 tona hondakin baino gehiago tratatu dituzte, eta 4 milioi kWh energia inguru sortu dira. Horietatik %84 sare elektrikora isuri da, errefusa bakarrik erabiliz.
José Ignacio Asensio Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidenteak erabili diren ingurumen-teknologien maila altua azpimarratu du. GIG-1, Europako araudiak ezarritako emisio-parametroen oso azpitik dago. Era berean, azpimarratu du oso teknologia eraginkorra eta errendimendu handikoa aplikatu dela, 94.000 tona CO2 isurtzea ekidingo duena.
Hasierako inbertsioa, Ekondakin enpresaren kontura, 217 milioi eurokoa izan zen eraikitzeko eta abian jartzeko. Gainera, GIG-1 abian jartzeak eragin handia du enpleguaren arloan: zuzeneko 80 lanpostu eta zeharkako 100.
2105