Donostia, Euskal Arkitektura Garaikidearen Zentroa
Donostia, Euskal Arkitektura Garaikidearen Zentroa
Santa Teresa Komentuan izango du egoitza Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutuak,
Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitekturako Biurtekoaren egokitza iraunkor gisa eratuko da Donostian, 2017ko azaroan hasiko den lehen edizioaren ondoren.
Santa Teresa Komentuan izango du egoitza Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutuak, hori adostu baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza Sailak sinatutako hitzarmenean.
Arkitekturaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Euskal Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuordeak, Pedro Javier Jaureguik, eta Foru Aldundiko Kulturako diputatuak, Denis Itxasok, aditzera eman dute Euskadiko Arkitektura Garaikidearen Institutua MUGAK Donostiako Nazioarteko Arkitekturako Biurtekoaren egokitza iraunkor gisa eratuko dela Donostian, 2017ko azaroan hasiko den edizioaren ondoren.
Arkitekturaren Institutuaren eraketa Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzarekin, bultzatu duen ekimena da, arkitektura sustatzeko, hedatzeko eta zabaltzeko xedearekin. Izan ere, tresna erabilgarritzat jotzen da arkitekturaren sozializaziorako, betiere erabilera publikoko ondare komun gisa eta herritarrek kulturaz gozatzeko kreazio-diziplina gisa ulertuta.
Itxasok azpimarratu duenez, Donostiak eta Gipuzkoak baliabide egokiak dituzte arkitektura garaikidea zabaltzeko esparruan apustu garrantzitsu bat garatzeko; izan ere, haien tradizio kulturalari begira, arkitekturak leku garrantzitsua dauka beraien ondarean eta, halaber, historiaren eta nortasunaren ispilu aparta da.<0} “Mugak biurtekoari eta Institutuari esker, Gipuzkoa erreferente bihurtuko da gure hiriak berritzera eta biztanleen bizi kalitatea hobetzera bideratutako hiri berrikuntzako proposamen esparruan, eta, halaber, Gipuzkoa eta Donostiaren kokapena finkatu egingo da Euskadiko kultura erreferente nagusi gisa arkitektura eta hirigintza esparruan".
Pedro Jaureguik, bestalde, Gipuzkoako herritarrek eta erakundeek erakutsi duten konpromisoa azpimarratu du, bai proiektu honen inguruan eta baita Arkitekturako Biurtekoaren inguruan ere; aldi berean, adierazi du Arkitektura Institutua Euskadiko arkitekturari eta ondareari buruzko interpretazio zentro bihurtuko dela "batez ere, arkitektura garaikidearen esparruan, baina ahaztu gabe Euskadik arkitektura arloan duen historia, tradizio eta kultura aberatsa, eta ezta ere mundura eta egungo kultura korronte eta eztabaidetara zabaltzeko beharra”.
Arkitekturaren inguruko topagune bat izango da eta, bertan, hainbat jarduera gauzatuko dira etengabe: behin-behineko erakusketak eta erakusketa iraunkorrak egingo dira, jendeari orokorrean zuzendutakoak; arkitekturari buruzko artxiboak eta dokumentu funtsak gordeko dira; jardunaldiak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta topaketak egingo dira hainbat gai aztertzeko, betiere jendeari orokorrean zuzenduta; eta, azkenik, arkitektoen bizileku ere izango da. Halaber, institutu hori MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitekturako Biurtekoaren egokitza izango da, eta bertan prestatu eta kudeatuko da ekimen hori; lehen edizioa Gipuzkoako hiriburuan egingo da 2017an.
Arkitektura Institutua Donostiako Santa Teresa Komentuan kokatuko da, goiko solairuetan (eraikinaren 1, 2 eta 3. solairuak), eta 1386 m2 erabilgarri izango ditu gutxienez. Komentu hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa da. Gainera, kontseilu aretoa eta sukalondo bat lagatzen dira erabilera partekatua izan dezaten. Gela hauek izango ditu: erakusketa areto bat bilduma orokorrerako, aretoak behin-behineko erakusketetarako, hitzaldi eta erabilera anitzeko aretoa, artxiboa, bulegoak eta bilera gelak, eta baita ere arkitektoentzako gelak; halaber, kanpoko espazioak eta terrazak izango ditu iraupen gutxiko instalazioak jartzeko.
Itxasok esan du Santa Teresak baldintza paregabeak dituela arkitektura ikertzera eta zabaltzera bideratutako zentro bat hartzeko. “Lehen mailako ekipamendu bat da, balio historiko handikoa, eta esparru autonomikoko proiektuak gauzatzeko erabil ahal izango da” esan du.
Bi erakundeek kudeatuko dute Arkitektura Institutua modu irekian, kultura elkarteen eta gizarte zibileko entitateen partaidetzarekin.
Arkitektura Institutua 2018. urte hasieran jarriko da abian, 2018ko urtarrilean, Mugak Biurtekoaren lehen edizioa amaitu ondoren.
Programazioa
2017 eta 2018an jarriko da martxan institutua, pixkanaka joango da okupatzen eta aldi baterako nahiz betiko erakusketak zehazten joango dira
2017ko urriaren 5ean, Peña Ganchegui Saria emango da; azaroan, 2017ko MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitekturako Biurtekoaren esparruan, GALDU GENUEN HIRIA (Donostia) erakusketa antolatuko da, 2018ko urtarrilaren 31ra arte ikusgai egongo dena; Euskal Herriko arkitekturari buruzko erakusketa iraunkorra antolatuko da, etxebizitzaren arkitekturari buruzko atal espezifiko bat barne; aldi baterako erakusketak, hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak eta bisitaldiak antolatuko dira; eta Institutua pixkanaka martxan jarriko da, entitate parte-hartzaileak finkatuko dira eta zerbitzuak jarriko dira.
2649