Arroa Behean biribilgunea eraikiko du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Arroa Behean biribilgunea eraikiko du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Otsailean hasiko dira lanak eta hiru hilabeteko iraupena izango dute; uda sasoirako biribilgunea amaituta egongo da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilgunea eraikiko du N-634 errepide nazionala (kostako errepidea) eta GI-631 errepidea elkartzen diren bidegurutzean. Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek Zestoan aurkeztu du proiektua. “Aldundia bide segurtasuna hobetzeko egiten ari den jarduketen artean dago bidegurutze honetan biribilgune bat egiteko proiektua. Kostako errepidea eta Urola Erdirantz doan errepidea gurutzatzen diren gune honetan trafiko handia egoten da eta biribilgunearen bitartez trafiko emariak ez gurutzatzea lortzen da eta, aldi berean, trafikoa noranzko guztietan mantsotzea”, azaldu du Oiarbidek. “Datorren asteko diputatuen kontseiluan onartuko da obra honen proiektua eta ondoren lizitazioari hasiera emango zaio. Dena onbidean, otsailean lanak hasiko dira eta uda sasoirako biribilgunea amaituta egongo da”, gehitu du Bide Azpiegituretako diputatuak.
Aldatu nahi den bidegurutzea Gipuzkoako Zestoa herriko Arroa Bekoa auzoan dago; gaur egun dagoen bidegurutzea T motakoa da, eta intersekzio mota honetan, ezkerretarako birak hartzerako orduan, ibilgailu trafikoak gurutzatu egiten dira. GI-631 eta N-634ko Zumaiarako adarretan 5.000 ibilgailuko IMDa daukagu eta aldiz Deba alderakoan 2000 ibilgailu inguru. “Udan, hondartza sasoia hasten denean, trafikoa nabarmen handitzen da. Azkoitia, Azpeitia, Zestoa… orokorrean Urola Erdiko biztanle gehienen hondartzarako bidea da hau eta ibilgailuak gehitzearekin batera arrisku momentuen igoera ere nabarmentzekoa da”, gehitu du Oiarbidek.
“Legealdi hasieratik Zestuako alkatearen eskaera arrazoitua izan genuen eta proiektua egiterakoan tramitazioa luze joan da hibaiaren hurbiltasunagatik URA agentziak jarritako baldintzak bete behar izan direlako eta behar diren lurren kudeaketagatik. Zorionez hilabete gutxi barru errealitate bat izango da”, adierazi du Bide Azpiegituretako diputatuak. Diseinatu den biribilguneak hiru adar ditu, 50 m-ko kanpo diametroa dauka, 16 m-ko diametroko barne erradioa eta lau metroko bi lerrok osatuko dute eraztuna. Adar horietako bakoitzak bi sarrera-lerro eta irteera-lerro bakarra ditu. Irlatxo deflektoreakproiektatu dira, autoak biribilgunean sartu baina lehenago abiadura moteldu dezaten eta baita haien ibilbidea biribilgunearen trazatura era egokian zuzentzeko.
Eraginkortasun energetikoa Aldundiaren apustuetako bat dela gogoratu du Aintzane Oiarbide diputatuak eta biribilgunea argiztatzeko bederatzi metroko altura duten LED motako 12 farola berri proiektatu direla azaldu du.
Biribilgunea egin ahal izateko, Zestoako udalak 1500 m2-ko lursaila utzi du aldundiaren esku. Lanen jardunaren aurrekontua 607 mila eurokoa da eta 3 hilabeteko epea dauka.
1815