Asier Hilario da Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko presidente berria
Asier Hilario da Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko presidente berria
IUGS erakundeak izendatu du Hilario, Geoparkeko zuzendari zientifikoa ere badena.
International Union of Geological Sciences (IUGS) erakundeak Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordeko presidente izendatu du Asier Hilario (Tolosa, 1977), Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa. Munduko 121 herrialdek osatzen dute IUGS, milioi bat zientzialari-afiliatu baino gehiago ditu eta munduko elkarte zientifiko handienetarikoa da. Hori dela-eta, harrera egin diote gaur Foru Aldundian Hilariori Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak eta Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak. Geoparkeak 10 urte betetzen dituen honetan, “nazioarteko komunitate zientifikoak bertan egindako lanaren aitortza” dela azpimarratu du Lasak, Hilarioren lana goraipatuz: “Ondare geologikoaren kudeaketaren esparruan eta geoturismoan eredu gisa finkatzen du albiste honek Geoparkea mundu mailan”.
4 urtetarako hartu du Hilariok kargua. Haren esanetan, IUGSk “apustu sendoa” egin du batzorde berri hau sortuz “ondare geologikoaren arloan erreferente bilakatu dadin, jakin badakielako lan arlo honek gero eta jarraitzaile gehiago eta oihartzun zabalagoa duela. Nazioarteko lan talde zabala izango dut nire eskura erronka erakargarri eta garrantzitsu hau aurrera ateratzeko”. Dagoeneko hasia da plan estrategikoa garatzen, bi erronka nagusirekin: ondare geologikoa, geoturismoa eta geokontserbazioa mundu mailan bultzatu eta kudeatzeko nazioarteko adostasunak lortzea, batetik. Eta UNESCO Global Geoparks eta UNESCO World Heritage programekin, eta IUCN (International Union for Conservation of Nature) elkartearekin elkarlana bultzatzea, bestetik.
“Erronka pertsonal eta profesional itzela” dela adierazi, eta “Aldundiaren babesa” eskertu du Hilariok. “Ilusio handiz hartzen dut ardura berri hau. Izendapen hau azken 10 urteetan guztion artean egindako lanaren errekonozimendua da, eta zalantzarik gabe hurrengo urteetan Gipuzkoako altxor hau munduan erakusteko eta nazioarteko harremanak sendotzeko aukera aparta izango da ere. Izendapen honen bitartez gure flysch-a eta gure lanaren emaitzak mundu guztian ikusi ahal izango dira Geoparkea Europatik kanpo ere ezagutzera emateko. Bilera zientifiko eta kongresuak antolatu ahal izango ditugu eta bisita esanguratsuak izango ditugu gurean. Gipuzkoar guztiona den proiektu honek sendotasuna, proiekzioa eta goi mailako berme zientifikoa irabazten ditu”.
2009. urtean izendatu zuten Deba-Zumaia Biotopo, eta 2010. urtean, berriz, Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea sortu zen. Harrez gero, bi proiektuen koordinazio zientifikoa bultzatzen dihardu Hilariok. Munduko Geoparkeen sareko zuzendaritzako kide eta UNESCO-ko geoparke programaren ebaluatzaile nagusi ere bada tolosarra, eta Espainiako geoparkeen koodinatzaile lanak egin ditu azken 4 urteetan, horrez gain.
Zumaiako Flysch-a lehen mailako nazioarteko mugarria izan da azken 50 urteetan. Mundu guztiko ikerlari eta unibertsitateak bertaratu dira bere ikerketak egitera. Ondorioz, ehunka argitalpen, liburu eta doktoradutza argitaratu dira. Gutxi dira munduan horrelako ezagutza maila daukaten lekuak. 2000-2010 hamarkadan, garrantzi horren lekuko, IUGS eta UNESCO bezalako erakundeek ‘Global Stratotypes’ (urrezko iltzeak) eta ‘Global Geosite’ programak bultzatu zituzten. Geoparkearen nazioarteko profila nabarmen indartu egin da azken urteetan. Horren adibide, azken urteetan 150 hitzaldi baino gehiago eman ditu munduan zehar Hilariok, eta dozenaka eragile etorri dira proiektua ezagutzera. Nazioarteko aldizkariek ere sarritan erakutsi dituzte Geoparkearen lanaren emaitzak.
“Lankidetzaren ondoriotzat” jo du Lasak Geoparkea “Gipuzkoaren nazioarteko ikur” bihurtu izana, “Aldundiak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak eta Zumaiako, Debako eta Mutrikuko udalek ere, zein Gipuzkoako komunitate zientifikoak jokatutako papera” aipatuz. “UNESCOren balioak diren zientzia, hezkuntza eta kultura uztartuz, eta NBEren garapen jasangarrirako helburuak landuz, turismo arduratsua eta tokiko garapena bateratzen dituen proiektu moderno, aurrerakoi eta jasangarria finkatzea lortu dugu denon artean”.
Gaineratu duenez, “azken 10 urteetan geoturismoan eta geokontserbazioan egindako lanari esker, gure Geoparkea erreferente bat bilakatu da han eta hemen. Erakutsi dugu gure ingurua zainduz eta ezagutza zabalduz, kontserbazioa, turismo jasangarria eta lurralde garapena uztartu daitezkeela. Naturari lotutako turismoa gora doa eta Gipuzkoak potentzial handia du bere burua ondo kokatzeko eta kalitatezko ereduan aurrerapausoak emateko. Gaur egun Geoparkeak 150.000 bisitari baino gehiago ditu, onura ekonomiko nabarmena dauka lurraldearentzako eta eredu bezala jartzen da nazioartean”.
3103