Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Astelehenean burutuko ditu Diputatu Nagusiak Foru Gobernu berriaren izendapenak

Astelehenean burutuko ditu Diputatu Nagusiak Foru Gobernu berriaren izendapenak

Egun horretan hartuko dute diputatu berriek kargua, eta departamentuen egitura eta jardun esparruak onartuko dira

2019/06/29

Astelehen honetan ekingo dio Foru Aldundiak, eragin guztiekin, 2019-2023 legealdi berriari. Atzo egin zen Batzar Nagusietan inbestidurarako osoko bilkura, eta Markel Olano aukeratu zuten Gipuzkoako Diputatu Nagusi. Haren izendapena gaur formalizatu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Segidan, Olanok onartu egingo ditu indarrean dagoen agintaldiari amaiera, eta legealdi berriari hasiera emango dioten hiru dekretuak, hurrenez-hurren: gaur egungo foru diputatuen kargugabetzea gauzatzen duena; Aldundiaren departamentuak, eta horiei dagozkien jardun esparruak eta eginkizunak finkatzen dituena; eta datozen lau urteetan diputatu izango direnen izendapena. Astelehen honetan, uztailaren 1ean, sartuko dira indarrean horiek guztiak.

Egun berean, Foru Gobernu berria eratzeko batzarra egingo da. Ekitaldi publiko eta ofizialean, kargua irudikatzen duen lepoko bereizgarria jasoko dute diputatuek. Ondoren, legealdiko lehen Diputatuen Kontseilua egingo da, eta Gobernu berriak ondorio guztiekin ekingo dio bere funtzionamenduari, EAJ-PNVk eta PSE-EEk asteazkenean sinatutako akordio programatikoa garatzeko helburuarekin. Aldundiaren oinarrizko egitura dekretua onartzea izango da Kontseilu horren erabaki nagusietako bat; bertan jasotzen da departamentuen osaketa, eta bakoitzari atxikitako zuzendaritzak eta organuak.  

Izendapenei dagokienez, Imanol Lasa (Zarautz, 1973) izango da Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua. Gipuzkoako ekonomia ehunaren lehiakortasuna indartzea izango du xede nagusi departamentuak, enpleguaren kalitatea sustatzea, eta jarduera ekonomiko berriak sortzen laguntzea bezalako lehentasunekin. Garai bateko egitura berreskuratuz, Turismoko zuzendaritza departamentuaren mende egongo da. Lehen Diputatu Nagusiordea izango da Lasa, bestalde.

Denis Itxaso (Donostia, 1975) izango da bigarren Diputatu Nagusiordea, eta Kultura, Kooperazio, Gazteria eta Kirol departamentua kudeatzen jarraituko du, kultura, talentu artistikoa eta sormen industriak bultzatzea helburu nagusi duela. Halaber, Gazteriari lotutako zuzendaritza espezifikoa sortuko da, bere egitekoen artean, gure lurraldearen biztanlego piramideak duen zahartzeko joera irauliko duten politika publikoak garatzea izango duena.

Eider Mendoza (Azpeitia, 1974), aurreko legealdian Batzar Nagusietako presidente izandakoa, Foru Gobernu berrian sartuko da, Gobernantza departamentua bere gain hartuz. Erakundearen eraldaketa prozesua gauzatzen jarraitzea izango du xede: bai plantillan egin beharreko belaunaldi aldaketa, eta baita gaur egungo munduak eta gizarteak dituzten eskakizunei erantzuteko beharrezkoak diren zerbitzuei eta gobernantza ereduan sakontzea ere. Gobernu berriaren bozeramailea izango da, horrez gain. 

Ainhoa Aizpuru (Gabiria, 1970), berriz, Proiektu Estrategikoetako diputatua izango da datozen lau urteetan. Adinberri, Ziur, Mubil edo 2deo erreferentziazko zentroak batuko ditu departamentu berriak. Azken legealdian jarri ziren martxan, Gipuzkoaren erronka nagusiei –zahartzea, zibersegurtasuna, euskarazko ikusentzunezkoak, mugikortasun elektrikoa…- elkarlanean, esperimentazioan eta espezializazio adimentsuan oinarrituta aurre egiteko. Zentro aurreratuen garapena bultzatu eta koordinatuko du Aizpuruk, horien ahal eta aukera guztiak zukutu ahal izateko, Elkar-EKIN inklusio sozio-laboralerako estrategiarekin batera.

Rafi Romero (Badajoz, 1972) izango da hurrengo Foru Gobernuaren beste aurpegi berrietako bat, Marisol Garmendiaren lekukoa hartuta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan. Garraio publikoko sistema osoa hobetzea izango du lehentasun arlo horrek, jasangarritasuna eta intermodalidadea ardatz gisa hartuta. Aurreikusitako jarduera garrantzitsuenen artean, hauexek: Loiolako Erriberetako Aldageltokia martxan jartzea, Mugi sistema eta horri lotutako deskontuak garatzen jarraitzea, edo bizikleta bideen sarea hedatzea. 

Ogasuneko eta Finantzetako departamentuko arduradun nagusia izaten jarraituko du Jabier Larrañaga-k (Azpeitia, 1972). Zerga sistema gero eta justuagoa, progresiboagoa eta berdintasunezkoagoa finkatzen jarraitzeko apustua egingo du, non pertsona guztiek haien gaitasun ekonomikoaren araberako ekarpena egingo duten. Zerga iruzurra eta ihesari aurre egiteko baliabideak, erakunde arteko elkarlana eta araudia hobetzea, eta zerga politika ekonomia sustatzeko eta aberastasuna sortzeko tresna gisa kudeatzea izango du helburu ere.

Aintzane Oiarbide-k (Errenteria, 1964), berriz, Bide Azpiegituretako departamentuaren kudeaketa hartuko du bere gain hastera doan legealdian ere. Deskargako Autobidearekin gaitasun handiko errepideen sarea edo Gipuzkoako Biribilgunea amaitu ondoren, departamentuak hainbat jarduera burutuko ditu sarea hobetzen jarraitzeko, Donostia edo Andoaingo sarbide berriarekin, esaterako; eta sarearen modernizazio adimentsua eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, enpresen lehiakortasunean, eta lurralde orekan lagunduz.

Gizarte Politikako departamentuan Maite Peña-k (San Sebastián, 1975) errepikatuko du buru gisa. Gizarte arretarako eta babeserako sistemaren eraginkortasuna eta jasangarritasuna bermatzea izango da haren lehentasuna, gizartearekiko, eta Gipuzkoako hirugarren sektorearekiko osatzen duten entitateekin elkarlana estutuz. Egiteko nagusietako bat izango da gizartearen zahartzeari aurre egitea, egoitza berriak martxan jarriz, beste batzuk zabalduz, eta etxeko arreta sistema integrala indartuz, ekimen komunitarioa eta behar berriei aurre egiteko berrikuntza bultzatzeaz bat.  

Jose Ignacio Asensio-k (Tolosa, 1966), azkenik, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren gidaritza hartuko du. Gipuzkoatik, klima aldaketaren arazo globalari erantzuna ematea izango du helburu, Naturklima erreferentziazko zentroa garatuz, eta neurriak hartuz honako arloetan: trantsizio ekologiko justua erraztea, energia eta ur kontsumoak murriztea, hondakinen kudeaketa eredugarria -2030. Urterako % 70ko birziklapen tasara iritsi-, eta energia berriztagarriak, ekonomia zirkularra eta mugikortasun ohitura berriak bultzatzea.  

  

1582