Ate irekien jardunaldi berri batekin agurtuko du Aldundiak 2018. urtea
Ate irekien jardunaldi berri batekin agurtuko du Aldundiak 2018. urtea
2.400 lagunek baino gehiagok parte hartu dute jada erakundea herritarrei gerturatzen jarraitzea helburu duen ekimen honetan, foru jauregia eta bertan dagoen ondarea ezagutaraziz
Etzi, larunbata, ate irekien jardunaldi berri bat egingo du Aldundiak. Bisita gidatua egin ahal izango dute hala nahi dutenek, foru jauregia eta bertako areto azpimarragarrienak ezagutuz. Hango objektu, margolan eta elementu nagusien bitartez, ibilbidea egin ahal izango dute historian eta arkitekturan barrena. Era berean, Aldundiaren, Batzar Nagusien, horien eskumenen eta antolaketa administratiboaren inguruko azalpenak jaso ahal izango dituzte.
Doan dira bisitak, ordubete eta hamabost minutu inguruko iraupena edukiko dute, eta bi txandatan egingo dira, goiz eta arratsaldez, ordutegi hauekin: 10:00ak (euskara), 11:30ak (gaztelera), 13:00ak (bi hizkuntzatan), 16:00ak (gaztelera) eta 17:30ak (bi hizkuntzatan). Kanpoko aldean hasiko dira, eta ondoren ohorezko solairuan jarraituko dute, han baitaude obra nabarmen gehienak. Amaieran, dibulgazio eskuorria banatuko zaie parte-hartzaileei. Herritarrentzako harrera gunean ere eskura daiteke eskuorria. Bisitan zehar, Aldundiaren jatorriaren, eskumenen eta jardueraren berri ematen duen bideoa ikusi ahal izango da.
30 laguneko taldeetan antolatuko dira bisitak, gehienez. Gipuzkoa@gipuzkoa.eus helbidera idatziz, 943-112111 telefonora deituz, edo foru jauregiko harreran bertan eman daiteke izena. Aldundiak antolatzen duen bosgarren ate irekien jardunaldi berezia izango da, 2016. urtean ekimen hau martxan jarri zenetik. Asmoa dago hitzordua errepikatzeko urtean zehar, data esanguratsuekin bat eginik –Gabonak, Aste Santua…-
Jardunaldi berezi horretaz harago, aurrerantzean ere izango da Aldundia barrutik ezagutzeko beste hainbat aukera nahi duenarentzat. Izan ere, Aldundiak bisita gidatuen zerbitzua eskaini ohi du, norbanakoei, zein kolektibo ezberdinei zuzendua: Bigarren Hezkuntzako ikasleak, Zientzia Politikoak eta Soziologia, Zuzenbidea, Komunikazioa, Artea, Turismoa edota Arkitektura ikasleak, erretiratuak, eta bestelako elkarteak (ikusi ordutegiak). Kasu guztietan, aurretik hitzordua eskatuz egin daiteke erreserba, astebeteko gutxieneko epearekin, aipatutako helbide eta telefonoan.
Gainera, modulu didaktikoa prestatu da ikasleentzat, bisita dibertigarriagoa eginez, eta ikasgelan gaia irakaslearekin batera lantzeko aukera emanez. 2017-2018 ikasturtean jarri ziren martxan eta LH 5. eta 6. eta DBH 1 eta 2ko ikasleei zuzenduta daude. Kasu hauetan, eduki batzuk lantzen dituzte eskolan bai bisita egin aurretik eta baita egin ondoren ere. Bisitan, berriz kuaderno bat ematen zaie eta jokuen bidez foru jauregian dagoen ondarea zein ikurrak asmatzen joaten dira. Bisita mota horrek arrakasta handia izan du ikastola eta institutuen artean, eta oso ondo baloratzen dute irakasleek esperientzia. Guztira, 2019. urtera bitarte, bi ikasturtetan 521 ume parte hartu izango dute
“Aldundia gipuzkoar guztion etxea da eta dei egin nahi diegu bertaratzeko”, nabarmendu du Diputatuak. Harrera “bikaina” eduki dute bisita gidatuek herritarren artean, orain arte, 2.405 lagunek hartu baitute parte –horietatik 165ek ate irekien azken jardunaldian-. Bisitak amaitzerakoan, asebetetze inkesta egiten zaie parte-hartzaileei, eta bertan jasotako iritziak ere oso positiboak izan dira. Formatuan eta antolaketan hobekuntzak egiteko kontuan hartu dira ekarpen hauek.
Foru jauregian zehar, ibilbidea egin daiteke Gipuzkoaren, eta lurraldeko pertsona esanguratsuen historian barrena. Hauek dira kontuan hartzeko moduko elementuetako batzuk: Gaztelako Alfontso VIII.a irudikatzen duen beiratea, 1.200. urtean foruen zina eginez; Alejandro Iruretaren kupula; Gipuzkoako paisaia eta ohiturak irudikatzen dituen horma-dekorazioa; Julio Urquijoren erretratua (Erwal) eta liburutegia, non Aldundiak argitaratutako obra guztiak gordetzen diren; Elkanok munduari egindako itzuliaren omenez egindako tapiza, eta getariarrari Zuloagak egindako margolana; Albizuren Lekuona eta Barandiaran margolanak; Uztapide eta Basarri bertsolarienak; Orixek egindako eskuizkribu zaharrak; edota Leizaola Lehendakariaren eskultura.
Aldundia martxan jartzen ari den gardentasun politika orokorraren barruan kokatu du jardunaldia Imanol Lasak. “Bisitak begi-bistako interesa dauka historia, arte edo arkitektura ondarearen ikuspegitik, bai eraikinak eta baita bertan dauden elementuek balio handia baitute. Sorpresa ugari gordetzen dituen altxorra da foru jauregia. Baina hortik abiatuta, deialdi honen xede nagusia erakundea, bere jarduera eta bere ibilbidea herritarrei eta bisitatzen gaituztenei gerturatzea da. Ate eta leihoak irekitzeko ariketa hori fisikoki egin nahi dugu, politikoki irekitasunaren alde egiten ari garen apustua irudikatuz. Paradoxikoki, Aldundiak bost mende baino gehiagoko historia duen arren, eta garrantzi handiko eskuduntzak eduki arren, ezagutza falta handia dago oraindik bere inguruan. Badago oraindik ere egina. Etorkizuna denon artean eraiki nahi baldin badugu, erakundearen funtzioak eta jarduera gizarteratzen jarraitu behar dugu”, azaldu du.
Hala, gogorarazi duenez, bisitan ezagutuko diren espazio asko, hala nola tronu aretoa edo kontseilu aretoa, “Gipuzkoaren antolaketa instituzionalaren eta historia politikoaren lekuko dira, gure autogobernuarena, gure ibilbidea markatu duten gertaera eta pertsonena. Gipuzkoarrontzat berebiziko garrantzia eduki duten erabakiak eta neurriak onartu dira bertan, eta jarraitzen dira onartzen: aurrekontuak, ekonomia, eta enplegua sustatzeko egitasmoak, ongizate eta zerga politikak, eta etorkizuna eraikitzeko proiektuak, besteak beste”.
1418