Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Ate irekien jardunaldia antolatuko da, Suhiltzaileen Eguna dela-eta

Ate irekien jardunaldia antolatuko da, Suhiltzaileen Eguna dela-eta

Bisita gidatuak eskainiko dira, herritarrek bertatik bertara ezagutu ahal ditzaten eskualdeetako parkeak

2016/03/06

Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuak, martxoaren 8an Suhiltzaileen Eguna dela-eta, ate irekien jardunaldia antolatuko du hurrengo asteburuan estreinakoz. Helburuak hauexek dira: Gipuzkoako Lurralde osoan zehar hedatutako zerbitzua ezagutaraztea -ezaugarriak, baliabideak, suhiltzaileen etxeak, egitura eta funtzionamendua-; herritarrek suhiltzaileen eguneroko lana ezagutzea, eta  suteak itzaltzeaz gain, beste hainbat eginkizun dituztela ezagutzera ematea -salbamendua, erreskateak, gai arriskutsuei lotutako esku hartzeak, asistentzia teknikoak etab.

Horretarako, bisita gidatuak izango dira. Bertan, aurkezpen orokor baten ondoren, parkeetako instalazioak, ibilgailu desberdinak, eta suhiltzaileek erabiltzen dituzten janzkerak eta baliabideak lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dute bisitariek.

Bisitak Gipuzkoako Foru Zerbitzuko parke hauetan egin ahal izango dira:

Bidasoa (Irunen): martxoaren 12 eta 13an

Kosta (Zarautzen): martxoaren 12 eta 13an

Goierri (Ordizian): martxoaren 12 eta 13an

Korosti (Legazpin): martxoaren 13an

Arrate (Eibarren): martxoaren 13an

Urola (Azpeitian): martxoaren 12an

Larunbat edo/eta igande goizean bi txanda izango dira: 10:00etan eta 12:00etan, eta ordu eta erdi inguruko  iraupena izango du bisitak.

Txandak antolatu ahal izateko, interesatuek aldez aurretik suhiltzaileak@gipuzkoa.eus helbide elektronikoan izena eman beharko dute, bertan zein parkeetan eta zein txandatan parte hartu nahi duten adieraziz. Helbide horren bitartez erantzuna emango zaie egindako bisita eskaera konfirmatuz edo, beteta egonez gero, beste txandaren bat proposatuz.

Eman beharreko datuak hauexek dira: joango diren partaide guztien izen-abizenak, kontakturako telefonoa eta jatorria (herria).

  

2432