'Nire erara bizitzeko erronka' da Atzegiren kanpainaren lema berria
'Nire erara bizitzeko erronka' da Atzegiren kanpainaren lema berria
Aurtengo kanpainak desgaitasun intelektuala duten pertsonek nola bizi nahi duten erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du.
Desgaitasun intelektuala duten pertsonek modu independentean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzea da Atzegiren aurtengo sentsibilizazio kanpainaren helburua. Maite Peñak, Gizarte Politiketako diputatuak, Ander Aizpuruak, Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiak, Josean Idoetak, Atzegiko presidenteak, eta Patricia Ayok, kanpainaren koordinatzaileak, sentsibilizazio kanpainaren helburua eta datorren hilabeterako aurreikusita dauden ekintzak azaldu dituzte. Gainera, aurtengo kartelen protagonistetako bi ere hurbildu dira prentsaurrekora, Jon Garcia eta Maider Agirre, eta euren bizimodua azalduko dute.
“Nire erara bizitzeko erronka” lelopean, Atzegik, gizartearen zati handi batentzat oraindik ezezaguna den alderdi bat ikusarazi nahi du; adimen desgaitasuna duten pertsonek modu independentean bizitzeko duten gaitasuna eta eskubidea. Josean Idoeta Atzegiko presidenteak azaldu duen bezala, “egia da, adimen desgaitasuna duten pertsona guztiek ez dutela modu independentean bizitzeko adina autonomia, baina horietako askok bai, eta gainontzekoen antzeko bizi-proiektua izan dezakete, betiere beharrezko laguntza jasotzen badute”.
Horrez gain, Atzegik profilen eta bizi-aukeren aniztasuna islatu nahi izan du, eta, horregatik aurten, ohi bezala bi kartelen ordez, bizitzeko lau modu desberdin islatzea erabaki du lau kartel eta bideoren bidez; bideoak hurrengo asteetan zehar emitituko dira Atzegiko sare sozialen bidez. “Gaur bertan zabaldu den lehen bideoan, Jon bere egunerokoan ikus dezakegu, plater bat prestatzen eta sukaldaritzaz gozatzen. Hurrengo asteetan, Maider, Nagore eta bere pisukideak ezagutuko ditugu, edo Edurne eta Mario, elkarrekin zazpi urte daraman bikotea” azaldu du Idoetak. Guztiek, gainerakoek bezala, eguneroko erronka txikiei egin behar diete aurre, hala nola sukaldaritzari, errutinari, fakturei edo bizikidetzari.
Egun, bideoetako protagonista guztiek Atzegiren laguntza jasotzen dute, neurri handiagoan edo txikiagoan, haien beharren arabera. “Batzuek babes emozional handiagoa behar dute, beste batzuek nolabaiteko gainbegiratzea; erosketekin antolatzeko, sukaldean edo etxeko ekonomian. Horrela, Atzegitik jarraipen indibidualizatua egiten dugu eta pertsona bakoitzaren beharretara egokitzen gara” azaldu du Idoetak.
Bestalde, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, bat egin du Atzegiren kanpainarekin, desgaitasuna duten pertsonek modu independentean bizitzeko duten eskubidearen alde. Halaber, bere esker ona adierazi dio Atzegiri, adimen desgaitasuna duten pertsonentzako euskarria baita Gipuzkoan: “Ondo baino hobeto ezagutzen dituzte haien egoerak, beharrak eta eskaerak, eta lan itzela egiten dute sentsibilizazioan eta arreta eta zaintza modu berrien garapenean”. Horren erakusle da erakundeak urtero antolatzen duen kanpaina, aurtengoan, bizimodu desberdinak eta pertsona bakoitzak nola bizi nahi duen erabakitzeko duen eskubidea ikusaraztea helburu duena.
Diputatuak ondorioztatu du “Gipuzkoako ereduan sakontzea dela formularik eraginkorrena komunitate gero eta kohesionatuagoa bihurtzeko helburuan aurrera egiteko. Hau da, lurraldeak bere osotasunean desberdintasunen aurka egiten duen apustua indartuz eta, aldi berean, hirugarren sektore sozialarekin lankidetzan arituz, kolektibo ahulenei laguntzeko aktibo nagusi gisa”.
Ander Aizpuruak adierazi duenez, “Atzegi gainditzearen adibide argia da, eta kanpainaren leloak dioen bezala, adimen desgaitasuna duten pertsonek modu independentean bizitzeko eskubidea eta gaitasuna dute, eta gizarteari erakutsi nahi zaio hori posible dela, betiere, beharrezko babesa badute”. Era berean, adierazi du urteko kanpainekin, 60 urte horietan zehar Atzegirekin kolaboratu duten pertsona guztien ekarpenarekin batera, lortu ezinak ziruditen jomugak eta mugarriak lortu direla.
Patricia Ayo kanpainaren koordinatzaileak gizartearen ezjakintasuna azpimarratu nahi izan du. “Pertsona asko oraindik harritu egiten dira adimen desgaitasuna duten pertsona batzuk bikotean, lagunekin edo bakarrik bizi direla jakiten dutenean, eta garrantzitsua da auzotarrek, auzoko jendeak eta, oro har, gizarteak ulertzea haiek ere nola bizi nahi duten erabakitzeko eskubidea dutela”. Ildo horretan, Ayok inguruko laguntza naturalen garrantzia azpimarratu du. Gainera, kanpainaren koordinatzaileak azaldu duenez, erronka hitzaren aldeko apustua egin dute, “talde honentzat, gainerako biztanleentzat bezala, independizatzea erronka handia da eta zailtasun handiak dituzte pisua bilatzerako orduan, pisukideekin, antolatzeko orduan, etab., baina Atzegitik bidea erraztu nahi diegu, geroz eta pertsona gehiagok euren ametsa egi bihur dezaten”.
Ayok azaldu duenez, urrian “Bizitza Independenterako Prestakuntza Tailerrak” jarriko dituzte abian, etorkizunean modu independentean bizitzeko nahia edo kezka duten desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat, “prestakuntza honen helburua da biharko egunean erronkei aurre egiteko prestatuago egotea”.
Azkenik, Atzegik Gipuzkoako eskualde guztietan aurkeztuko den kanpainarako aurreikusitako ekintzen berri eman du. Atzegiko familiak arduratuko dira, urtero bezala, Gipuzkoa osoan 5.000 kartel jartzeaz, Donostialdeko markesinetan ere ikusi ahal izango direnak. Gainera, lehen aipatu bezala, sare sozialetarako ikus-entzunezko lau pieza ere prestatu dira.
Kanpainaren ekitaldi nagusia bihar izango da, urriaren 18an, 18:30ean, Donostiako Antzoki Zaharrean. Bertan, kanpainaren nondik norakoak kontatzeaz gain, atzera begiratuko dute 2022an egin duten guztia errepasatzeko. Ekitaldira joateko interesa duten pertsonek atzegizale@atzegi.eus helbidera idatzi edo 943 42 39 42 telefonora deitu dezakete gonbidapenak eskatzeko.
4184