ATZEGIK BOLUNTARIOTZA EGITERA ANIMATU NAHI DITU 55 URTETIK GORAKO PERTSONAK
ATZEGIK BOLUNTARIOTZA EGITERA ANIMATU NAHI DITU 55 URTETIK GORAKO PERTSONAK
• Kanpainaren helburua boluntariotza modalitateren batean aktiboki parte hartzeko deialdia egitea da. • Atzegik azpimarratu du boluntariotza egiteko ez dela inolako prestakuntzarik behar, denbora librea eta partekatzeko gogoa izatea besterik ez.
Donostia, 2024ko urriaren 23a. Gipuzkoako pertsona guztiak, batez ere 55 urtetik gorakoak, boluntariotza egitera eta Atzegirekin lankidetzan aritzera gonbidatzea da gaur goizean Donostian aurkeztu den "Orain duzu aukera" sentsibilizazio-kanpainaren helburua. Prentsaurrekoan, Maite Peña, Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak, Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko zuzendariak, Josean Idoeta, Atzegiko presidenteak eta Ainhoa Fiz, Elkartegintza eta Familia Laguntza Zerbitzuko teknikaria eta kanpainaren koordinatzaileak parte hartu dute.
Boluntarioen lana ezinbestekoa da Atzegitik eskaintzen diren aisialdiko jarduera asko aurrera eramateko, baita gizartean parte hartzeko aukera gehiago eskaintzeko ere. Josean Idoeta Atzegiko presidenteak azaldu duenez, urtean zehar 350 lagun inguruk laguntzen dute Atzegin. "Historikoki, Atzegin boluntariotza egin duten pertsonak gazteak eta ikasleak izan dira nagusiki" dio Idoetak. Hala ere, azken urteetan beste adin-tarte bateko pertsonak ere batu dira, oso lan garrantzitsua egiten ari direnak: "50 urtetik gorako pertsona horien balorazioa oso positiboa izaten ari da eta konpromiso handia erakusten ari dira", dio Idoetak. Hori guztia dela eta, Atzegik helburua belaunaldi horretan jartzea erabaki du. Izan ere, belaunaldi horrek, oro har, denbora libre gehiago du, "dela egunerokotasunak horretarako aukera ematen dielako, dela seme-alabak jada nagusiak dituztelako edo dela duela gutxi erretiroa hartu dutelako".
Maite Peñak, Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak nabarmendu duenez, Atzegik 60 urte baino gehiago daramatza desgaitasun intelektuala duten pertsonen alde lanean, familien ahaleginari eta ehunka boluntarioren lanari esker: "guztiek helburu bera partekatzen dute: pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzea, eta gizartean parte-hartze aktiboa sustatzea". Amaitzeko, "lagundu eta gizarteari zerbait itzuli nahi diotenei dei egiten diet: Atzegik aldea markatzeko benetako aukera eskaintzen du, eta boluntariotza da horretarako modurik onena. Ahalegin bakoitzak balio handia du ".
Ander Aizpuruak adierazi duenez,“Atzegi gainditzeko adibide argia da, proiektu baten inguruan boluntarioak bateratzeko moduaren adibide. Horri esker, adimen-desgaitasuna duten pertsonak modu independentean bizitzeko eskubideaz eta gaitasunaz goza dezakete eta bide horretan gizarteari erakutsi diote beharrezko laguntzak jasotzen dituztenean dena dela posible”. Era berean, Aizpuruak azpimarratu du, “urteroko kanpainei esker eta urte hauetan guztietan Atzegirekin lankidetzan aritu diren pertsonen ekarpenei esker, lortu dira iritsezinak ziruditen jomugak eta mugarriak”.
Jarduera sorta zabala
Boluntarioen laguntza beharra duten jarduerak adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzera zuzenduta daude, batez ere aisialdian, komunitatean harremanak eta parte-hartzea errazteko. Ainhoa Fiz kanpainaren koordinatzaileak azaldu duenez, jarduerak askotarikoak dira: "taldeka edo banaka egin daitezke; dagoeneko antolatuta dauden jardueretan parte har dezakete, hala nola mendi irteeretan, futbolean edo txangoetan, baina bestelako planak ere izan daitezke; kafe bat hartzeko elkartzea, erosketak egitera joatea edo paseo bat ematea". Gainera, adimen-desgaitasuna duten pertsonek adin bereko pertsonekin aisialdia partekatzeko aukera izatea ere bultzatu nahi da, zaletasunak eta kezkak partekatzeko aukera izan dezaten.
"Atzegin boluntariotza gazteen kontua dela uste dutenen aurreiritziarekin hautsi nahi dugu eta motxila esperientziaz beteta eta ekarpen handia egin dezaketen pertsona horiengana iritsi". Fizen hitzetan, kanpaina honen bitartez beldurrak gainditzen lagundu nahi dugu. Hala, interesa duten pertsona guztiak gertuen duten Atzegiko bulegora gerturatzera edo 943 42 39 42 telefonora deitzera animatzen dituzte. Fizek azaldu duenez, kanpainak dioen bezala, "irrikitan gaude pertsona horiek guztiak ezagutzeko eta haien profilera gehien egokitu daitekeen jarduera eskaintzeko".
Kanpaina Antzoki Zaharrean egingo den ekitaldi batekin amaituko da
Gipuzkoako eskualde guztietan aurkeztuko den kanpainarako aurreikusitako ekintzen artean, Atzegiko familiek 4.000 kartel jarriko dituzte boluntariotza egiteko modu ezberdinak erakusteko. Aurten, halaber, informazio-liburuxka bat eta bideo bat diseinatu diutzte, boluntario batzuen egunerokotasuna islatzeko.
Kanpainaren amaierako ekitaldia azaroaren 5ean izango da, 18:30ean, Donostiako Antzoki Zaharrean. Bertan, kanpaina aurkezteaz gain, atzera begiratuko dute azken urtean bizitako guztia errepasatzeko. Bertara joan nahi dutenek atzegi@atzegi.eus helbidera idatz dezakete edo 943 42 39 42 telefonora deitu gonbidapenak eskatzeko.
4438