Aldundiak Aukeran dantza-konpainiari omenaldia eskaini dio
Aldundiak Aukeran dantza-konpainiari omenaldia eskaini dio
“Beharrezkoa da tradizioei bizitza berria ematea, haiek bizirik irauteko Aukeran-ek egin duen bezalaxe”.
Gipuzkoako Aldundiak omenaldi-ekitaldia eskainio dio Aukeran taldeari bere hogei urte hauetan izandako ibilbide bikainarengatik.
Ekitaldian Denis Itxaso Kulturako Diputatuak azpimarratu du Aukeran konpainiak 20 urte daramatzala euskal nortasunaren eta kulturaren elementu jatorrenetako bat lantzen: dantza, alegia. “20 urte daramatza, tradiziotik abiatuta, esanahi berriak bilatzen eta berritzen, harremanetan jartzeko dantza gizartearekin eta egungo joera sozial eta kulturalekin”.
Zeregin horren barruan, Edu Muruamendiaraz konpainiako zuzendariak eta kide guztiek gogo handiz egin dute lan eszenografia, jantzi eta koreografia berriak ikertzen eta prestatzen. Egia da ahalegin hori ez dela beti ondo ulertua izan, baina egia da ere, Aukeran konpainiari esker, euskal dantza agertoki handietan ikusi ahal izan dela eta gero eta jende gehiagok jarraitzen duela
Kulturako Diputatuak esan du Sutargi ikuskizunari esker, euskal dantza gure antzoki eta auditoriumen zirkuituan sartu zen eta eskaintza kultural gisa finkatu zen. Lehen urrats horren ondoren beste obra batzuekin jarraitu zuen konpainiak: Bideak, Gernika, Burnia, Geltokian eta, gaur egun, Maurizia. Ikuskizun horien guztien baliabide eszeniko, musikal eta koreografikoek nabarmenki aberastu dute euskal dantza, argi baitago Aukeran konpainiak azken 20 urteetan eskainitako ikuspegi berritzaile hori ezinbestekoa izan dela aberastasun prozesu horretan.
Itxasok eskertu egin die euskal dantza mundu osoko agertokietara eraman duelako eta agertoki horiek partekatu dituelako hainbat artista ospetsurekin, besteak beste Igor Yebra, Lucía Lacarra eta Jone Santamariarekin. “Horiek argudio indartsuak dira egiaztatzeko euskal dantza eta bere tradizioa inoiz baino biziago daudela Aukeran konpainiak egindako lanari esker. Segur aski, arrakasta horren oinarrian dago konpainiak ondo ulertu duela tradizioari sor zaion maitasuna hura benetan garatzeko egiten den lanean erakusten dela, eta ez duela zerikusirik haren kontserbazio immobilistarekin, kasu askotan jarrera horrek eragiten baitu tradizioa alde batera uztea. Euskal dantza eta kultura maitatzen dugunok gure kultura bizi nahi dugu gaur egungo errealitate eta egoeratik abiatuta. Eta horretarako, ezinbestekoa da euskarak ezin hobeki zehazten duen lan bat gauzatzea, hau da, biziberritze lana. Beharrezkoa da tradizioei bizitza berria ematea, haiek bizirik irauteko”.
Ekitaldian Dantzaguneko gestore den Fernando Sáenz de Ugartek ere hartu du parte. “Ausardia eta lanarekin, dantzaren sektoreak egin duen pareko ibilbidea egin du Aukeran-ek, zailtasunez betetako bidean, enbata eta olatuen artean, identitate bat eta estilo propioari fideltasunez, ikusleen esker on eta errekonozimendua irabazi ditu. Dantzaren errealitatea 20 urteotan hazi, ugaritu eta konplexuago bihurtu den modu berean, Aukeranek bere bidea egiten asmatu du, koreografia berri bezala abiatu zena, ibilbide luzeko errealitate errotua izanik gaur egun”, esan du,
Azkenik, Edu Murumendiarazek omenaldia eskertu du. “Fusioak beti dira interesgarriak eta bideak, zuzenak ala ez, baina beti saiatu gara berritzen”.
1887