Udaran zabor gutxiago sortu da Gipuzkoako hondartzetan, zehazki %28 gutxiago 2017aren aldean
Udaran zabor gutxiago sortu da Gipuzkoako hondartzetan, zehazki %28 gutxiago 2017aren aldean
Asensio: “Ezinbestekoa da gure hondartzen kudeaketa jasangarria egitea itsasoetako hondakinen eta plastikoen arazoari aurre egiteko"
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak jakitera eman du 2018ko hondartzen denboraldiko balantzea. Ingurumeneko Departamentuak egindako ekimenak zeintzuk izan diren zehaztu du eta ezagutzera eman ditu Gipuzkoako hondartzetan hondakinen sorrerari buruzko datuak, Lurraldeko hondartza bakoitzaren erabiltzaileen zenbatekoa, gauzatutako salbatze-lan kopurua, jazoerak eta aurtengo udaran egindako sentsibilizazio kanpainaren emaitzak eta eraginari buruzko datuak.
2018ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean 696.591 kilo hondakin bildu dira Gipuzkoako hondartzetan, aurreko urtean baino %18 gutxiago. Orio eta Getariako herrietako hondartzek handitu dute bakarrik hondakinen sorrera. Udako denboraldian berriz, (ekainaren 1etik irailaren 15era artean), murrizketa hare handiagoa izan da. 303.716 kilo hondakin jaso da, 2017. urtean baino %28 gutxiago; izan ere, 422.012 tona bildu ziren lehengo urtean. Zumaia eta Getariako herriak nabarmentzen dira, zeintzuk hondakinen sorrera %54 eta %44 gutxitzea lortu duten.
Foru arduradunak nabarmendu du erregistratutako datuek gipuzkoarrek birziklapenarekiko duten konpromisoa eta kontzientziazio zein sentsibilizazio kanpainen eraginkortasuna adierazten dutela. Zentzu honetan, Asensiok hitzeman du Gipuzkoako hondartzen kudeaketa jasangarri eta integralean lan egiten jarraituko duela: “Lanean ari gara herritarrei kalitatezko eta bikaintasuneko zerbitzua eskaintzeko eta gure hondartzen kudeaketa jasangarria egiteko. Ezin dugu ahaztu gure itsasoetan hondakinen eta plastikoen arazoa Gipuzkoak aurre egin beharreko ingurumen arazorik larrienetako bat dela”, adierazi du Asensiok.
Gure hondartzetan gaikako bilketaren eta plastikoaren eraginaren inguruan kontzientzia sortzeko jarri zuen martxan Ingurumeneko Departamentuak hondartzen sentsibilizazio kanpaina hain zuzen ere. Kanpaina Surfrider eta Emaús Gizarte Fundazioarekin elkarlanean garatu zen edukiontzi batean kokatutako informazio gune ibiltari baten bitartez. Gune ibiltariak Hondarribiako hondartzan ekin zion bere lanari eta Donostiako Kontxan amaitu zuen abuztuaren 31ean. Ekimen honek inpaktu, harrera eta herritarren parte-hartze handia izan du, haurren artean interes berezia sortuz. Guztira, 4.204 pertsonari arreta eman zitzaion gune ibiltarian, 2.559 heldu eta 1.645 haurrei.
Informazio guneak hiru eremu ezberdin zituen: lehendabiziko eremuak gure hondartzen informazio orokorra eskaintzen zuen eta baita hauen erabilera jasangarria eta arduratsua egiteko aholkuak ere; bigarren eremuak berriz, hondakinek gaikako bilketaren inguruan sentsibilizatzea zuen helburu, Emaús Gizarte Fundazioarekin batera haurrentzako kanpaina bat abian jarri zen non umeek hondakinak dagokien edukiontzian sartu behar zituzten; azken gunearen xedea plastikoak itsasoan duen inpaktua behatzea eta inpaktu horren inguruan kontzientzia sortzea zen, Surfrider enpresarekin elkarlanean. Bilketak egin ziren hondartza guztietan aurkitutako hondakinak identifikatuz, musika tailerrak egin ziren ere eta parte-hartzaileek musika tresnak eraiki zituzten Rocco Pappia musikariaren laguntzarekin hondartzen garbiketan bildutako hondakinak erabiliz, azkenik, “Itsasoaren soinuak” festibala gauzatu zen abuztuaren 22an Ondarretako hondartzan. Kanpaina osoan zehar tailerretan egindako musika tresnekin ozeanoari eskaini zitzaizkion hainbat abesti Reusonika okestraren eskutik.
Sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina honi esker, Ingurumeneko Departamentua Gipuzkoako hondartzetako ontzi eta bilgarrien sorreraren problematikaz jabetu da. Egindako lana dela eta, paperontzien politika bateratu egin behar dela ondorioztatu dute Gipuzkoko hondartza guztietan berdina izan dadin. Beharrezkoa da ere edukiontzi bakoitzean zein hondakin bota behar den argiago zehaztea, erabiltzaileek ondo bereizi dezaten.
Bideometria sarea
2017 urtetik geroztik Aldundiak AZTIrekin batera martxan jarri du Kosta System bideometria sarea Gipuzkoako kostaldean. Gaur egun hiru ekipo instalatuta daude Zarautz, Deba eta Hondarribian. 2019ko martxoan, Gipuzkoako kostalde osoan jarrita egongo dira bideometria sare osatzen duten ekipoak.
Sistemak erabiltzaile dentsitatea neurtzen du eta hondartzetara egunero joaten direnen datua kalkulatzen du. Honi esker, Zarautz, Deba eta Hondarribiako erabiltzaile kopurua zenbatetsi egin da. Zarautzen 253.416 erabiltzaile egon dira 2018ko ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean; Deban 60.364 erabiltzaile epe berdinean eta Hondarribian berriz, 36.676 abuztuaren 15etik irailaren 15era bitartean.
Bideometria sareak posible egiten du ere korronte eta olatuen mapak sortzea, bainu-hartzaileentzat arrisku gehieneko bainu guneak zeintzuk diren zehaztuz. Hori baliagarria da sorospen zerbitzuentzako. Udara honetan zehar, 89 erreskate zenbatetsi dira Zarautzen (banakako zein multipleak), 29 egunetan kontzentratuak. Azpimarratzekoa da uztailaren 29a, 15 erreskate egon baitziren (38 pertsona atenditu ziren). Deban bestalde, 13 erreskate gauzatu ziren.
Denboran zehar hondartzaren forma nola aldatzen den ikus dezakegu ere bideometria sareari esker (harearen espazioa galtzea, harearen banaketan izandako aldaketa...). Horretarako, urte batean jasotako oharrak izan behar dira; beraz, datu horiek eskuragarri egongo dira 2019ko maiatza-ekainetik aurrera. Hortaz, Gipuzkoako kostaldean klima aldaketaren eraginak ikusi eta ezagutu ahal izango dira eta baita itsasertzaren eboluzioa ere, egokitzapen neurriak aurreikusteko.
Irisgarritasuna eta garbiketa
Garbiketa zerbitzua eta irisgarritasuna hobetzeko ekintza ugari gauzatu dira ere. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuaren ardura da Hondarribia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutrikuko 12 hondartzak garbitzea eta zaintzea. Era berean, ekonomikoki laguntzen du Donostiako 4 hondartzak garbitzen. Aurten aparteko garbiketak egin dira zubietan eta jaiegunetan erabiltzaile kopuru handia dela eta.
Nabarmendu beharreko beste alderdi bat ere badago, gure hondartzetara baldintza egokietan iristeko baliabideak hobetuko dira 2018an. Ingurumeneko zuzendaritzak gure hondartzen irisgarritasunaren azterketa egin du, sarbideak behar bezala egokitzeko; jarduketa horiek kostako udal guztien adostasunarekin egin dira, eta 2 fasetan bereizi dira. Obra horiek hilabete honetan hasiko dira, hondartzen denboraldia amaitu ondoren: Mutrikuko Portu hondartzan, Debako Santiagon, Getariko Gaztetapen, Orioko Antillan eta Hondarribian. Bigarren fasean irisgarritasun obrak egingo dira, eta laster hasiko dira lanak; aurreikuspenen arabera, 2018aren bukaeran eta 2019aren hasieran gauzatuko dira: Mutrikuko Ondarbeltz hondartzan, Debako Laparin eta Getariko Malkorben.
1418