Autonomo eta enpresa txikiei laguntzeko zerga neurrien Foru Dekretu-Araua onartu du Aldundiak
Autonomo eta enpresa txikiei laguntzeko zerga neurrien Foru Dekretu-Araua onartu du Aldundiak
Pasa den astean iragarritakoez gain, Sozietateen gaineko Zergan hiru neurri gehigarri jarriko ditu abian Gipuzkoak, enpresei likidezia gehiago emateko.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu dugu pasa den astean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diputatu nagusiek iragarri zituzten zerga neurriak jasotzen dituen Foru Dekretu-Araua. “Neurri hauen helburua da egungo egoera ekonomiko globalaren ondorioen eraginpean dauden eragile ekonomikoen likidezia indartzea. Egoera horren ezaugarri nagusiak dira inflazioa eta energiaren eta lehengaien kostuen igoera, bai eta horiek ekoizpen katean dituzten ondorioak ere”, adierazi du Eider Mendoza foru bozeramaileak, nabarmenduz egoera hau zaildu egin dela azken asteetan, Ukrainako inbasioaren ondotik. Honen harira, elkartasuna adierazi dio Ukrainako herriari eta gogoratu du lehentasuna krisi humanitarioa dela, “baina krisi hura albo-kalte ekonomikoak izaten ari da gurean ere, eta horiei aurre egiteko neurriak dira gaur onartutakoak”.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, atse honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren neurrien beri emateko. Bertan adierazi duenez, egungo testuinguru ekonomikoaren aurrean, eta COVID-19aren pandemiak sortutako krisiaren aurrean egin zen bezala, foru aldundiek aparteko neurriak hartu dituzte sare ekonomikoaren sektore ahulenetan egoera hau izaten ari den eragin negatiboa arintzeko, hala nola enpresa txikietan, mikroenpresetan eta langile autonomoetan. Gipuzkoaren kasuan, hiru lurraldeen artean adostutako neurriei beste hiru neurri gehitu dizkie foru Ogasunak, hiruak ere Sozietateen gaineko Zergan.
Hiru neurri berrietako lehena, mozkinak nibelatzeko erreserba bereziarena da. Mendozak azaldu duenez, helburua enpresei likidezia ematea. Horretarako ezinbestekoa da iaz enpresak irabaziak izatea, eta etorkizunean galerak espero izatea. “Erreserba bereziaren bidez, irabaziek dituzten urtean, enpresek ez dute irabazi horien zati batengatik (ehuneko finko bat) zergarik ordainduko, eta etorkizunean galerak dituztenean konpentsatuko dituzte”, azaldu du Mendozak. Hartu den neurriari dagokionez, urteko emaitzari edo zerga oinarriari ezartzen zaion aipatutako ehuneko hori igo da: orokorra %50era (orain %10ean dago) eta mikro eta enpresa txikientzat %75era (orain %15ean dago). “Neurri hau datorren uztailean egingo dugun 2021eko Sozietateen gaineko Zergaren kanpainan izango da aplikagarria”, adierazi du bozeramaileak.
Bigarren neurria ezohizko amortizatzeko askatasuna da, eta enpresa guztiek izango dute erabilgarri. Honi esker, aurten erosi edo martxan jarri diren ibilgetu materialak (makinaria, altzariak, instalazioak…) libreki amortizatu ahal izango dira. Orain arte, enpresek urteko ehuneko jakin batean bakarrik (enpresa motaren arabera) amortizatu ahal zituzten ibilgetu materialak eta orain, esaterako, gastu kengarri guztia lehenengo urtean aplikatzeko aukera izango dute, hemendik ere likidezia eskuratzeko bide berri bat zabalduz. Hirugarrenik, I+B+G proiektuen finantzaketan jartzen da azpimarra, Sozietateen gaineko Zergako 64 bis artikuluan. Honen bitartez, enpresa batek bigarren baten I+B+G proiektu bat finantzatzen lagundu du eta, ordainetan, zerga hobari bat jasotzen du. “Hartu dugun neurria da mota honetako kontratuek formalizazio epeak malgutzea”, nabarmendu du.
Hauekin batera, pasa den astean iragarri ziren neurriak ere jasotzen ditu Foru Dekretu-arauak. Batetik, interesik gabeko gerorapena zergen ordainketan, langile autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikientzat, bermerik gabe, eta interesik gabe. Apirilaren 1etik aurrerako autolikidazioetan da aplikagarria, eta itzultzeko hiru hilabetetako gabealdiaren ostean, ondoren sei hileko kuotatan egingo da ordainketa. Bigarren neurria PFEZren ordainketa zatikatuen salbuespena, autonomoentzat. 2022ko lehen bi hiruhilekoei dagozkion ordainketak egiteko derrigortasuna da salbuetsita geratuko dena.
Hirugarren neurria autonomoentzako (PFEZ) eta mikroenpresentzako (Sozietateen gaineko Zerga) gastu-forfait handitzea da. Lehenengoen kasuan, Gipuzkoan hasi berri den Errenta kanpainan aplikagarri dute neurria. “Hau da, autonomoek hilabete honetatik aurrera jasoko dute laguntza fiskal hau”, nabarmendu du Mendozak. Gastu-forfait delakoa autonomoek ezartzen duten ehuneko finko bat da, beraien jardueraren errendimenduaren zati bat zergapetzetik salbu uzten dena. Honela, tasa orokorra %10etik %15era igoko da (PFEZ zein Sozietateak), baina intentsitate altuagoa izango du gehien kaltetutako sektoreen kasuan: garraiolarien muga %45etik %70era igotzen da; 30.000 euro baino operazio bolumen handiagoa duten nekazari eta abeltzainena %35etik %70era; eta 30.000 euro baino operazio bolumen txikiagoa duten nekazari eta abeltzainena %75etik %90era
Bozeramaileak azpimarratu duenez, “berriro ere euskal erakundeok gure eskumen fiskala zukutu ditugu, krisiak gehien kaltetu dituen sektoreak babesteko”. Gainera, du “ohi bezala”, oraingo honetan ere helburua dela “egungo krisiak gure ekonomian eta gizartean, familietan eta pertsonetan, izaten ari den eragina murriztea”. “Lankidetzan ari gara etengabe gure ehun ekonomikoarekin, gainerako administrazioekin, gure enpresekin, elkarteekin eta langileekin ere, krisi honi aurre egiteko, elkarlanean aritzeak indartsuagoa egiten baikaitu. Ateak irekita ditugu, eta ahal dugun guztian laguntzeko borondatea dugu”, aldeztu du.
Euskarako dirulaguntzak
Bestalde, gaurko Kontseiluan onartu da baita ere Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzak kudeatzen dituen dirulaguntza lerroen aurtengo deialdia. Honako hauek dira sustatu nahi diren lan lerroak: euskara sustatzeko proiektu eta jarduerak, euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planak eta informazio eta komunikazio teknologiak erabiliaz, edukiak euskaraz sortu eta hedatzeko proiektuak. Guztira, 967.718 euro bideratuko ditu Foru Aldundiak alor honetara, pasa den urteko zuzkidura berdina.
Pasa den urtean, dirulaguntza deialdi honi esker, 140 proiektu finantzatzen lagundu zuen foru erakundeak, betiere euskararen sustapenarekin lotutakoak. Lehenengo lerroan, euskara sustatzeko proiektu eta jardueretan, 39 elkarte lagundu ziren diruz, guztira 419.467 euro. Bigarrengoan, euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planen kasuan, 73 udalek jaso zuten laguntza eta guztira 325.001 euro bideratu ziren honetara. Azkenik, IKTak erabiliaz, edukiak euskaraz hedatzeko proiektuen kasuan alor honetako 28 eragileri lagundu zitzaion diruz. Guztira, 212.250 euroko zuzkidura izan zuen esparru honek. “Orokorrean, ekimen hauen guztien oso balorazio positiboa egiten dugu eta horregatik, dirulaguntza deialdi honek jarraipena izango du aurten”, nabarmendu du.
“Gipuzkoa lurralde euskalduna da, eta euskaraz bizi nahi du. Gipuzkoako Foru Aldundiaren nahia eta asmoa da herrialdearen errealitate soziolinguistikoarekin bat etortzea Foru Aldundiaren hizkuntza jarduerak eta euskararen sustapenerako garatuko dituen ekimenak”, azaldu du Mendozak. “Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde lan egingo du Foru Aldundiak, bere jardueran euskarari lehentasuna emanaz eta euskaraz bizi ahal izatea legez bermatzeko urratsak indartuz. Betiere, berdintasunaren ikuspegitik egiten dugu lan: Gipuzkoa desberdinkeriarik gabeko lurraldea izatea nahi dugula esaten dugunean, hizkuntzaren ikuspegitik ere ari gara hizketan”, borobildu du.
Egoitzetako partea
Bestalde, adinekoen egoitzetan pandemia izaten ari den eragina ere eguneratu du bozeramaileak. Erabiltzaileen kasuan, momentu honetan 55 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 24 gutxiago), 9 egoitza ezberdinetan. Kasu hauetatik, 12 lagun daude erreferentzia zentroetan. Pasa den astetik hona, hiru egoiliar zendu dira, 79 sendatu eta 58 positibo berri atzeman dira. Guztira, azaroaren 29tik hona, 50 egoiliar hil dira, eta 2.301 lagunek gainditu dute gaixotasuna. Azkenik, adinekoen egoitzetako langileei dagokionez, 28 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 4 gutxiago) 13 egoitza ezberdinetan.
Diagnosi probei dagokionez (PCR eta listu bidezko PCR probak), abendutik hona 45.000 proba baino gehiago egin dira jada. Gainera, antigeno test ugari ere egiten dira. “Esfortzu handia ari gara egiten detekzioan. Horixe baita kutsatzeak ekiditeko gakoa”, amaitu du Mendozak. Azkenik, Aldundiak hiru erreferentziazko zentro dituela irekita ere gogoratu du Mendozak: Eibarko ospitaleko hirugarren solairua, Arrasateko San Juan de Dios eta Ordiziako San Jose egoitza.
3278