Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Azahara Domínguez diputatua Jon Ander Azpiroz Aiako alkatearekin bildu da, udalekin egiten ari den bilera-sortarekin jarraituz

Azahara Domínguez diputatua Jon Ander Azpiroz Aiako alkatearekin bildu da, udalekin egiten ari den bilera-sortarekin jarraituz

Bi erakundeetako ordezkariek topaketa bat izan dute herriko mugikortasunari eta turismoari buruzko gaiak lantzeko.

Azahara Domínguez diputatua eta Jon Ander Azpiroz alkatea

Azahara Domínguez diputatua eta Jon Ander Azpiroz alkatea


Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Azahara Domínguez, Jon Ander Azpiroz Aiako alkatearekin bildu da, udalekin egiten ari den bilera-sortarekin jarraituz, bere departamentuari eragiten dioten gaiak jorratzeko.
Topaketa eraikitzailea izan da eta sintonia onean egin da. Bi erakundeetako ordezkariek Lurraldebusek herrian eskaintzen dituen zerbitzuak aztertu dituzte. Ildo horretan, bi aldeek adostu dute "lehenbailehen" bilera bat egitea emakidadunarekin, ematen den zerbitzua egokitzeko aukerak ikusteko, bai ordutegian, bai herrian egiten diren geldialdiei dagokienez.
"Gero eta gipuzkoar gehiagok garraio publikoa erabiltzeko asmo handiko apustua egiten ari gara, eta, horretarako, gainerako erakundeekin lankidetza estua izan behar dugu, zerbitzu hobea eta herritarren benetako beharretara egokituagoa eskaintzeko", nabarmendu du diputatuak, eta gogorarazi du "garraio publikoa beste eskubide batzuetarako sarbidea bermatzen duen eskubidea" dela, hala nola osasunekoa, hezkuntzakoa, lanekoa edo aisialdikoa. “Garraio publikoa sustatzeko politikak bultzatzen jarraituko dugu, Gipuzkoa justuago eta kohesionatuago baterantz aurrera egiteko, herritar guztiek mugikortasun jasangarrirako eskubidea baldintza berdinetan bermatuta izan dezaten, errenta-maila edo bizi diren lekua edozein dela ere".
Bestalde, Jon Ander Azpiroz, Aiako alkateak, honakoa esan du: “Aiak duen garraio publikoa autobusez egiten da, baina ezinbesteko jotzen dugu beste linea edo garraioekin, trena adibidez, koordinatutako ordutegiak edukitzea. Horretarako, bilera bat egin genuen erabiltzaileekin legeladi hasieran, beraien eskaerak jaso eta Mugikortasun Departamentuari, ordutegien proposamen landu bat helarazi genuen. Espero dugu, ondorio ulergarri batera iritsi ahalko garela guztion artean”.


Lankidetza turismoaren arloan
Turismoari dagokionez, alkateak gogorarazi du Aia leku pribilegiatu batean dagoela, Pagoetako Parke Naturalean, eta Iturrarango Lorategi Botanikoa duela, EAEko handiena. Era berean, Aia Turismoaren webgunea eguneratzeko eta erabiltzaileentzat funtzionalagoa izateko lantzen ari diren proiektua azaldu du. Azahara Dominguezek konpromisoa hartu du alkatearekin turismo-sustapenean laguntzeko, bere departamentutik lantzen ari diren turismo-fluxuak deszentralizatzeko eta deslokalizatzeko estrategian sakontzeko. "Jasangarria izateaz gain, birsortzailea izango den eredu turistiko baten aldeko apustua egiten dugu, bisitariak gure lurraldeko zaindari bihurtuz; horregatik, Aiako Udalari eskua luzatzen diogu udalerriaren eta bere eremu naturalaren sustapenean laguntzeko, bere eskaintza turistikoa lantzen ari garen ereduari primeran egokitzen baitzaio", adierazi du diputatuak.
 

  

973