Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala
Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala
Gaur, azaroak 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatzen dugu.
Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori izendatu zuen indarkeria matxistaren biktima diren emakume eta neska guztiak gogoratzeko, eta, beraz, gure laguntza eta aitorpen osoa helarazi nahi diegu. Zoritxarrez, gaur egungo munduan, baita gure gizartean ere, giza eskubideen urraketarik zabalduenetako, iraunkorrenetako eta suntsitzaileenetako bat da.
Egun hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak irmotasun osoz gaitzesten du indarkeria sexista oro, dela fisikoa, psikologikoa, sexuala edo sinbolikoa, gertatzen den eremuan gertatzen dela: bikote ingurua, familia, aisialdia, lana, kirola, eta sare sozialak, besteak beste. Horietako bat ere ezin da onartu, justifikatu edo babestu. Horietako bakar batek ere ez du lekurik gure lurraldean.
Ezin dugu ahaztu emakumeen aurkako indarkeriak emakumeek bizitzaren eremu ezberdinetan jasaten duten egiturazko desberdintasun egoeran dituela erroak, gizartean eta familian, sexuaren araberako zereginen eta arduren banaketa tradizionalean oinarrituta. Errealitate horrek emakumeak gizonen mende jartzen ditu eta, horrela, emakumeen aurkako indarkeria gizartea kontrolatzeko funtsezko tresna bat ere bada, desberdintasun egoerari eusten eta iraunarazten dion neurrian.
Berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzeko konpromisoa kontuan hartuta, Aldundiak onartu berri du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Foru Plana, eta plan horretan jaso du indarkeria matxistaren aurka irmotasunez borrokatzen jarraitzeko konpromisoa. Lan horrek, COVID-19ak sortutako krisiaren erdian, indar handiagoa hartzen du, ahal bada, indarkeria horri bakardade eta isolamendu handiagoko egoeretan aurre egiten dioten emakume eta neska askoren kalteberatasunaren aurrean. Emakume horiek guztiek inoiz baino gehiago jakin behar dute erakundeak eta gizarte osoa beraiekin gaudela, une oro laguntzeko.
Esparru horretan, Aldundiak konpromisoa hartzen du emakumeen aurkako indarkeriari eta indarkeria hori eragiten duten arrazoiei aurre egiteko politika ausartak bultzatzen jarraitzeko, honako esparru hauetan:
- Emakumeen aurkako indarkeriak hainbat esparrutan dituen ezaugarriei buruzko ikerketa bultzatzea, indarkeria horri buruzko informazio bilketa hobetzea, eta hainbat eragileri horren berri ematea, baita herritarrei ere.
- Aurrera egitea emakumeen aurkako indarkeria matxistari buruzko sentsibilizazio, prebentzio eta prestakuntza alorretan.
- Etengabe hobetzea indarkeria matxistari aurre egiteko baliagarri den arreta-eredua, eta Istanbuleko Hitzarmenean indarkeria horren biktimei aitortzen zaien kaltea konpontzeko eskubidean sakontzea.
- Dimentsio komunitarioa babestea indarkeria matxistaren aurrean emakumeei ematen zaien babesean, berdintasunaren alde lan egiten duten talde feministekiko eta emakume taldeekiko koordinazioa handituz.
- Erakundeen arteko koordinazioa sustatzea, Gipuzkoan indarkeria egoerari arreta osoagoa, eraginkorragoa eta kalitatezkoa emateko bide gisa.
Era berean, gaur, azaroaren 25ean, arreta beste indarkeria mota batera bideratu nahi dugu, indarkeria fisiko edo sexualetik haratago, eguneroko eraso txikietan eta jarrera matxistetan islatzen den indarkerian, hain zuzen; izan ere, jarrera horiek, errepikapenaren eta denboraren joanaren bidez, emakumeei eragin eta kalte egiten diete. Jokabide horiek, askotan, gure begien aurrean gertatzen dira, eta, erasotzailea edo biktima ez garenean, gehienetan ez dugu ezer esaten.
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazten du gauzak aldatzeko unea dela, eta, horretarako, funtsezkoa dela egoera horiek indarkeria egoera gisa identifikatzea, hau da, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak mantentzen laguntzen duen indarkeria matxistaren zati bat. Izan ere, horrela identifikatzen baditugu, ezin izango ditugu justifikatzen jarraitu. Eta hori urrats handia izango da gizarte justuagoa eta berdinagoa eraikitzeko bidean. Indarkeria matxistaren aurrean, ikusle huts bat ez izatera animatzen ditugu gipuzkoarrak. Gutako bakoitzak konpromiso indibidual eta kolektiboa bere gain hartzera, gure gizartetik emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko.
Egungo pandemia egoera dela eta, aurten ez dira ohiko mobilizazioak antolatuko azaroaren 25ean, baina, hala ere, Aldundiak herritarrak gonbidatu nahi ditu gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunen aurkako gaitzespena azaltzera eta antolatuko diren ekimenetan parte hartzera, betiere COVID-19aren hedapena geldiarazteko ezarritako arauak eta murrizketak errespetatuz.
1578