Azken bi egunetan, 11 lagunek gehiagok gainditu dute Covid-19a adinekoen egoitzetan
Azken bi egunetan, 11 lagunek gehiagok gainditu dute Covid-19a adinekoen egoitzetan
Gipuzkoako egoitzetan Covid-19n positibo emandako adineko pertsonen %60a sendatu da dagoeneko, %30a zendu da eta %10ak diagnostiko positiboarekin jarraitzen du.
Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetako egoeraren balantzea egin du eta jakinarazi du, azken bi egunetan, 11 adineko pertsona gehiago sendatu direla, bik eman dutela positibo Covid-19n eta bat zendu dela Arrasteko Iturbide egoitzan. Mediku alta jaso duten azken pertsonak bizi dira Donostiako Berra zentroan (8) eta Ordiziako San Josen (3).
Gipuzkoako adineko pertsonen egoitza sarean, 65 zentoz eta 5.425 plazaz osatuta dagoena, gaur arte, 335 lagunek gainditu dute Covid-19a, gaixotutako guztien %60ak, 167 zendu dira, zifra osoaren %30a, eta %10ak, 56 lagunek, diagnostiko positiboaren jarraitzen dute. Horietatik 7 Donostiako Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan ingresatuta daude eta 11 ospitalean.
Bozeramaileak gogorarazi du Gipuzkoako egoitzetako plazen %90ak Covid-19 gabe jarraitzen dutela, baita zentroen %75ak ere. Gaur 12 dira kasu positiboak dituzten egoitzak, azken asteetan guztira lau zentro Covid-19 kasu positiborik gabe geratu ostean: Hondarribiko Caser Residencial Betharram, Beasaingo Arangoiti, Tolosako Iurreamendi eta Irungo Caser Residencial Anaka.
Haurren eta nerabeen babeserako foru egoitza sarean artatutako adin txikiko pertsonen egoerari dagokionez, bozeramaileak gogorarazi du pasa den asteazkenean kasu positibo bat atzeman zela, eta bizikidetza unitate berean bizi diren lagunei probak egin ostean, bostek gehiagok eman dute positibo eta asintomatikoak dira. Beraz, sei dira Covid-19n positibo eman duten foru egoitza sarean artatutako adin txikikoak; 43 zentroz eta 450 plazaz osatutako sarean. Bozeramaileak gaineratu du familia guztiak jakinaren gainean daudela.
1663