Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Azkoitia-Azpeitia lasterketaren antolakuntzak Alejandro Gomezi eskainitako proba berezia prestatu du

Azkoitia-Azpeitia lasterketaren antolakuntzak Alejandro Gomezi eskainitako proba berezia prestatu du

Proba apirilaren 8tik 11ra burutuko da. Horretarako, Rockthesport Virtual aplikazioa deskargatu behar da mugikorrean

2021/03/25

Bigarren urtez jarraian, COVID-19ak eragindako pandemiak  Azkoitia-Azpeitia lasterketaren XXVIII. edizioa galaraziko du. Nazioarteko proba hori martxoaren 20rako zegoen programatuta, baina, egoera ikusita, aurten ere ez da posible izango Urola bailarako errepide eta kaleetan  ehunka atleta (herrikoiak eta elitekoak) korrika ikustea.

Hala ere, kirol ekitaldi honen antolatzaileak ez daude prest beste urtebete probarik gabe geratzeko, eta, beraz, modu birtualean egingo den proba bat konfiguratzeko lanean aritu dira.

Ibilbide-proba bezala, maratoi-erdia lasterka edo Hanbiken egin ahal izango da (kategoria ezberdinak izango dira). “Edizio honetatik aurrera, handbike proba “Ione Basterra Saria” izango da. Ione probarako ohikoa zen, eta, izatez, modalitate horretako emakumezkoen kategoriako azken irabazlea izan zen. Zoritxarrez, Ione joan den abenduan hil zen, baina haren memoriak gure artean jarraituko du urtez urte” adierazi du Agustin Jimenezek probaren antolatzaileak.

Azkoitia-Azpeitia lasterketaren edizio hau Alejandro Gomezen omenez izango da. Atleta handi hori  urtarrilaren 31n hil zen, 53 urte zituela, burmuineko tumore operaezin baten ondorioz.

Harkaiz Millan Kultura eta Kirol Departamentuko diputatuak adierazi duenez, "Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren edizio hau berezia izango da lehen aldiz egingo delako proba birtual bat. Berezia, omenaldia egingo zaiolako proba honen ikurretako bati, Alejandro Gomezi, eta berezia, animo oihu bat helarazi nahi diogulako Gipuzkoako gizarteari".

Izan ere, Azkoitia-Azpeitia lasterketaren antolatzaileek edizio birtual hau eskaini nahi izan diote olinpiar atleta ospetsuari. Gainera, adierazi nahi dugu Diego Garcia azkoitiarraren lagun eta lankide handienetako bat izan zela, eta, hura hil zenean, harreman handia izaten jarraitu zuela bai Diegoren familiarekin, bai lasterketaren antolatzaileekin.

Aurtengo edizio birtuala AUPA! lelopean egingo da, eta, horren bitartez, probaren arduradunek "Alejandrok zituen balioak islatu" nahi dituzte; izan ere, Alejandro «atleta handia zen, borrokalari nekaezina, lagun ona, eta zoritxarrei aurre egiteko gaitasun handiko gizona». Nahiz eta egungo egoera ez izan egokiena, Azkoitia-Azpeitia lasterketaren antolatzaileen iritziz «ezin ditugu besoak jaitsi". Leial jarraituko diogu Alejandro Gomezen estiloari. Aurtengoa zure omenez, Alejandro!

Izen emateak 4 prezio desberdin izango ditu:

- Izen emate arrunta: 4€.

- Izen ematea maskarila oroigarriarekin: 10€. 42K Running etxeko, SPORT 3D maskarila izango da.

- Izen ematea kamiseta oroigarriarekin: 18€. Kamiseta, 42K Running etxeko Custom seriearen Premium modeloa (%100 birziklatua) izango da.

- Izen ematea kamiseta eta maskarilarekin: 25€ » Kamiseta, maskarila edo biak dendan jaso ahal izango dira edo postaz (bidalketa-gasturik gabe) izen ematea egiterakoan adierazitako helbidean.

 

BESTE JARDUERAK

Apirilaren 11n, 13:30ean, lore eskaintza Diego Garcíari eta Alejandro Gomezi, Diegoren estatuan. Ohorezko aurreskua bi atletentzat eta 1. dortsala Diegoren familiari emango zaio. Azkoiti-Azpeitia turistikoaren erakusketa bat ere egongo da Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean, apirilaren 6tik 11ra.

 

Informazio gehiago : https://www.azkoitiazpeitia.eus/
  

1626