Azkoitian dira Gipuzkoa Argitu programako aurrez aurreko tailerrak
Azkoitian dira Gipuzkoa Argitu programako aurrez aurreko tailerrak
Eraginkortasun energetikoari buruzko tailerrak dira, herritarren zaurkortasun energetikoa prebenitzeko
“Urratsak egiten ari gara Gipuzkoak aurrera egin dezan eredu energetikoaren aldaketan. Gipuzkoa Argitu programari esker, hainbat neurri jarriko ditugu gipuzkoar guztien eskura, neurri horietaz balia daitezen beren etxebizitza, enpresa eta komertzioen zaurgarritasun energetikoa prebenitzeko eta murrizteko”.
Tailerrak 15:00tan eta 19:00tan izan dira gaur Elkarguneko Oteiza aretoan. Azaroan eta abenduan zehar 30 lantegi egingo dira Gipuzkoako hainbat herritan.
Gipuzkoa Argitu tresna multzo bat da Gipuzkoako etxebizitza, denda, eta enpresa txikiei zuzendua, argindar kontsumoa modu errazean murriztea sustatzeko baliagarri izango dena.
Félix Asensiok, Ingurumeneko Zuzendari Nagusiak, Miguel Ángel Bastidak, Azkoitiko Udalako Hirigintza eta Ingurumeneko Zinegotziak eta Janire Igoak, Azkoitiko Zinegotziak, Gipuzkoa Argitu programako tailerraren hasiera ekitaldia aurkeztu dute. Programa hau Ingurumeneko Departamentuak 2017, 2018 eta 2019an garatuko duen ekintza plan bat da. Dagoeneko tailer hauek Orio, Aduna eta Zumaia herriak bisitatu dituzte. Haren helburua da sustatzea argindar kontsumoaren murrizketa era erraz eta soil batean, Gipuzkoako etxebizitza, komertzio eta enpresa txikientzako baliabideen bitartez. Haren eginkizun nagusia eraginkortasun energetikoa da, baita zaurgarritasun nahiz pobrezia energetikoaren prebentzioa eta murrizketa ere.
Departamentuak gaur Azkoitian 15:00tan eta 19:00tan eman dituen tailerrak Gipuzkoa Argitu programaren lehen multzokoak dira: “Kontsumoari buruzko datua ezagutzeko eta ulertzeko eskubidea” Azaroan eta abenduan zehar 30 tailer egingo dira Gipuzkoako hainbat herritan: Legazpi (14), Zizurkil (14 eta 15), Oiartzun (15 eta 17), Ibarra (15), Errenteria (azaroak 16 eta abenduak 19), Tolosa (20), Pasaia (21), Urretxu (21), Larraul (27), Villabona (28), Zestoa (29), Altzo (30), Deba (abenduak 11), Eibar (abenduak 12) eta Zarautz (abenduak 14 eta 15).
Tailer horietan Gipuzkoa Argitu programaren web orrian argitaratu diren hiru tutorialak praktikan jarriko dira (www.argitu.eus). Tutorial horietan gure kontsumo datuak ezagutzeko jarraitu beharreko pausoak zehazten dira (zenbat kontsumitu dugun eta noiz egin diren kontsumorik handienak). Hori guztia ezinbestekoa da kontsumoak murrizteko, aplikatzen diguten tarifa egokitzeko, eta egiaztatzeko ea kontratatutako potentzia egokia den.
Ingurumeneko Zuzendariak adierazi du Departamentua urratsak egiten ari dela Gipuzkoak aurrera egin dezan eredu energetikoa aldatzean eta Europar Batasunak eraginkortasun energetikoa hobetzeko ezarritako helburuak lortzean: “Gipuzkoa Argitu programari esker, gipuzkoar guztien eskura jarriko dugu neurri sorta bat etxebizitza, komertzio eta enpresa txikien zaurgarritasun energetikoari aurrea hartzeko eta murrizteko”.
Iberdrola Distribución enpresaren tresnari esker (argindar banatzailea baita ia Gipuzkoa osoan), erabiltzaile bakoitzak bere datuak ikusi ahal izango ditu, eta horrela jakin dezake kontsumoa zenbatekoa izan den, eta neurriak har ditzake kontsumoa murrizteko eta argindarraren faktura optimizatzeko. Horrela, dagoeneko interneten dagoen informazioari etekina ateratzen zaio, argindar kontsumoa murriztuta eta energia kontratazio optimizatuta. Tutorialari esker honako datu hauek jakin ditzakegu:
- Nola eskuratu zure argindar kontsumoaren datuak.
- Nola murriztu kontsumoa eta nola aukeratu tarifarik egokiena.
- Nola egiaztatu kontratatuta daukazun potentzia dela benetan behar duzuna.
Argitu proiektu pilotua 2015. urtean abiatu zen, eta, hari esker, 400 familiak ezagutu zuten beren etxebizitzetako argindar kontsumoaren eguneroko kurba; hala, aukera izan zuten jokatzeko, aurrezpen energetikoko neurriak hartuz eta beren kontratu elektrikoa optimizatuz. Programa pilotuaren emaitzak esanguratsuak izan ziren, zeren eta etxebizitzek % 6 inguru murriztu baitzuten beren argindar kontsumoa ekimenak iraun zuen urtean zehar. Proiektuak halako emaitza onak izan zituenez, Ingurumeneko Departamentuak erabaki du Gipuzkoa Argitu izeneko programa berri hau diseinatzea, lurralde osora iritsi ahal izateko.
Badaude energiari buruz askotariko informazio eta dokumentazio iturriak, bai publikoak bai pribatuak, baina sarri askotan, barreiatuta daude, hizkera teknikoegia darabilte edo informazioa ez dago kontrastatuta, eta horrek bide ematen du okerreko interpretazioak egiteko edo okerreko erabakiak hartzeko. Gipuzkoa Argitu programaren helburua da energia-alor garrantzitsuen inguruan informazioa bildu, egiaztatu eta sortzea, Gipuzkoako gizarteari helarazteko. Horretarako, ahalik eta komunikazio eta interakzio formaturik askotarikoenak erabiliko ditu, eragile aktibo bihur dadin kontsumo arduratsuan eta energiaren sorrera iraunkorrean; eta, bereziki, zaurgarritasun edo pobrezia energetikoaren egoeran dauden etxebizitzetarako, zeintzuentzat informaziora internet bidez iristea askotan ezinezkoa izaten baita.
1461