Baserritar Misto Profesionala programan izena emateko deialdia zabaldu du Aldundiak
Baserritar Misto Profesionala programan izena emateko deialdia zabaldu du Aldundiak
· Gipuzkoako Foru Aldundiak deialdia argitaratuko du datorren asteartean (otsailak 4, baserriko lana beste jarduera profesional batekin bateragarri egin nahi duten pertsonek ekimen aitzindari honetan parte har dezaten. · Enpresaren eta Baserritar Misto Profesional izateko interesa duen pertsonaren arteko akordioa formalizatu ondoren, foru erakundeak 60.000 euroko diru-laguntza emango die baserritarrei, eta 30.000 eurokoa enpresei. Programak sei urteko iraupena izango du.

Lehen sektorean belaunaldien arteko errelebo faltari erantzuna ematea da Baserritar Misto Profesionala ekimenaren helburu nagusietako bat. Ekimen horren deialdia datorren asteartean (otsailak 4) argitaratuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak bere Aldizkari Ofizialean. Proiektu honen bidez, enpresatik eremu horretara modu jasangarrian igarotzeko lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duten pertsonei lagundu nahi zaie, bi lanak uztartuz. Horretarako, lanaldia % 50era murriztea proposatzen da, baserritarrak baserriko lanak modu profesionalean bateratu ahal izan ditzan, diru-sarrerak bi jardueretatik etor daitezen.
“Proiektu hau lehen sektorearen belaunaldi erreleboa sustatzeko asmoarekin sortu da, izan ere baserritarren lana funtsezkoa da gure biodibertsitatea zaintzeko eta tokiko eta kalitatezko elikagaien ekoizpena bermatzeko”, adierazi du Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak gaur goizeko aurkezpen prentsaurrekoan.
Mendozak deialdiaren aurkezpenean parte hartu du, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuarekin, Jon Areitio Hondarribiko abeltzain ustiategi baten jabearekin eta Aitor Esnaola ordiziar sagardogile eta baserritarrarekin batera. Aurkezpenean, Idiazabalgo Construcciones Iturrioz enpresako eta Abaltzisketako Xabier Iturrioz eta Iñaki Gorostidi Abaltzisketako Logikaline enpresetako zuzendariak, Xabier Iturriozek eta Iñaki Gorostidik, hurrenez hurren, ere parte hartu dute, euren ikuspuntua emanez.
Bere hitz hartzean, diputatu nagusiak berretsi egin du Aldundiak lehen sektorearen jarduera babestu eta bultzatzeko egindako apustua. Apustu hori Baserritar Misto Profesionala bezalako ekimen anbiziotsu eta berritzaileekin gauzatzen da, “enpresatik lehen sektorerako trantsizioa errazteko diseinatua, baserritarrei beharrezko segurtasuna emanez, beren proiektua gauzatzen pixkanaka aurrera egin ahal izan dezaten”.
Diputatu nagusiak azpimarratu du deialdi hau 2025erako aurrekontuak onartzeari esker ireki ahal izan dela. Honi esker 300.000 euro bideratu ahal izan dira proiektuari lotutako laguntzen deialdira, kopuru hau handitu daitekeelarik jasotako eskaeren arabera, eta ildo horretan itxaropentsu agertu da aurrera egiteko eta proiektu berriak abian jartzeari begira aurrekontuen onespen honekin, Baserritar Misto Profesionalaren kasuan bezala, “Gipuzkoan ditugun erronkei erantzun bat emateko eta lankidetzatik eta berrikuntzatik aurrera egin ahal izateko, pertsona guztien ongizate integrala bermatzeko helburuarekin”.
Joan den urrian ekimena aurkeztu ondoren, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak azaldu duenez, “300 pertsona inguru hurbildu dira Gipuzkoako eskualdeetan egindako informazio bileretara”. Gainera, nabarmendu duenez, “80 pertsona baino gehiago jarri dira harremanetan Aldundiarekin, ekimenean parte hartzeko eta haien kasua partekatzeko duten interesa helarazteko”.
“Baserritar askorentzat, programa honako hau da: lehen sektorean dituzten proiektuen jarraipena bermatzeko irtenbide bat; baserriari lotutako ekimenetan lan egiteko ametsa gauzatzeko aukera bat, esku artean duten familia proiektuaren garapenean laguntzeko berme bat”, gaineratu du Arrutik. Hala, adierazi duenez, “informazio eske hurbildu diren pertsona guztiek harrera oso ona egin die ekimen honi eta beharrezkotzat jotzen dute”.
Hala ere, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak adierazi du Baserritar Misto Profesional izan nahi dutenen interesetik harago, funtsezkoa dela Gipuzkoako enpresa ehuna ingurunea zaintzen eta lehen sektorea indartzen inplikatzea, belaunaldien arteko erreleboa bermatuz. “Lan merkatua aldatzen ari da eta malgutasuna izango da bere ezaugarri nagusietako bat”, azaldu du. “Ekimen honen helburua da etorkizun horri aurrea hartzea, lehen sektorearen jarraipena ziurtatuz tokiko ekoizpenarekin eta ingurumenaren, biodibertsitatearen eta paisaiaren babesarekin konprometitutako profesionalekin, klima aldaketa bezalako mehatxuen testuinguruan”.
Lurralde Oreka Berdeko diputatuak ekintzarako deia eginez amaitu du bere hitzaldia: "Badakigu erronka bat dela enpresentzat, baina unea orain da. Enpresen babesa inoiz baino beharrezkoagoa da aurrera egiteko eta Gipuzkoako lurralde oreka berdea bermatzeko. Jokoan dagoena gure ongizatea da, eta lehen sektoreak funtsezko zeregina betetzen du hura babestuz. Sektore honen etorkizuna bermatzea guztion ardura da, erakundeena, gizartearena eta enpresena, eta, alde horretatik, ekimen hori babestera gonbidatzen dugu gure enpresa sarea ”.
Enpresa babesa Baserritar Misto Profesionalari
Proiektua sortzeko prozesuan beren ikuspegia eman duten enpresak, Logikaline eta Construcciones Iturrioz bat etorri dira enpresek horrelako ekimenen alde egitearen garrantzian.
Iñaki Gorostidi Logikalineko gerenteak horrelako ekimen batek Gipuzkoan duen balioa azpimarratu du. “Gurea bezalako enpresa batentzat, Abaltzisketa bezalako landa ingurune batean kokatua, funtsezkoa da horrelako ekimenak babestea, gure landa ingurunea babesteko, gure basoak, larreak eta baserriak zaintzeko”. Gorostidik arrazoitu duenez, “enpresaren ikuspegitik, familia eta seme-alabak zaintzeko orain eskatzen direnen antzeko lanaldi murrizketa da guretzat”, eta, ildo horretan, prest agertu da Baserritar Misto Profesionalaren figura babesteko. “Baserritarrak beren kontura lan egitera ohituta daude, erantzukizunak beren gain hartzen dituzte, eraginkorrak izaten dira eta trebetasunak izaten dituzte, adibidez, bezeroekin lan egiteko. Talentua erakartzeko borrokan ari diren Gipuzkoako enpresetan kotizatutako balioak dira”. Horrelako erraztasunak ematea, beraz, Gorostidiren arabera, “irabazia da bi aldeentzat, bi jarduerak uztartu ditzakeen baserritarrarentzat, enpresarentzat, talentua erakartzeko eta fidelizatzeko”.
Bestalde, Xabier Iturrioz, Construcciones Iturriotzeko gerentea ere bat etorri da Gorostidirekin: “lanaldia murrizteak antolaketan ahalegin handia egitea ekar badezake ere, ingurunea zaintzean sortutako inpaktu positiboak konpentsatzen du”. Hala, Iturriozek adierazi duenez, “gure inguruan lehen sektoreari lotutako pertsona asko daude, eta enpresok horiei lagundu behar diegu beren lanean eta ez bizkarra eman. Ez dugu ahaztu behar haien lanari esker kalitatezko tokiko produktuekin gozatu eta elikatu gaitezkeela. Gainera, gure langileen fidelizazioari begira, gure ikuspuntutik berebiziko garrantzia ematen diogu”.
Baserritar Misto Profesionala programan parte hartzeko interesa duten baserritarren testigantza
Jon Areitio eta Aitor Esnaola baserritarrek prentsaurrekoan partekatu dute zergatik animatu diren programaren lehen deialdira aurkeztera. Areitiok azaldu duenez, berarentzat lehen sektorean lan egitea ez da lanbidea soilik, benetako bokazioa baizik. “Baserrian jaiotako semea naiz. Egun, nire ogia lortzeko, baserrian lan egiteaz gain beharrezkoa da lanaldi bat kanpoan izatea. Nire pasioa eta espero etorkizunean nire ogibidea izango denaren bidea garatzeko aukera bikaina da hau, profesionalki garatu eta beharrezkoa dugun denbora hori eskainiz proiektua aurrera eramateko”.
Areitiok gaineratu du “nire inguruan egoera berdinean dauden gazte asko ikusten dittut, lehen sektoreak erakarrita, baina aldi berean lehen sektoreak duen ezegonkortasun horri beldurrez, saltoa emateko zalantzan geratzen garenak. Baserritar Misto Profesional izateak segurtasun handiagoa eskaintzen digu pausoa ematera ausartzeko, hazteko eta sendotzeko, sei urte barru baserrirantz joan ahal izateko edo enpresa jarduera nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerarekin uztartzeko”.
Aitor Esnaolak, bere aldetik, nabarmendu du bere familiak sagardoa ekoizten duela, eta “horrelako ekimenek, nahiz eta sakrifizio bat izan –lanaldi murrizketaren ondorioz, irabazi-maila galtzen baita–, Aldundiaren konpentsazio laguntzaren bidez, sektorerantz jauzi egin ahal izatea ahalbidetzen dute, bai eta negozioaren egunerokoan aurrera egiten laguntzea ere, sagarrondoak lantzeari eta sagardoa ekoizteari dagokienez”.
Baserritar Misto Profesionala
Baserritar Misto Profesionala Herritarren Partaidetzarako Herritarren Batzarra foroan egindako gomendioei erantzuteko sortu da, Etorkizuna Eraikiz proiektuaren barruan, non parte-hartzaileek elkarrekin hausnartzen duten klima aldaketaren eta nekazaritza eta abeltzaintzako jardueraren erronkari aurre egiteko irtenbideei buruz.
Programa baserritar misto profesionala izateko interesa duten 18 eta 55 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da kontratu mugagabea eta lanaldi osokoa izatea eta enpresan gutxienez 18 hilabeteko antzinatasuna izatea. Bazkide langileen kasuan, 10 bazkide baino gehiago dituzten erakundeetako bazkide langileek soilik izango dute laguntza jasotzeko aukera. Langile berrien kasuan, lan-kontratu mugagabe berriak lanaldiaren % 50 izan beharko du.
Enpresei dagokienez, parte hartzeko baldintza nagusia haien jarduera lehen sektoreari lotuta ez egotea da.
Aldundiak bultzatutako programak sei urteko iraupena izango du guztira. Foru erakundeak konpentsazio ekonomikoa emango die baserritarrei eta enpresei lanaldi-murrizketari aurre egiten laguntzeko. Horrela, 60.000 euro jasoko dituzte baserritarrek, bi ordainketatan banatuta: bata programaren hasieran eta bestea hirugarren urtean. Bestalde, enpresek 30.000 euroko ordainketa bakarra jasoko dute.
Konpentsazio ekonomikoa jasotzeko, baserritarrak honako baldintza hauek bete beharko ditu: ustiategia Gipuzkoan izatea, ustiategiaren titularra izatea, Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egotea eta bideragarritasun-plan bat izatea. Plan horrek ziurtatu behar du, Aldundiaren programa amaitzean, seigarren urtean, ustiategiak gutxienez 13.000 euroko eta 0,5 NLUko marjina garbia sortuko duela.
Enpresari dagokionez, interesdunarekin akordioa sinatu ondoren egingo zaio ordainketa. Akordio horrek lanaldia % 50era murriztea bermatu beharko du, pertsona lanaldi osora itzultzeko eskubidearekin, betiere ezinbesteko arrazoi bat justifikatzen bada. Baserritarrak programa amaitu ondoren lanaldi osora bueltatzeko eskubidea izango du edo modu iraunkorrean lanaldi-murriztuarekin jarraitzeko aukera emango zaio baserritar misto profesional izaten jarraituz.
Programan parte hartzeko deialdia datorren asteartean (otsailak 4) argitaratuko da, eta hilabetez egongo da indarrean. Oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean daude.
4276