Baserritarren produktuak bildu eta merkaturatzeko
Baserritarren produktuak bildu eta merkaturatzeko
Gipuzkoan jarriko da martxan ekimena, datorren astetik aurrera, baserritarrei alternatiba berria eskaintzeko.
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, HAZI Fundazio Publikoaren bidez, azoketara produktuak zuzentzen dituzten baserritarrentzako produktuen bilketa eta merkaturatze zerbitzu bat jarriko dute martxan. Azoketan produktuak saltzen zituzten baserritarrei, produktuak merkaturatzen laguntzea da ekimenaren helburu nagusia, ekoizleen zein bezeroen osasuna bermatuz. Gipuzkoan jarriko da ekimena martxan lehenik eta behin, eta espero da datorren asterako indarrean izatea bertan. Hala iragarri dute gaur Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak, sektoreko eragileekin Covid-19ren ondoriei elkarlanean aurre egiteko gaur eduki duten lan bileran.
Zerbitzuaren antolaketa oso konplexua izanik, lan hauetan esperientzia duen Lurrarte Baserriko Uzta enpresarekin kontatuko da. Lurrartek, HAZI eta Landa Garapen Elkarteetako teknikarien laguntzarekin egituratuko du zerbitzu hau, azokak antolatzen dituzten hiri eta herrietako udal arduradunekin elkarlanean, beti ere. Baldintzak, bilduko diren produktuak, beharrezko logistikaren ezaugarriak, prezioak eta abarren inguruan argitasunak izateko, baserritarrek 943693074 telefonora deitu ahal izango dute, astelehenetik ostiralera 8:00tatik 14:30etara, edota 688643670 telefonoko whatsapp-era idatzi (Erreferentzia: barazki Bilketa). Bilketa antolaketa konplexua izanik, zerbitzuak egun batzuk eman beharko ditu logistika gai guztiak lotuta edukitzeko, baina bitartean horren inguruko informazioa baserritarrentzat eskuragarri egongo da aipatutako harremanetarako kanaletan.
Covid-19 birusa lehen sektoreko zuzeneko salmentan edukitzen ari den eragina arintzea da helburua. Izan ere, pandemiaren aurrean, salbuetsitako merkataritza-establezimenduetatik kanpo elikagaiak saltzea saihesteko gomendioa eman zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak. Gomendio hori betetzeak, azoketara produktuak ematen dituzten baserritarren saltzeko aukera bertan behera uzteak suposatzen du, horrek sor dezakeen galerarekin. Gaur iragarritako egitasmoarekin, “alternatiba berri bat” eskaini nahi dute Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, “gure baserritarren produktuak ez daitezen irtenbiderik gabe geratu, eta gure kontsumitzaileek izan dezaten aukera produktu horiek kontsumitzeko”. Neurria larrialdi egoera bati aurre egiteko planteatu bada ere, aurrera begira “aukera” bihur daitekeela gaineratu dute, “banaketa kanal berriak irekiz”.
“Elkarlana estutu”
Bi erakundeek sektoreko hainbat eragilerekin partekatu dituzte zerbitzu berriaren nondik norakoak, gaur foru jauregian egindako lan bileran. Bertan parte hartu dute, Foru Aldundia ordezkatuz, Markel Olano diputatu nagusiak, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, Xabier Arruti Nekazaritzako eta Landa Garapeneko zuzendariak eta Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natur Inguruneko zuzendariak, besteak beste. Eusko Jaurlaritza ordezkatuz, berriz, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailburu Arantxa Tapia, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Oroz izan dira topaketan, telematikoki. Sektoreari dagokionez, parte hartu dute ENBA eta EHNE sindikatuko buru Xabier Iraolak eta Garikoitz Nazabalek, eta Abelur eta Lurgintza Gestio Zentroetako, GEBE Baso Elkarteko, Gilbe Gipuzkoako Barazkigile Elkarteko, eta Urkaiko eta Kaiku kooperatibako arduradunek.
Covid-19k Gipuzkoako lehen sektorean duen eraginaren diagnostikoa egitea, eta sektorea jasaten ari diren zailtasunei elkarlanean aurre egiteko neurriak aztertzea izan da topaketaren xedea -arestian iragarritakoaz gain-. Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak lankidetza estutzeko “konpromiso sendoa” agertu diete eragileei, “soluziobiderik egokienak koordinazioaren bidetik” etorriko direla argudiatuta, “bakoitza bere eskumenetatik”. Sektorearen egoeraren “jarraipen zehatza” egingo dute datozen asteetan, “jarduera babesteko lehentasunak definituz, eta baliabide publikoei ahalik eta etekinik handiena atereaz”.
Ildo horretan, Arantxa Tapia sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza HAZIren bidez ari da gaur aurkeztutako ekimena koordinatzen, eta Gipuzkoan bezala, Bizkaian eta Araban ere martxan jarriko da bilketa eta merkaturatze zerbitzua. Lurralde guztietan Landa Garapen Elkarteekin eta Aldundiekin elkarlanean ari da Jaurlaritza. Sailburuak saltokien inplikazioa ere balioan jarri nahi izan du: “Eskertzekoa da Euskadiko saltokiek bat egin dutela ekimen honekin gure baserritarren produktuak galdu ez daitezen”. Une zail hauetan bertakoa eta garaikoa kontsumitzearen alde agertu da Tapia eta elikagaien erosketa arduratsua egiteko deia egin du berriz ere.
Aste honetan bertan Jaurlaritzak lehen sektorerako eta elikadura enpresentzat iragarritako neurriak ere azaldu dizkie Sailburuak bileran parte hartu duten eragileei. Martxoaren 16an elikadura balio kateko profesional guztiei koronabirusaren aurrean jarduteko protokoloa helarazi zien Jaurlaritzak eta aste honetan bertan beste laguntza lerro bereziak ere aurkeztu dira: batetik, elikadura sektorean soberakinak estaltzeko programa, 6 milioi euroko laguntzarekin, eta bestetik Sendotu eta Ikerketa programei loturik, ETEek administrazioari itzuli beharreko kredituak eta alokairuak atzeratzeko erabakia, 400.000 euroko zenbatekoarekin.
Imanol Lasak diputatuak, berriz, aurreratu du lehen sektoreko jarduera ekonomikoa mantendu edo suspertzeko neurriak lehenetsiko dituela Aldundiak, baserritengan inpaktu zuzena duten egitasmoetan ahalegina fokalizatuz. Baserrietan ordezkapen zerbitzua indartzeko asmoa ere agertu du, Covid-19 birusak sor ditzakeen gaixoaldi-bajei edo konfinamenduei aurre egiteko. Opor eta bajak betetzeko zerbitzua da, eta dirulaguntzak ematen dizkie Aldundiak baserritarrei horren bidez. Azkenik, jakinarazi du abereak mendira eramaten dituzten ustialekuetan osasun kanpaina mantentzea erabaki duela foru erakundeak. Ostiralean eta astelehenean falta diren 72 ustialekuetan egingo da kanpaina, abereak mendira igo aurretik txertaketak egiteko denbora egon dadin".
“Egoera larri honek, koiunturala dena, mahai gainean jartzen dizkigu sektorearen erronka estrukturalak. Erakusten digu, besteak beste, zeinen garrantzitsua den kalitatezko elikagaiekin hornituko gaituen jarduerari eustea. Sekulako ekarpena egiten dio lehen sektoreak gizarteari. Beraz, krisiak gogorarazten digu momentua dela bere etorkizuna bermatzera bideratutako neurri ausartak ezartzeko, errentagarritasuna edota belaunaldi aldaketa bezalako erronkei behar bezala helduta”, amaitu du Lasak.
3497