Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Baso sektorea indartzeko 3 milioiko diru-laguntza deialdia

Baso sektorea indartzeko 3 milioiko diru-laguntza deialdia

Partida areagotzeaz gain, gaixo dauden pinudi gazteak birlandatzeko, sektorea gaztetzeko eta sailen abandonoa ekiditeko lerroak jasotzen ditu, hala nola

Baso sektorerako diru-laguntzak
Lurraldeko basoak zaindu, hobetu eta ugaritzeko urteroko diru-laguntza deialdia onartu berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak, 3.037.786 milioi euroko aurrekontuarekin –iazko deialdian jasotakoa baino %9,5 gehiago–, lurraldeko baso sektorea indartzea xede. Aurtengo diru-laguntzek, modu horretan, azpimarra jarriko dute honako helburu nagusietan: baso sektorea jarduera ekonomiko bezala suspertzea, baso osasuna hobetzea, sektorea gaztetzea, baso sailen abandonoa ekiditea, kudeatutako basoak izatea eta baso ustialekuen gutxieneko dimentsioa gehitzea.
 
Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako departamentuak egin du deialdia eta alor hauetan egindako ekintzak babestuko ditu: azpiegiturak egitea basogintza garatzeko, modernizatzeko eta egokitzeko; baso-sartzea eta baso azalera sortzea; suteek natur hondamendiek eta zorigaitzei aurre hartzeko edo eragindako kalteak konpontzeko neurriak; baso-ekosistemen egokitzeko gaitasuna eta ingurumeneko balioa handitzeko inbertsioak; basogintzako teknologietarako eta baso-produktuak eraldatzeko, mobilizatzeko eta merkaturatzeko inbertsioak; baso-ingurumeneko zerbitzuak, klima zerbitzuak eta basoen zaintza; baso jabetzan belaunaldi aldaketa sustatzeko neurria.
 
Deialdiak aitortzen du basoek onura ugari sortzen dituztela, batetik, produktu berriztagarriak eta ingurumena errespetatzen dutenak egiteko beharrezko lehengaiak eskaintzen dizkigutelako eta, bestetik, zeregin garrantzitsua betetzen dutelako ongizate ekonomikoari, dibertsitate biologikoari, karbonoaren ziklo osoari, oreka hidrologikoari, higaduraren kontrolari eta hondamendi naturalen prebentzioari dagokienez; horiez gain gizarte eta aisialdiko funtzioa ere betetzen dute. Horregatik, babestu egiten dira mendien funtzio ekonomikoak, ekologikoak eta sozialak modu iraunkorrean mantendu eta garatzearren egiten diren inbertsio, ekintza edo lanak.
 
Gainera, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako departamentuak deialdi honekin erantzun bat eman nahi die sektoreak bizi duen egoerari eta sektoreari eragiten dioten arazoei. Horien artean dago pinudien gaitza eta, baita ere, baso jabeen adin altua, errelebo zailtasunak, abandonoa eta baso sailen atomizazioa. Eskaerak egiteko epea deialdia argitaratzen denetik bi hilabete artekoa da.
 
Pinudien gaitza
Laguntza hauek jasotako lerroen artean jasotzen dira, besteak beste, gaixotutako  pinudi gazteak bota eta birlandatzeko lanak, gaitzak eragindako kalteek hala eskatzen duten kasuetan. Kasu honetan ezartzen den diru-laguntza oinarria 1.500 eta 2.000 euro artekoa da, 67 urte baino gutxiago dituztenentzat edo 67 urte baino gehiago izanda ere agraria pentsiodunak direnak, kasuen araberako gehigarriekin eta hektareako 3.000 euroko gehienezko diru-laguntzarekin. Aurrez aipatutako baldintzak betetzen ez dituztenen kasuan, diru-laguntza hektareako 750 euro eta 1.125 euro artekoa izango da. Kasu guztietan, diru-laguntza jaso ahal izateko baso-saila birlandatu egin beharko da nahitaez.
 
Deialdiaren berritasun nagusietako bat, bestalde, 70 urte baino gehiago dituzten baso jabeek 55 urte edo gutxiago dituztenei baso sailak transmititzeko laguntza izango da. Hain zuzen ere lerro honen helburua da baso izaera duten eta indarrean dauden ustialekuen belaunaldi arteko erreleboa bultzatzea. Transmisioaren zenbatekoa hektareako 1.000 eurokoa izango da, eta gehienezko zenbatekoa ustialekuko eta urteko 10.000 eurokoa izango da –diru-laguntzak ezingo du transmisio kostua gainditu–. Eskatzaileak 55 urte edo gutxiago izan beharko ditu eta 0,5 UTA edo gehiagoko ustialeku bat.
  

1886