Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Batzar Nagusiek berretsi egin dute familiak, baserritarrak, enpresak eta autonomoak inflaziotik babesteko neurri sorta

Batzar Nagusiek berretsi egin dute familiak, baserritarrak, enpresak eta autonomoak inflaziotik babesteko neurri sorta

Gipuzkoako Foru Aldundiak 52 milioi euroko eragina duten neurrien foru dekretu arauak Batzar Nagusien babesa jaso du, elikagaien eta lehengaien prezioen igoeraren aurrean lurraldearen oreka sozioekonomikoa sendotzeko

2024/02/07
Batzar nagusiak

Gipuzkoako Batzar Nagusiek abenduan Foru Gobernuak, prezioen gorakadaren aurrean familiei, baserritarrei eta abeltzainei, garraiolariei eta pertsona autonomoei laguntzeko onartutako neurrien sorta eztabaidatu eta berretsi dute gaur osoko bilkuran. Foru dekretu araua PPko batzarkide taldearen aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Elkarrekin Podemosen kontrako botoarekin sinatu dute.

Gaur onartutako neurrien artean, forfait direlakoen hazkundea nabarmendu behar da, PFEZean justifikatzen zailak diren gastuengatik, nekazaritza eta abeltzaintzako jardueretarako eta garraiolari eta autonomoentzat. Ildo horretan, 2023ko errenta-kanpainan, nekazaritza- eta abeltzaintza-jardueren gastu-mota horren konpentsazioa % 35etik % 70era igoko da, baldin eta aurreko ekitaldiko eragiketa-bolumena 30.000 eurotik gorakoa bada diru-sarreretan, eta % 70etik % 90era, diru-sarrerak zenbateko horretatik beherakoak badira. Errepidez garraiatzeko jardueretan, forfaita % 45etik % 70era igo da. Foru-Arau Dekretuak autonomoentzako eta mikroenpresentzako forfaitaren gehikuntza ere jasotzen du, % 10etik % 15era PFEZean eta Sozietateen gaineko Zergan, hurrenez hurren.

«Autonomoei, baserritarrei, garraiolariei eta mikroenpresei lagundu nahi diegu beren jarduera finkatzen inflazio moteltze prozesu honetan», adierazi du Ogasuneko eta Finantzetako diputatu Jokin Peronak. «Gipuzkoako Foru Aldundian tresna fiskala jarduera ekonomikoak gure laguntza ekonomikoa behar duen egoera eta uneetarako erabiltzeko konpromisoa daukagu». Zentzu honetan, Perona pozik agertu da foru arau dekretu honen berrespenarekin.

Aipatutako forfait-ez gain, berretsitako alderdien artean dago PFEZaren tarifaren deflaktazioaren % 2,5eko igoera. Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak joan den urrian hiru lurralde historikoetarako egindako bileran adostutako neurria da. Neurri honi 35.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familientzako 200 euroko konpentsazioari gehitzen zaio, azken hau 2023ko errenta kanpainan aplikatuko delarik.

Neurri hauez gain, gaur berretsitako foru-dekretuan 2024ko aurrekontu-proiektuaren xedapen gehigarrietan eta azken xedapenetan jasotako zenbait neurri ere sartu dira, 2023ko urriaren 21ean Gipuzkoako Foru Aldundiak Batzar Nagusietara bidalitakoak, eta oposizioko gainerako batzarkide taldeek ezezkoa eman ondoren erretiratu behar izan zirenak. Neurri horiek 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera egon behar zutenez indarrean, foru-erakundeak foru-dekretu araua onartu zuen abenduaren 28an izandako Ezohiko Gobernu Kontseiluan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak gaur batzar nagusietan berretsitako neurri fiskalek 52 milioi euroko eragina izango duela adierazi du.

  

1597