Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Bederatzi adineko pertsona sendatu dira jada Gipuzkoan

Bederatzi adineko pertsona sendatu dira jada Gipuzkoan

Eguneko balantzeak bost hildako eta 16 positibo berri utzi ditu Gipuzkoako adineko pertsonen egoitza sareko 16 zentrotan

Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi du, Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan Covid-19n positibo emandako bederatzi pertsonek alta jaso dutela, 14 egun igaro ondoren sintomarik gabe eta testetan negatibo eman eta gero. Horietatik sei, Irungo Caser Anaka Residencial zentroko egoiliarrak dira eta beste hiru Hondarribiko Caser Residencial Betharram egoitzakoak. Beste muturrean, Mendozak zehaztu du, azken datuen arabera, bost lagun zendu direla eta 16k positibo eman dutela Covid-19n, lurraldeko 16 egoitzetan, atzo baino bat gehiago, kasu positibo bat gehitu ondoren GSR Aretxabaleta zentroan.

          Beraz, guztira, 5.425 pertsona artatzen diren lurraldeko 65 egoitzetan, bederatzi lagun sendatu dira, 56 hil dira eta 281k eman dute positibo Covid-19n. Azken heriotzak eman dira Arrasateko Iturbiden, Ordiziako San Josen, Tolosako Iurreamendin eta Donostiako Berran, bi heriotzekin. 31 pertsona eraman dira Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eta 27 daude ospitaleratuta.

Bozeramaileak adierazi du adineko pertsonek gaixotasuna gainditzea “itxaropentsua” dela, eta gaineratu du badirela pertsona gehiago sintomarik ez dutenak “eta espero dugu datozen egunetan ere berri onak ematen jarraitzea”. Mendozak, beste egun batez, eskertu du egoitza zentroetako talde profesionalak egiten ari diren lan “goresgarria”, eta animo eta indar mezu bat helarazi die gaixotasun honen aurka borran jarraitzen duten pertsona guztiei.

  

1636