Bere historiako LPE handienaren egutegia finkatu du Foru Aldundiak
Bere historiako LPE handienaren egutegia finkatu du Foru Aldundiak
Enplegu publikoko 338 plazen deialdiak datozen hiru urteetako iraileko hilabetean egingo dira
Mahai gainean dauden lehentasunak eta beharrak aztertu ondoren, joan den urtean onartutako Lan Publikoko Eskaintzaren hautapen prozesuetarako deialdien egutegia ezagutarazi du Foru Aldundiak. Bere historiako LPErik handiena da, 338 plazarekin. Datozen hiru urteetako (2019, 2020 eta 2021) iraileko hilabetean egingo dira publiko oinarriak, deialdi bakoitzaren baldintzak, eta azterketak egiteko gutxieneko epeak, probak multzoka antolatuz, baliabideak modu efizientean aprobetxatzeko.
Hori horrela, aurtengo irailean plaza hauei dagozkien deialdiak onartu eta komunikatuko dira: GT itzultzailea-interpretea (2), GT ingurumena (3), albaitaria (4), arkitektura (6), GT berdintasuna (4), psikologia (4), ET ogasuna (21), delineatzailea (5), zerga agentea (10), obra eta proiektuetako teknikari laguntzailea (9), eta artxibo eta zerbitzu orokorretako ofiziala (3 plaza desgaitasun intelektuala dutenentzako).
2020. urteko irailean, berriz, honako plazetarako deialdiak zabalduko ditu Aldundiak: GT ekonomialaria (14), ET kudeaketa ekonomikoa (14), ET informatikoa (6), arkitekto teknikoa (9), ET nekazaritza (10), ET basoak (4), ET instalazioak (2), ET herrilanak (6), topografoa (2), erizaina (2), ET kirolak (5), ET lan arriskuen prebentziokoa (2) eta ET euskararen sustapena (3). Azkenik, 2021eko irailean deialdi hauen txanda iritsiko da: letradua (2 plaza), telekomunikazioko ingeniaria (3), bide, kanal eta portuetako ingeniaria (3), ET administrazio kudeaketa (12), administraria (71), basozaina (11), zaintzailea (13) eta bidezain-makinista gidaria (9).
Komeni da gogoratzea lehen hautapen probetarako deialdiak urtarrilean argitaratu zirela jada. Hauek dira: Administrazio Orokorreko Teknikarien (AOT) 35 plaza; gizarte langileak, 25 plaza; eta medikuentzako 4 plaza. Azterketak udan izatea espero da. Gainera, urtarrilaren 11n egin ziren iruzur fiskalari aurre egiteko teknikarien LPEaren azterketak, 35 lanpostu guztira, aurreko urteetan onartutako plazen bidez. Legealdi honetako bigarren probak izan ziren, 2017an suhiltzaileen 25 plaza betetzeko azterketak egin baitziren. Gainera, aurtengo estatuaren aurrekontu legeak ezarritako birjartze tasa, lehentasunezko lanpostuetan enplegu publikoko eskaintzak egitea ahalbidetzen duena, aprobetxatuko da 2019an suhiltzaileen LPE berri bat onartzeko, beste hainbat plazaren artean.
Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azpimarratu duenez, LPE honek “mugarri argia” ezartzen du Aldundiaren modernizazio eta eraldaketa prozesuan. “Epe ertainean bere oinarriak sendotzeko aukera emango digu, enpleguaren sustapena edo gizarte arreta bezalako ekintza estrategikoak indartuz, eta aldi berean, bere etorkizuneko eraldaketari ekiteko moduan kokatuko du Aldundia, Gipuzkoaren gizartearen behar eta eskari berriei, eta lurraldean finkatzen ari garen gobernantza ereduari egokituz”.
“Erabakigarria” den une honetan, Aldundian belaunaldi erreleboari aurre egiteko aukera emango du LPEak, datozen hamar urteetan 900 langile baino gehiagok hartuko baitute erretiroa, hau da, plantillaren erdia gutxi gora behera: “Erakundearen ateak zabaltzen dizkiegu perfil berriei, gazteei eta talentuari”, nabarmendu du Lasak. Ez da hori helburu bakarra, ordea. Izan ere, LPEak “sekulako garrantzia” edukiko du Aldundiaren enplegu publikoaren egonkortasuna areagotzeko, oinarrietan aintzat hartuko baita administrazio publikoetako eskarmentua. “Interesa duten persona guztiei parte hartzeko deia luzatzen diegu, ezinbestekoa delako zerbitzu publikoa, eta herritarren exijentziarekiko erantzuna hobetzen jarraitzeko”, adierazi du.
1715