Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Berrikuntza berdea sustatzera dei egin du Aldundiak, gizarte eta ekonomia lehiakortasun faktore gisa

Berrikuntza berdea sustatzera dei egin du Aldundiak, gizarte eta ekonomia lehiakortasun faktore gisa

Gipuzkoako diputatu nagusiak Plastigaur enpresaren inbertsio teknologikoak goraipatu ditu, zeinen bitartez produktu "guztiz birziklagarriak" eskaintzeko eta prozesuen eraldaketa energetikoan aurrera egiteko gaitasuna lortu duen

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, berrikuntza berdea bultzatzearen garrantzia azpimarratu du gaur goizean, gizarte eta ekonomia "lehiakortasunari eutsi" eta lurraldearen susperraldi ekonomikoa "bizkortu" ahal izateko. "Funtsezkoa izango da datorren urteotan ekonomia iraunkorrago eta klimatikoki neutroago bat eraikitzeko eraldaketan sakontzea,  gure industriaren eta enpresen garapena markatuko baitu horrek. Beraz, desafio honi aurre egiteko gaitasunak baldintzatuko du gizarte gisa dugun oreka eta etorkizuneko ongizate maila", adierazi du.

Olanok Plastigaur enpresara egindako bisitan eskaini ditu adierazpenok. Ekonomia Sustapeneko eta Ingurumeneko diputatuekin, Jabier Larrañagarekin eta Jose Ignacio Asensiorekin, hurrenez hurren, Andoaingo lantegiaren instalazioak bertatik bertara ezagutu ditu diputatu nagusiak. Bertan gogorarazi duenez, pandemiaren ondorioek "areagotu eta bizkortu" egin dituzte Gipuzkoak lehenagotik zituen erronkak. Ildo horretan, klima aldaketaren aurkako borroka eta ekonomia berderako trantsizioa lurraldeko "lehentasun nagusien" artean kokatu ditu. "COVID-19ren krisiaren ondoren, susperraldi berdea bultzatzea da Europak egungo testuinguruari aurre egiteko ezarritako ardatzetako bat. Gure lurraldea planteamendu horrekin % 100ean lerrokatuta dago. Funtsezko elementua da, izan ere, krisialdi honetatik atera nahi badugu lanpostu berriak sortuz, lurralde moderno eta sozialki aurreratu gisa indartuz ", gaineratu du Olanok.

Diputatu nagusiak adierazi duenez, berrikuntza berdearen, ekonomia zirkularraren eta eraldaketa energetikoaren alorrean Plastigaur egiten ari den apustuek "bidea" markatzen dute "susperraldi berde" hori gauzatzeko. Izan ere, enpresa andoaindarrak 10 milioi baino gehiago inbertitu ditu azken hiru urteotan MDO bezalako teknologi jasangarriak martxan jartzeko, eta horri esker, guztiz birziklagarriak diren produktuak ekoizteko gaitasuna garatu du.

          Plastigaurrek 2022rako bere helburuaren barruan egin ditu inbertsio horiek; bere ontzi eta enbalajeen %100 birziklagarriak izatea du jomuga. Hori horrela, makinerian etengabe inbertitzeko duen politikaren barruan, ezaugarri tekniko berberak dituen eta guztiz birziklagarria den produktu bat eskaintzea dute xede. Era berean, ekonomia zirkularrari izaera estrategikoa eman dio eta horretara bideratutako sail espezifiko bat sortu du, baita Ekogaur gama ere, non birziklagarriak diren eta material birziklatuz osatuak dauden produktuak merkaturatzen dituen.

Andoaingo konpainia, gainera, % 100 berriztagarria den energiarekin mugitzen da apiriletik, eta, beraz, urtebetean 500.000 autok baino gehiagok erabiltzen duten energia aurreztea espero dute. Ekintza hortaz gain, urtero energia-kontsumoa % 3 murrizteko konpromisoa dute eta fabrikan eguzki-plakak instalatzeko erabakia hartu dute. Duela gutxi, gainera, polimero biodegradagarrien garapenean espezializatutako Polimerbio enpresan parte hartzen hasi da.

"Plastigaurren garbi daukagun moduan, ontzi eta bilgarri plastikoen soluzio iraunkorrak merkatuan jartzeko desafioaren eta konponbideen parte gara. Horretarako, gure negozioaren alderdi guztietan ekonomia zirkularra eta ekodiseinua aplikatzean datzan iraunkortasuna jartzen dugu helburu estrategikotzat. Horrela, bezeroei %100 birziklagarriak diren produktuak (adibidez, MDO) edo material plastiko birziklatuzko konposatuak eskaintzen dizkiegu, %100 berriztagarria den energia kontsumitzen dugu efizientzia energetikoarekin batera, eta gure ingurumen-inpaktua kontrolatzeko eta murrizteko prozesuak aplikatzen ditugu ", azaldu du Luis Artolak, Plastigaurreko zuzendari nagusiak.

Plantara egindako bisitan, Plastigaurren historia eta jasangarritasunaren aldeko apustu estrategikoa ezagutzeaz gain, foru-ordezkariek in situ ezagutu dituzte instalazioak eta egindako azken inbertsio teknologikoak. Illarramendi industrialdean kokatutako enpresak 2019an ospatu zuen 30. urteurrena eta gaur egun 140 langile ditu.

  

1994