Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Bide berriak egongo dira aurten errenta aitorpena on-line aurkezteko

Bide berriak egongo dira aurten errenta aitorpena on-line aurkezteko

Ogasunak 289 milioi euro itzuliko ditu eta beste 264 milioi jasoko 2019ko Errenta kanpainan. Astelehenean emango zaio hasiera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bide berriak ireki ditu datorren astelehenean hasten den 2019ko Errenta kanpainan zergadun guztiek “etxetik mugitu gabe” aurkeztu ahal dezaten. Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañagak azaldu duenez, Covid-19 gaitza dela eta herritar gehienak konfinamendu egoera daude momentu honetan eta, ondorioz, ezinezkoa da aurrez aurreko arreta ematea. Beraz, atzeratu egin behar izan da errentaren modalitate mekanizatua. “Hau honela izanda, gure ahalegin guztiak dauzkagun zerbitzu telefoniko eta telematikoetan jarri dugu”, esan du.

          “Oso erreminta teknologiko potentea daukagu, Zergabidea plataforma (zergabidea.gipuzkoa.eus) hain zuzen. Baliabide honek berebiziko garrantzia izango du aurtengo Errenta kanpaina honetan. Orain arte bezala, autolikidazio proposamena jaitsi, aldatu eta onartu ahal izango da bertatik eta, jaso ez dutenen kasuan, Ogasunak dituen datu fiskalak jaitsi daitezke, hauekin aitorpena osatu eta aurkezteko. Falta diren datuen kasuan, hauek ere gehitzerik badago, eta beharrezko egiaztagiriak atxikitzeko aukera ere ematen du”, azaldu du Larrañagak. Zergabideara sartzeko beharrezkoa da klabe operatiboa izatea, B@kQ kodea, B@k kodea, ziurtagiri elektroniko edota posta eta pasahitz baten bidez erregistroa egitea. Hala ere, pausu hau errazte aldera, Ogasunak prozedura telematikoa jarriko du martxan, zergadunak etxetik mugitu gabe B@k klabea eskuratu dezan.

Gainera, Gipuzkoako Ogasunak nabarmen indartu du Errenta kanpainako telefonozko arreta zerbitzuan dagoen langileria (943113000). Aitorpena bere kabuz osatu ezin dutenentzat, berriz, foru erakundeak erraztu egingo du jarduera hau beste pertsona bati delegatzeko prozedura. Ordezkaritza emateko tramite hau ere guztiz telematikoa izango da. “Herritarrei helarazi nahi diegun mezua da beldurrik ez izateko eta ausartu daitezela Zergabidearen bitartez aitorpena aurkeztera, bereziki Ogasuneko bulegoetan aurkezteko ohitura duten zergadun horiek. Eta, kapaz ez direla uste badute, beste pertsona batean delegatu dezatela. Aukera denak irisgarriak dira oso eta irekita daude, zergadunaren esku-eskura”, azaldu du Larrañagak. Nabarmendu duenez, helburua da Errenta kanpainaren % 100 modu telematikoan egitea.

 

Aurreikuspenak eta aitorpen kopurua

Foru diputatuak gaur goizean streaming bidez eman duen prentsa agerraldian aurkeztu ditu berritasun hauek. Ekitaldiaren xedea 2019ko Errenta kanpaina aurkeztea izan da, eta berekin izan dira Jokin Perona Ogasuneko foru zuzendaria eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordea. Azaldu dutenez, Aldundiak 390.000 aitorpen jasotzea espero du kanpaina honetan, aurreko urtekoan baino 7.000 gehiago. Foru erakundeak egin dituen aurreikuspenen arabera, 288,8 milioi euro itzuliko dizkie Ogasunak zergadunei, eta hauek 264,2 milioi euro ordainduko dituzte. Saldoa guztira, beraz, 24,6 milioi euro negatiboa da Ogasunarentzako. Ogasuneko foru diputatuak kanpainaren zifrak modu positiboan baloratu ditu, “aurreko urtekoaren antzeko zifrak baitira, eta hura oso kanpaina ona izan zen”.

Larrañagak aukera baliatu nahi izan du baita ere Covid-19 gaitza zuzenean pairatzen ari diren herritarrei elkartasuna adierazteko. Eskerrak eman dizkie ondoren zerbitzu kritikoetan lanean ari diren guztiei, hala nola, osasuna, distribuzioa edota logistika. Talde honetan sartu ditu baita ere foru Ogasuneko profesionalak, egiten dute lana aldarrikatuz: “Ogasuna zerbitzu publiko guztiak sostengatzen dituen oinarrizko zutabea da, erakundeak, osasuna eta zerbitzu sozialak finantzatzeko erreminta. Ondorioz, zilegi da aitortzea krisi orokorreko egoera honetan foru erakundeko langileak egiten ari diren lana”.

 

Datak

Kontutan hartu beharreko daten artean, lehenengoa apirilaren 6a da, ordutik aurrera onartu ahal izango baitira autolikidazio proposamenak. Garrantzitsua da baita ere apirilaren 15a, egun horretan hasten baita internet bidez aitorpena aurkezteko epea, Zergabidea plataformaren bitartez. Uztailaren 29an, bestalde, bi modalitate hauek aurkezteko epea amaituko da. Hirugarren modalitateak, Ogasuneko bulegoetan egiten den errenta mekanizatuak, oraindik ez dauka datarik, egoera normaltasunera itzultzeko zain. Bitartean, foru erakundetik diputatuaren bitartez neurri honek kaltetu duen kolektiboari helarazten dion mezua da aitorpena internet bidez aurkeztearena.

 

Autolikidazio proposamenak

Autolikidazio proposamenei dagokionean, Aldundiak 257.714 proposamen osatu ditu, aurreko urteko kanpainan baino 7.100 gehiago. Hauek 303.074 zergadun gipuzkoarrei eragiten diete, hau da, aitorpen guztien % 66,1. Jada 60.000 inguru bidali ditu Ogasunak, eta aurreikuspenen arabera, 221.000 zergadun izango dira modalitate hau aukeratuko dutenak bere aitorpena aurkezteko. Proposamenak web orrian ere kontsultatu daitezke, honako esteka honetan: www.gipuzkoa.eus/ogasuna/proposamena. “Zergadunarentzako modalitaterik erosoena da zeren eta, hau ados badago, proposamena onartzea besterik ez da”, azaldu du diputatuak. 

          Proposamena onartzea posible da baita ere zenbait kontzeptu aldatuta: etxebizitzan alokairuengatik lortutako etekinak, lokalak alokatzeagatik lortutakoak, ohiko etxebizitzaren alokairuaren kenkaria, dohaintzengatik kenkaria eta kuota sindikalaren kenkaria. Onarpena emateko NAN eskatuko da, eta baita proposamenean agertzen den kodea ere. Telefonoz egin daiteke, 943113000 zenbakira deituta (aldaketarik gabe, 8:00etatik 20:00etara; aldaketekin, bestalde, 8:00etatik 15:00etara). Onarpen edo aurkezpen epea uztailaren 29an amaituko du, ohikoa baino hilabete beranduago.

  

2538