Bidegik autobideen erabiltzaileentzako arreta zentro berri bat ireki du Bergaran
Bidegik autobideen erabiltzaileentzako arreta zentro berri bat ireki du Bergaran
Bulegoa Ondartza baserrian dago, Bergara-Iparraldeko AP-1erako sarreran, eta astelehen honetatik aurrera 8:00etatik 20:00etara egongo da zabalik.

Otsailaren 3tik aurrera, astelehena, Bidegik Gipuzkoako autobideen erabiltzaileentzako aurrez aurreko arreta emateko zentro berri bat izango du Bergaran, Ondartza baserrian (Goiauzoa 34), Bergara-Iparraldeko AP-1erako sarreran. Arreta gune berri horrek zerbitzu irisgarriagoa eskainiko die Gipuzkoako autobideen erabiltzaileei eta lurraldean zehar zirkulatzen duten garraiolariei. Bulego berriek 90 m²-ko azalera dute, lau arreta-puntu eta hamar aparkaleku ditu hara gestioak egitera joaten direnentzat. Zentro hori Aritzetan (Usurbil) dagoenaren osagarri izango da, eta biek sarean jardungo dute, etengabeko arreta ordutegia mantenduz 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera, lanegunetan. Arretarako telefono zenbakia 943 105 106 izango da.
Irekieraren aurretik, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak instalazio berriak bisitatu dituzte gaur goizean. Mendozak nabarmendu duenez, "bulego berri horrek Debagoienetik, Debabarrenetik, Urola Garaitik eta Goierritik Bidegirekin kudeaketaren bat egin behar dutenen joan-etorriak murriztea ahalbidetuko du, aurrez aurreko arretarako sarbidea erraztuz, Usurbileraino joan beharrik gabe".
“Gipuzkoako errepideak erreferente dira gaur egun artapenean eta digitalizazioan, baina baita herritarrei eskaintzen diegun arretan ere, dela bide digitaletatik, dela aurrez aurre. Zerbitzu berri hau beste urrats bat da gure errepideak erabiltzen dituztenen erosotasun eta segurtasunean eragina izango duen hurbileko eta kalitatezko arreta eskaintzeko, betiere lurralde orekaren ikuspegitik. Beste urrats bat Bidegik Gipuzkoako gizarteari eskaintzen dion kalitatezko zerbitzu publikoan”, laburbildu du diputatu nagusiak.
Bulego honetan, jada 141.200 terminal operatibo dituen Abiatu gailuarekin lotutako kudeaketak egin ahal izango dira, hala nola eskaerak, bajak, matrikula aldaketak edo Free Flow arkuen bidezko joan-etorrietarako ordainketa-txartelen lotura, besteak beste.
Eskoriatzako AP-1eko lotunean hobetze lanak
Bisita aprobetxatuz, foru arduradunak Lesarriko tunela birgaitzeko obretara ere joan dira, AP-1ean. Donostiarako noranzkoko hodian egiten ari diren lanak aurreikusitako martxan doaz, eta prebisioa da tunela maiatz amaierarako berriro ireki ahal izatea. Horrela, Lesarriko tunelaren bi hodiak erabat birgaituta geratuko dira.
Lesarriko tunela birgaitzeko proiektuak barne instalazioen berrikuntza integrala aurreikusten du, baita bi hodien euspena eta estaldura indartzea ere. Hodi bakoitzak 1.200 metroko luzera du noranzko bakoitzean.
Bestalde, Bidegik AP-1 autobidearen lotunea hobetzeko obrak hasiko ditu Eskoriatzan, autobidearen irteeran segurtasuna handitzeko eta ikuspena hobetzeko. Bilbotik edo Behobiatik Gasteizerako noranzkoan Eskoriatzara doazen ibilgailuentzako irteera-adarrean stopa kentzea aurreikusten du proiektuak.
Konfigurazio berriarekin, bide-adarraren segurtasuna hobetuko da, stopa kendu eta egungo trazadura aldatuko baita. Irteerak 200 metro inguruko azelerazio-errei berri bat izango du, Bilbotik edo Behobiatik datozen trafikoen irteera-adarrarekiko elkargunean bide-emate batekin.
Azelerazio-errei berri hori egiteko, gaur egun trazadura berriaren gainean dauden argiztapen-kutxatilak eraitsiko dira eta argiztapen- eta telekomunikazio-lineak kenduko dira. Era berean, autobidearen eskuineko ezponda indartuko da, sareak eta gunitazko bi geruza jarriz.
Obraren aurrekontua 883.000 €+ BEZa da, eta sei hilabeteko egikaritze-epea aurreikusten da.
Lan horien ondorioz, AP-1 autobideko 123. lotunea itxita egongo da bi noranzkoetan, otsailaren 8ko 06:00etatik (larunbata) otsailaren 9ko 06:00etara (igandea), prestaketa lanak egin ahal izateko. Aldi horretan, Arrasateko 130. lotunea (130,500 kp) erabiltzea gomendatzen da.
5021