Bidegik bikoiztu egingo du Aritzetako aparkaleku disuasorioko plaza kopurua
Bidegik bikoiztu egingo du Aritzetako aparkaleku disuasorioko plaza kopurua
2018. urtea amaitzerako obrak hasiko dira, 156 plaza gehiago sortzeko
Gipuzkoak diputatu nagusi Markel Olanok iragarri du Bidegi foru agentziak bikoiztu egingo duela Aritzetako parking disuasorioan dauden aparkalekuen kopurua, eta gaur egun dauden 156 plazak izatetik 312 izaetara pasatuko dela. Urtea amaitu baino lehen, foru agentziak proiektua idatzi eta obra lehiaketara aterako du, gutxi gorabehera 680.000 euroko aurrekontuarekin.
«Gipuzkoako Foru Aldunditik beti animatu ditugu gidariak beren ibilgailu pribatua aparkatu eta, ahal dutenean, garraio publikoa erabili dezaten; eta hori ezin dutenean, ibilgailua konpartitu dezaten. Askoz ohitura jasangarriagoa da ingurumenerako eta ekonomiarako ere. Duela 11 urte Aritzetako aparkaleku disuasorioa inauguratu zenetik, hazi egin da erabiltzaile kopurua urtez urte, eta dagoeneko txikia geratu da» azaldu da Olanok. Aparkalekua luzatzea edo zabaltzea ezinezkoa denez, Bidegik erabaki du solairu bat eranstea, hau da, goiko solairu bat eraikitzea. «Obrak amaitzen direnean, Aritzetako aparkalekuaren erabiltzaileek 312 plaza izango dituzte», zehaztu du diputatu nagusiak.
Asmo berri hau iragarri du Bidegiren bezeroen arreta zentro berrian. Joan zen asteartetik, urtarrilaren 23tik, Aritzetako arreta zentroan era presentzialean atenditzen dira AP-8 eta AP-1 autobideetako erabiltzaileak, bai eta Abiatu eta AT sistemen erabiltzaileak ere. Bide Azpiegituretako foru diputatu Aintzale Oiarbidek adierazi du bidesariak ordaintzeko AT sistema berria martxan jarri denetik, kontsultak ugaritu egin direla, bai telefonoz bai aurrez aurre, eta horregatik aurreikusi zutela bezeroen arreta zentroa Zarautzetik Aritzetara aldatzea. Aritzetako arreta zentroaren instalazioak garai batean taberna, jatetxea eta denda egondako eraikinean daude. Gaur egungo beharretara eraikina egokitzeko 1,6 milioi euroko eraldaketa sakon bat egin dio eraikinari Bidegik.
Zentroaren kokalekuak gelditzeko erraztasuna ematen die erabiltzaileei, nahiz ibilgailu txikietan nahiz kamioi handietan iristen direnei, era guztietako ibilgailuetarako plazak egongo baitira. «Arreta zentroak berak 33 aparkaleku izango ditu turismoentzako, eta ibilgailu astunak kamioientzako berariazko lekuetan aparkatu ahal izango dira, Aritzetako zerbitzugunean, Behobiako noranzkoan», adierazi du Oiarbidek.
Bidegiren bezeroen arreta zerbitzuaz gainera, Aritzetako zentroak AT sisteman alta emateko dauden bost kioskoetako bat dauka bertan. Horri dagokionez, Bide Azpiegituretako diputatuak aditzera eman du N-1 eta A-15 ean kamioientzat jarritako bidesari sistema berria ondo funtzionatzen ari dela, eta balantze positiboa egin du abian jarri deneko lehenbiziko 15 egun hauetaz. «Oraindik goiz da sistema berriaren azterketa xehea egiteko, baina aurreratu dezakegu lehenbiziko bi aste hauetan AT sistemaren arkuetatik batez beste egunean 32.000 ibilgailu astun igaro direla astegunetan, eta horietatik % 85ek ordaintzen duela bidesaria, dagoeneko, Via-T sistemaren bidez», zehaztu du Oiarbidek. Amaitu du esanez sistema ondo doan arren «urratzaileak identifikatzen» hasi direla, eta Bidegik bidali dituela «dagozkien errekerimenduak». Hurrengo urratsak Ogasun Departamentuak burutuko ditu.
2372