Aldundiak Jaizubia–Amute bidegorriko obren lizitazioa onartu du
Aldundiak Jaizubia–Amute bidegorriko obren lizitazioa onartu du
Bidegorriak 1,4 kilometroko distantzia izango du, eta Ederbidea mugaz gaindiko proiektuaren parte da.
Bidegorri berriak 1,4 milioi euroko aurrekontua du, eta, aurreikusitakoaren arabera, sei hilabeteko epean egikarituko da.
Marisol Garmendiak zuzentzen duen Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru-departamentua Hondarribiko Jaizubia-Amute bidegorria eraikitzeko obrak lehen seihileko honetan hasteko azken administrazio-izapideak egiten ari da.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak bidegorriaren proiektua lizitatzeko kontratazio-agiria onartu du. Proiektua, nolanahi ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Nafarroako Gobernuak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak garatzen duten Ederbidea Europako programan (Poctefa) txertatuta dago. 1.385 metroko luzera duen bidea da, oinezkoak eta bizikletak ibiltzeko. Hondarribiko Amute auzoa eta Bidasoa Ospitalerako sarbidea ematen duen biribilgunea lotuko ditu, eta errepidearen ezkerraldearekin paralelo joango da.
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru-diputatu Marisol Garmendiak adierazi duenez, “bidegorria izapidetzea aurreikusi baino lan konplexuagoa eta luzeagoa izan da. Alegazioen fasea amaitu eta aldeko txosten guztiak jaso ondoren, joan den azaroan behin betiko proiektua onartu genuen, eta orain, azkenean, abian jarriko da bidegorria egiteko obren lizitazioa, eraikuntza-lanak maiatzean edo ekainean esleitu eta hasi ahal izan ditzagun".
Bidegorri berriak 1,4 milioi euroko aurrekontua du. 4 metroko zabalera izango du, eta, beraz, beharrezkoa izango da bi errepideen marjina zabaltzea eta inguruan dauden erreka txikiak zeharkatzea. Eraikuntza-lanak 2018ko lehen seihilekoan hasiko dira, eta 6 hilabeteko epean egikarituko dira.
Bidegorria Ederbidea mugaz gaindiko proiektuaren barruan dago. Proiektu horrek Poctefa-Interreg programaren 9,4 milioi euroko guztizko aurrekontua du (% 65 Europako ekarpena da), eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bitartez bideratzen da.
Ederbidea programa Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Nafarroako Gobernuaren eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren parte-hartzearekin garatzen da, eta “bizikletaren erabilera aisian edo turismoan zein eguneroko joan-etorrietan bultzatu eta sustatzeko politikak ezartzea du helburu", adierazi du Marisol Garmendiak. “Helburu horren gauzatze nagusia Baiona, Donostia eta Iruñea bidegorrien bitartez lotzea izango da. Proiektu garrantzitsua da, eta beste bi lurralderekin partekatzen dugu: Nafarroarekin eta Akitaniarekin. Nolanahi ere, bizikletaren erabileraren eta mugaz gaindiko mugikortasun jasangarriaren aldeko intentsitate eta aberastasun handiko baterako lana egin beharra ekarri digu".
1874