Biohondakinaren birziklatze-tasa 7 puntu igo da 2016an
Biohondakinaren birziklatze-tasa 7 puntu igo da 2016an
Asensiok nabarmendu du frakzio guztiek bilakaera positiboa izan dutela beraz, “bosgarren edukiontziak ez du gaikako bilketa kaltetzen, hobetu baizik”
Birziklatze-tasa %46,12koa da, 2020. urterako Europar Batasunak ezarritako helburutik lau puntura dago. Papera eta kartoiaren zein beiraren birziklatze tasak, berriz, Europan 2020rako ezarritako helburuak gainditzen ditu.
Nahiz eta gaikako bilketa tasa nabarmen hobetu den, oraindik ere 160.000 tona errefus inguru dago eta Gipuzkoak momentuz ez du hauei tratamendu emateko azpiegiturarik
Ingurumeneko foru diputatu Jose Ignacio Asensiok, etxeko hondakinen bilketa eta birziklapenari buruzko 2016ko datuak eman ditu.
Datuak oso onak direla jakinarazi du, 2015. urtearen aldean gaikako bilketa tasa igo egin dela adierazten baitute, eta horrek gipuzkoarrek duten kontzientziazio eta konpromiso maila altua erakusten du.
Gaikako bilketaren tasa % 50,20ekoa izan da, hau da, 2015ean baino 1,11 puntu gehiago; baina benetan igoera nabarmena materia organikoaren birziklatze tasan gertatu da, % 36,04ko tasara iritsi baita, iaz baino 6,98 puntu gehiago. Grafikoan ikus daitekeen bezala, frakzio guztien birziklatze-tasek bilakaera positiboa izan dute 2015etik 2016ra.
“Materia organikoa bereizita biltzeko sisteman izandako hobekuntzak bosgarren edukiontziak gaikako bilketa kaltetzen ez duela frogatzen du, guztiz kontrakoa, hobetu egiten duela. Bilketa-sistema atsegin honek hiritarrak hondakinak bereiztea motibatzen ditu”, adierazi du Asensiok. Herritarren konpromiso handi hori goraipatu eta eskertu du eta konpromiso eta elkartasunaren bidetik jarraitzeko animatu ditu herritarrak.
Dena dela, Ingurumen diputatuak lanean jarraitu beharra dagoela azpimarratu du. “Bilketa eta birziklatze maila altuak lortu ditugu, eta hondakin mota batzuetan Europar Batasunak 2020rako ezarritako helburuak ere gainditu ditugu, baina herritarrak kontzientziatzeko lanean jarraitu behar dugu birziklatze mailarik altuenak lortzeko, arreta berezia jarrita ontzien bilketari, Europak ezarritako helburutik urrutien gaudelako arlo horretan”.
Papera eta kartoia zein beiraren frakzioei dagokienez Europako helburua gainditu egin da. Beiraren kasuan, 2016an % 76,53ko birziklapen-tasara iritsi da, %70ko helburua gaindituz. Papera eta kartoian tasa %71,94koa da, Europak ezarritako %70ko helburua betez.
Igoera hori mankomunitate guztietan gertatu da, Urola Erdian izan ezik – azken honetan zertxobait egin du behera –. Asensiok azaldu du mankomunitateen arteko desberdintasunak ez direla bilketa motaren ondorio, baizik eta gaikako bilketa sistemak egotearen edo ez egotearen ondorio, besteak beste, bosgarren edukiontzia, atez atekoa, edo sistema mistoak, halakoak dauden mankomunitateetan emaitzak besteetan baino nabarmen hobeak baitira.
Asensiok azaldu du 2016an sortutako 321.931 hiri-hondakin tonatik 161.621 tona bildu direla gaikako bilketaren bitartez, %50,20a. “Prognosiak adierazi zuen bezala hazkunde ekonomikoaren eta hondakinen sorreran artean harreman zuzena dago. Nahiz eta gaikako bilketa tasa nabarmen hobetu den, oraindik ere 160.000 tona errefus inguru dago eta Gipuzkoak momentuz ez du hauei tratamendu emateko azpiegiturarik ”.
Eranskinak:
1732