Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Biozientziak Gipuzkoa Fundazioak 2,75 milioi bideratu ditu biozientziei lotutako hamar start up-en jarduerara

Biozientziak Gipuzkoa Fundazioak 2,75 milioi bideratu ditu biozientziei lotutako hamar start up-en jarduerara

Gipuzkoan sektorea sendotzeko egindako jardueren balantze “oso positiboa” egin du Fundazioak.

Biozientziak Gipuzkoa Fundazioak azken bost urteotan sektore biosanitarioko Gipuzkoako 10 start up babestu ditu, 2,75 milioi euroko zuzkidura ekonomikoarekin, eta horri esker, zuzeneko 70 lanpostu finkatu dira. Fundazioko kide diren bi erakundeek -Foru Aldundiak eta Kutxa Fundazioak- bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte lortutako emaitzak eta enpresa horien etorkizuneko perspektibak, foru jauregiko Etorkizuna Eraikiz Gunean egin den lan jardunaldian; bertan, erakunde sustatzaileek balantze “oso positiboa” egin dute.

Hain zuzen ere, aurten 5 urte betetzen dira Fundazioa berrantolatu zela eta 10 urte sortu zela, eta ekitaldian parte hartu dute Markel Olano diputatu nagusiak, Carlos Tamayo Kutxa Fundazioko presidenteak, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, eta Fundazioak babestutako hamar start upetako arduradunek, eta azken horiek proiektuen nondik norakoak azaldu dituzte. Horren ondoren, solasaldi bat izan da, Lurraldearen etorkizunean biozientzien sektoreak duen garrantziari buruz, Esther Paguey BIC Gipuzkoako proiektuetako zuzendariaren gidaritzapean. Bai Olanok eta bai Tamayok Biozientziak Gipuzkoa Fundazioak egiten duen lana goraipatu dute, ekimen ekintzaileari eta enpresa proiektu berriei lagunduz, “funtsezkotzat” jo duten sektorea sendotzeko helburuarekin.

Enpresei laguntzeko, hamar urterako partaidetza maileguak ematen dira, gehienez ere 250.000 euro enpresa bakoitzarentzat, start upak etapa goiztiarretan gara daitezen bultzatzeko. BIC Gipuzkoaren bidez ere ematen da aholkularitza. Hautaketa bi batzorderen bidez egiten da. Batzorde horiek bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa ebaluatzen dute, kalitate proiektuak identifikatuz eta merkatura iristeko baliabideak erraztuz.  

Era berean, hamar start up horietako bi, Naru Intelligence eta Somaprobes, Fundazioak iaz egindako aparteko deialdian parte hartzen ari dira. Deialdi horren bidez, I+G+B proiektuak finantzatu nahi dira, COVID-19a kutsatzea prebenitzeko eta pazienteen diagnostiko, tratamendu eta jarraipen hobea egiteko; 455.000 euro bideratu dira deialdi horretara. Deialdi horren bidez, lau proiektu garatzen ari dira pandemiaren diagnostikoaren eta pazienteen monitorizazioaren arloan, eta horien emaitzak apirilean jakinaraziko dira.

Markel Olanok nabarmendu duenez, “hainbat eragile publiko-pribaturekin elkarlanean, bere garaian landatutako hazia fruituak ematen ari da”, eta “Gipuzkoak biozientzien arloan duen kokapena indartzea ahalbidetu du, estrategikoa baita, bai kalitatezko enplegua eta gure produkzio ehuna eraldatzeko jarduerak sortzeagatik, bai pertsonen osasunari eta ongizateari egiten dion ekarpenagatik.  Esparru horretan, enpresa horien jarduerak eragin zuzena du, aurrerapen handiak egiten ari baitira finantzaketa lortzeko eta produktuak merkaturatzeko orduan”.  Gaineratu duenez, mundu mailan punta-puntakoak diren enpresek “Gipuzkoan kokatzea erabaki izanak” berretsi egiten du “eremu horretan ekosistema erakargarri bat sortzeko gure lurraldearen apustua, guztiz bat datorrena Europak ekonomia suspertzeko eta pandemia osteko agertokia eraikitzeko ezarritako jarraibideekin”.                

Bestalde, Carlos Tamayok honako hau azpimarratu du: “XXI. mende honetan, zientzia, ikerketa teknologikoa eta berrikuntza dira enpresa garapenaren oinarriak, eta edozein lurralderen aurrerapenaren zutabeen funtsezko parte dira; gainera, hori are beharrezkoago dela ikusi da azken urte honetan, gure gizarteak bizi izan duen eta bizitzen ari den egoera zaila dela eta”. Biozientziak proiektuaren bidez, ikerketaren bikaintasuna, transferentzia teknologikoa eta enpresa garapena sustatuko dituen kultura bat bultzatzeaz gain, “Gipuzkoako sektore biosanitarioak duen garrantziaz sentsibilizatu nahi dira herritarrak, eremu biosanitarioari lotutako enpresa proiektu berriak sustatzeko, pertsonen ongizatean lagunduko dutenak eta lurraldean kalitatezko enplegu berriak sortuko dituztenak”.

Lagundutako enpresak:

Patia Europe (2015): 2 motako diabetesa eta haurdunaldiko diabetesa prebenitzeko eta esku hartzeko tresnak garatzen ditu, aldez aurretiko jarrera genetikoa aztertuz eta profil genetikoan oinarritutako gomendio zehatzak eskainiz.  AEBetako aseguru etxe pribatu nagusiek beren DIABETESpredict proba ordain dezaten lortu du, eta AEBetan banaketa eta lizentzia kontratu bat sinatu du proba kardiobaskularretan erreferentea den GD Biosciences enpresarekin.  Bi patente lortu ditu Europan, GDMpredict eta DIABETESpredict produktuentzat.  2020an, Talde Promoción y desarrollo SCR akziodun bihartu zen.  Halaber, 2020an, finantzaketa jaso zuen I+G proiektu handi baterako (Prediges). Proiektu horretan, haurdunaldiko diabetesaren arloko ikerketa klinikorako estatuko zentro nagusiekin lankidetzan arituko da.

Nexkin medical (2016): Tecnunen esparruan garatutako teknologia transferentzian oinarrituta sortu zen, Gabriel Gastaminza mediku alergologoaren aholkularitzarekin. Larruazala aztertzeko teknologia berritzaileak garatzen ditu, pazienteen diagnostikoa egiten eta tratamenduan izan duten bilakaeraren jarraipena egiten laguntzeko, batez ere alergologiaren arloan, eta etorkizunean beste espezialitate batzuetara zabaltzea aurreikusten du, esaterako, dermatologiara. Gaur egun, proba pilotuak garatzen ari da hainbat ospitaletan, eta dagoeneko lortu ditu patenteen, diseinu industrialen, marken, ziurtagirien eta lizentzien erregistroak.     2020an, bazkide fundatzaileek kapital zabalkuntzak egin dituzte, eta horien artean nabarmentzekoak dira, batetik, Clave Capital erakundearen finantza laguntza berria, Nafarroako Unibertsitatearekin batera sustatutako Tech Transfer I+G+B funtsaren bidez, eta, bestetik, Geroa akziodun bihurtzea, merkatura sartzeko estrategia indartzeko.

Quimatryx (2015): 2015ean sortutako enpresa, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean du egoitza.  Patenteek estalitako farmako epigenetikoak diseinatzeko eta sintetizatzeko laborategiak ditu, sendabiderik ez duten gaixotasunak tratatzeko, hala nola minbizia eta alzheimerra.  Quimatryxek garatzen dituen konposatuak datozen urteetan gizakiengan egindako saiakuntza klinikoetan probatuko dira, eta inbertitzaileen eta farmazia enpresa espezializatuen interesa piztu dute. Ekonomia Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta beste erakunde batzuek finantzatzen dute, besteak beste, Biozientziak Gipuzkoa Fundazioak, Kaertor Fundazioak, SPRIk eta CDTIk.

Deneb Medical (2015): Laser teknologian oinarritutako kirurgia sistema bat garatu du, ehunak denbora errealean identifikatzeko gai dena 2018an, 700 enpresa baino gehiagoren artean hautatu zuten, AEBetako Medtech Innovator Accelerator programan parte hartzeko. Herrialde horretan, kirurgia merkatuko eragile nagusiek oso harrera ona egin diote enpresa honen teknologiari. Finantzaketari dagokionez, Europakoa (ETE-H2020 tresna), estatukoa eta pribatua lortu ditu.

Fesia (2016): Elektroestimulazio funtzionalean oinarritutako neurorerrehabilitazio sistemak garatzen, fabrikatzen eta merkaturatzen ditu, nerbio sistema zentralean gaixotasunak edo lesioak dituzten pertsonentzat. 2018an, produktua saltzeko nahitaezko lizentziak lortu zituen (ISO13485, Fesia Walk eta Fesia Grasp-entzako CE fabrikazio eta markatze lizentzia), eta finantzazioa lortzeko lehen txandan milioi bat euro eskuratu ditu.  2019az geroztik, merkatua nazioartekotzea eta produktu berriak garatzea ditu ardatz. Gaur egun, hainbat kontratu sinatu ditu bere produktuak 18 herrialdetan banatzeko, eta 8 laguneko taldea du.

Naru Intelligence Solutions (2017): Adimen artifizialeko sistemak garatzen ditu minbizia eta gaixotasun kronikoak dituzten pazienteentzat, konplikazioen/kontrako gertaeren inpaktua murrizteko, eta, horrela, ospitaleko errendimendua eta ikerketa klinikoa optimizatzeko.  Mundu errealeko paziente guztien datuetatik (RWD) ikasten duten Machine Learning (ML) algoritmoak erabiltzen ditu, erabaki klinikoak hartzeko orduan oinarritzat hartzeko eta horrela erabakiak hobetzeko.  Milioi 1 euroko inbertsio txanda itxi du Mondragon Fondo de Promoción FCR, Orza, Innvierte eta Ulma funtsekin; 2018az geroztik, Basque Fondo funtsarekin ere ari da lanean.

Miramoon Pharma (2019): EHUren eta Biodonostiaren esparruan sortua, bihotzeko gaixotasunetarako, gaixotasun neurogenetiko arraroetarako eta zahartzearekin lotutako beste gaixotasun batzuetarako potentzial terapeutikoa duten patentatutako molekulen familia bat garatu du.  Teknologia zelula barneko kaltzio fluxuen aldaketan oinarritzen da; ikuspegi erabat berria da, inondik ere. Manuel Laborde saria irabazi zuen 2019an.

Somaprobes (2016): In vitro diagnostikorako gailuak garatzen eta merkaturatzen ditu, nukleasak biomarkatzaile gisa erabiltzean oinarritutako teknologia propioa erabilita. Teknologia hori oinarri hartuta, zunda diagnostiko bat garatu du, odol lagin batean sepsi koadro bat modu presuntiboan identifikatzeko gai dena. Detekzio metodo hori azkarra eta fidagarria da, eta, horrela, medikuek tresna zehatz bat izan dezakete sepsiarekin lotutako sintomatologia duten pazienteak sailkatzeko.  Halaber, COVID-19a diagnostikatzeko test azkarra sortu du; haurdunaldiko proba baten antzekoa da, pertsonaren listutik abiatuta egiten dena.  2020ko ekainean, enpresak 3,4 milioi euroko finantzaketa lortu zuen Europar Batasunetik.

Kusudama (2019): Cidetec enpresatik sortutako oinarri teknologikoko spin-off bat da.  Farmakoak lainoztatze bidez inhalatuz emateko plataforma bat garatu du, biriketako hainbat afekzioren tratamenduen eraginkortasuna hobetzen duena. Plataforma patentatuta dago, eta tamaina txikiko nanopartikulak dira. Nanopartikula horiei esker, farmakoek denbora gehiago igarotzen dute  biriketan, esposizio sistemikoa murrizten dute eta farmakoa biriketan behar bezala banatzeko aukera ematen dute.

Onena Medicines (2019): Bioteknologiako enpresa sortu berria da, eta lehen mailako sendagaiak garatzea du helburu, minbizi errepikakorra eta gaixotasun arraro jakin batzuk tratatzeko.  Onena Medicines Donostiako BIC Gipuzkoa inkubagailu eta azelerazio espazioaren barruan dago.  2020an, Toribio Echevarria saria jaso zuen «enpresa asmoak» kategorian, eta nazioarteko zenbait azeleragailutan parte hartzeko aukeratu dute, hala nola MassChallenge, StartXMed eta BIND4.0 delakoetan.

Fundazioa

Biozientziak Gipuzkoa Fundazioa Aldundiak eta Kutxak sortu zuten 2011. urtearen amaieran, lurraldean garapenerako eta dinamismorako faktore bihurtzeko asmoarekin. 2016an patronatua berritu zen eta estatutuak birdefinitu ziren egungo testuingurua egokitzeko. Fundazioaren jarduera garatu ahal izateko funtsak erdibana ematen dituzte parte hartzen duten bi erakundeek. Aurrekontuaren zatirik handiena sektore biosanitarioko start upei eta pertsona ekintzaileei laguntzera bideratzen da, sektorean dinamismo berri bat sortzen duten enpresa proiektuak gara ditzaten. Gainera, fundazioak, besteak beste, bikaintasuna sustatu nahi du ikerketan, jakintza berria sortu, teknologia transferentzia indartu, eta Gipuzkoan biozientzien sektorearen garrantziaz sentsibilizatu.

  

2844