Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Bizikletaren eta mugikortasun aktiboaren aldeko esperientzien iii. jardunaldiek pandemiaren ikaskuntzen balioa nabarmentzen dute

Bizikletaren eta mugikortasun aktiboaren aldeko esperientzien iii. jardunaldiek pandemiaren ikaskuntzen balioa nabarmentzen dute

Gaur goizean, Bizikletaren eta Mugikortasun Aktiboaren Aldeko Esperientzien III. Jardunaldiak izan dira, “Mugikortasun jasangarri berrirako erronkak eta irakaskuntzak pandemia sasoian” izenburupean. Jardunaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa departamentuak antolatu ditu, Cristina Enea fundazioarekin batera. Topaketa digital horretan 200 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute; edizio honetako topaketan arreta pandemiak bizikleten eta oinezkoen mugikortasunean ekarri dituen aldaketetan jarri da.

2021/03/29

“Pandemiak mugikortasun-ereduan ekarri dizkigun aldaketa batzuk geratzeko etorri dira”, esan du Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak. Diputatuak Gipuzkoako garraio publikoaren kalitatearen eta bere departamentua bizikletaren erabilera eta oinezkoen mugikortasuna sustatzeko abian jarritako ekintzen balioa nabarmendu ditu. “Ereduaren gako horien aldeko apustua egiten dugu Gipuzkoa jasangarria eta konektatua eduki ahal izateko, eta, horrelako jardunaldien bidez, topaketarako ezinbesteko gune direla aintzat hartuta, eragileen beharrak hobeto ezagutzeko eta haietara gehiago hurbiltzeko balio digute”.

Bestalde, Jaime Moreno Garraio, Mugikortasuna eta Hiri Agendako Ministerioko Lurreko Garraioko zuzendari nagusia hizlari gonbidatua izan da jardunaldi hauetan, eta honako hau ziurtatu du: “mugikortasuna eskubide gisa ulertu behar da, gizarte-kohesiorako eta hazkuntde ekonomikoko elementu gisa”. “Erronka hori orain finkatu eta sendotu egin behar da, hurbileko mugikortasunari eusteko eta bide emateko pentsatutako azpiegituren eta hirigintza-diseinuen bidez”.

Topaketan, era berean, mahai-inguru batean Silvia Casorrán Martos, Sonia Jichi, Ana Montalban eta Laura Vergara adituek parte hartu dute, “Ciudades  para caminar y ciclar en tiempos de pandemia” argitalpenaren egileek. Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa departamentuak laster editatu eta argitaratuko du apunteen koaderno hori. 

“Klima-egokitzapenerako erronkak eta zailtasunak eta lurralde-mugikortasun jasangarriagoaren aldeko apustua” izenburupean, adituak bat etorri dira honako honetan: bizikletak eta oinezkoak “osasun-krisian aliatuak dira, eta klima-krisiko irtenbidearen zati bat”, eta mugikortasun jasangarriko kolektiboek eta elkarteek mugikortasunaren eta hiri-antolamenduaren eremuan aldaketak sustatzeko duten eginkizuna nabarmendu dute. Modu berean, berezko plangintza zeukaten udalerriek bizi izan ditugun krisi-uneetan premiazko ekintzak garatzeko eskatu dutela esan du. 

Bestalde, Marisol Garmendia Cristina Enea fundazioko presidenteordeak honako hau esan du: “Donostiak posizio pribilegiatua du mugikortasun jasangarriari heltzeko orduan. Eguneroko joan-etorrien erdia hiriaren ingurunean oinez egiten dira”.

Jardunaldian, denboran finkatutako kudeaketa publikoko esperientziak aurkezteko espazioa egon da, eta, bertan, Logroño, Pontevedra, Valladolid eta Irungo parte-hartzaileak izan dira.  Haien hitzen arabera, mugikortasun jasangarrian ibilbide esanguratsua zeukaten udalerriak pandemian aldaketei ondoen aurre egin ahal izan dietenak dira. Era berean, COVID-19ak aurretik finkatzen zihoazen prozesuak bizkortu dituela esan du, besteak beste: bizikleta sarriago erabiltzea, garraiobide gisa, edo ibiltzeko espazioak zabaltzea.

Irungo Udaleko Juan Luis Asensiok nabarmendu du Hiri Mugikortasun Jasangarriko Plan berrian mugikortasun-arloak erronka esanguratsua duela epe laburrera: zerbitzua berrantolatzea, mugikortasun jasangarriko etorkizuneko proiektuei indar handiagoa emateko.  

Rafaela Romero diputatuak, amaitzeko, erakundeak herritarrekin duen konpromisoa nabarmendu du, “ingurumen garbiagoa izateko aukera emango duen eta lurraldeko dinamismo ekonomikoaren elementu gidari izango den eta, aldi berean, gizarte- eta lurralde-kohesioan lagundu eta pertsonak eta aukerak baldintza-berdintasunean konektatuko dituen mugikortasun jasangarriaren alde lanean jarraitzeko” konpromisoa.

 

 

  

1661