Kultura Bonuaren kanpaina berria abenduaren 4an hasiko da martxan berrikuntza batzuekin
Kultura Bonuaren kanpaina berria abenduaren 4an hasiko da martxan berrikuntza batzuekin
Guztira, 8.854 bonu egongo dira liburuak, diskoak eta DVDak erosteko
• Guztira, 8.854 bonu egongo dira liburuak, diskoak eta DVDak erosteko, horietatik 3.542 euskarazko produktuak erosteko, eta 5.312 beste hizkuntzetakoak erosteko
• Euskarazko produktuek 12 euroko hobaria izango dute eta gainerakoek 8 eurokoa. Bonuak urtarrilaren 15 arte erabili ahal izango dira.
• Kontsumitzaileei lagundu nahi zaie, baina baita kulturaren arloko profesional eta enpresei ere.
• Itxaso: Herritarrei konpentsatu nahi diegu oraindik jasaten duten BEZ kulturalaren zerga-gehiegikeriarengatik, kultura luxuzko objektutzat hartzen baita premia biziko ondasuntzat hartu beharrean.
Denis Itxaso Kulturako diputatuak eta María José Tellería Kulturako zuzendariak abenduaren 4an abian jarriko den eta bihar Diputatuen Kontseiluak onartuko duen Bono Kulturaren kanpaina berriaren nobedadeak aurkeztu dituzte; guztira, 85.000 euro jarriko dira.
Kasu honetan, bi bonu mota egongo dira: bata, euskarazko liburuak, diskoak eta DVDak erosteko, eta, bestea, beste hizkuntzetakoak erosteko. Aldundiak 8.854 bonu jarriko ditu guztira herritarren eskura, horietatik 3.542 euskarazko produktuetarako, eta 5.312 beste hizkuntzetakoetarako; izan ere, aurreko bi urteetan, gaztelaniazko bonuak oso egun gutxitan agortu ziren eta, euskarazkoekin, berriz, arazo gehiago izan ziren. Gaztelaniazko bonu kopurua handiagoa denez, deskontua pixka bat txikiagoa izango da. Horrela, bonuaren prezioa 20 euro izango da bi kasuetan, baina euskarazko materialak erosterakoan 12 euroko deskontua egingo da, eta gainerako hizkuntzetakoak erosterakoan, berriz, 8 eurokoa.
Bonuak urtarrilaren 15 arte erabili ahal izango dira, eta salgai egongo dira liburuak, musika edozein euskarritan eta filmak saltzen dituzten Gipuzkoako dendetan, betiere kanpaina honi atxikitakoetan. Atxikitzeko epea azaroaren 11n amaitzen da. Bonuak lurralde eta eskualde orekaren eta establezimendu bakoitzaren pisu espezifikoaren arabera banatuko dira. Aurreikuspenen arabera, 50 establezimendu inguruk bat egingo dute kanpainarekin eta entitate laguntzaile gisa arituko dira. “Saltokiak animatu nahi ditut, kanpainarekin bat egin dezaten, guztion mesederako izango baita. Kulturaz gozatzeko nolabaiteko “sukar” kutsakorra sortzen da egun hauetan, eta urte guztira zabaltzea nahiko genuke. Lortu nahi dugu bonua ahalik eta pertsona gehienek baliatu ahal izatea, eta Gipuzkoa osoko hurbileko merkataritza bultzatzea. Halaber, euskarazko eta gaztelaniazko produktuetarako bonuak bereizi ditugu, euskarazko kulturaren kontsumoa bermatzeko. Izan ere, kulturaren salmenta sustatzeaz gain, euskal kulturaren ekoizpena eta sorkuntza ere bultzatu nahi ditugu”, esan du Itxasok.
Ekimen honen helburua da herritarrei laguntzea kultur ondasunak eta produktuak -liburuak, diskoak eta DVDak- eskuratzen, ongizate eta gizarte kohesioaren eredua kulturaren inguruan sendotzen, kultur sektoreko enpresak indartzen, eta eredu kultural jasangarriago, parte hartzaileago eta eraldatzaileago bat lortzeko bidean aurrera egiten. Bonuarekin ezingo dira testuliburuak, ikasketa liburuak eta liburu profesionalak erosi.
“Eguberriei begira, kulturarekin gozatzea sustatu, saritu eta fidelizatu nahi da, eta liburu denda eta disko dendek osatzen duten merkataritza eta banaketa sarea indartu eta babestu, izan ere, kultur produktuen eskaintza zabala eskaintzen dute, bizi garen gizarte moderno eta kulturaniztun honi dagokion bezala” azaldu du Itxasok.
El Kolmado
Kultura Bonuaren helburuetako bat da herritarrak konpentsatzea kulturari ezarritako BEZaren igoerak eragindako gainkostuarengatik, eta 2018an murriztu egingo dela dirudi arren, oraingoz herritarrek zerga-bilketari dagokion gehiegikeria hori jasaten dute kultura luxuzko objektutzat hartzen dutenen aldetik”. Hain zuzen ere, joan den urtean, Kultura Departamentuak aldarrikapen, balio handitze eta sentsibilizazio kanpaina bat jarri zuen martxan, kultura bonuekin, kulturari zerga-tratu justua emateko beharra sozializatzeko, kontuan hartuta premia biziko ondasuna dela.
Horretarako, “El Kolmado” ireki zuen Donostiaren erdigunean, premiazkoko produktuak eskaintzen zituen betiko denda itxura zuen espazioa. Kultura premia biziko ondasun gisa gizarteratzeko xedea duen espazio bat zen, kalean bertan kokatutakoa, eta programazio propioa zuena. Bere helburua zen herritarrak kulturaren garrantziaz eta luxuzko artikulu gisa jasotzen duen tratamendu fiskalaren bidegabekeriaz sentsibilizatzea. Gainera, antzinako furgoneta batek premia biziko ondasunak eraman zituen herriz herri.
Kanpaina horretan artista askok parte hartu zuten, Maria Berasartek, La Oreja de Van Gogh taldeko kideek, Alex Ubagok, Mikel Erentxunek eta Ainhoa Garmendiak, besteak beste, eta “Asociación Española de Anunciantes" elkarteak sustatzen dituen “Premios Eficacía Oro" sarietako bat jaso zuen irabazi asmorik gabeko erakunde eta antolakundeen kategorian.
1751