Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Burgoseko Prozesuaren testuingurua eta hurbileko historian izandako eragina aztertzeko erakusketa

Burgoseko Prozesuaren testuingurua eta hurbileko historian izandako eragina aztertzeko erakusketa

Garaiko 173 dokumentu eta testigantza grafiko plazaratuko ditu eta azaroaren 20an inauguratuko da Ibaetako campusean.

Burgoseko Prozesuaren 50. urteurrenean, erakusketa batek gertaera historiko haren testuingurua ezagutzera eman eta azalduko du, baita Euskadiren  hurbileko historian izan zuen eragina ere. 1970-2020 Burgoseko prozesua. Frankismoari epaiketa egitasmoak garaiko 173 dokumentu eta testigantza emango ditu argitara azaroaren 20tik urtarrilaren 26ra bitartean, UPV/EHUren Donostiako campuseko Carlos Santamaría eraikinean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du erakusketa, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin batera, Euskal Herriaren hurbileko historiari eta lurraldean izandako giza eskubideen urraketei buruzko memoria bultzatzeko ahaleginaren testuinguruan. Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendari Ion Gambrak gaur goizean nabarmendu duenez, azken hamarkadetan bizi izandakoari buruzko memoria "beharrezko balioa" da "kultura benetan demokratikoa" eraikitzeko, "elkarrekiko errespetuan eta bizikidetza baketsuan" oinarrituta egongo dena eta "iraganeko akatsetan" erortzea eragotziko duena.

Gambrak gogorarazi duenez, Burgoseko Prozesutik eratorritako ondorioei buruz idatzi duten historialari eta ikerlarien artean "izendatzaile komun" bat badago, "epaiketa horrek frankismoaren aurkako borrokaren eta euskal auziaren bilakaeran izandako garrantzia" da. "Gizarte-mobilizazioa arrakasta bat izan zen frankismoaren aurkakoentzat, erregimenaren aurkako desadostasuna zabaltzen lagundu baitzuen eta orduko agintariei erakutsi baitzien ezinezkoa zela protesta haiek itzaltzea. Era berean, kasuak izandako oihartzun mediatikoa zela eta, frankismoari berari egindako prozesu moduko bat bilakatu zen, eta euskal gaia munduari ezagutarazi zion ", azaldu du.

Horren haritik, epaiketa hura gertatu zen testuinguru historikoan sakondu nahi du erakusketak. Abenduaren 3tik 9ra bitartean, Meliton Manzanasen heriotzan ustez parte hartzeagatik ETAko 16 kide prozesatu zituzten. Foru-zuzendariak gaineratu duenez, erakusketaren blokeetako batek gertakari horiek guztiak aztertuko ditu, Giza Eskubideen ikuspegitik. Gambraren hitzetan, "marra gorri" bat espreski jasoko da mostran, zeinak bi urte lehenago José Antonio Pardines Arcay guardia zibila hil zeneko "inflexio-puntua" islatzen duen, bai eta Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko buru Melitón Manzanasen aurkako atentatu hilgarria ere. Hilketa haiekin batera, diktadurak errepresioa nabarmen gogortu zuen; Pardines ETAko kideek hil eta hiru ordura, Txabi Etxebarrieta hil zuten bi guardia zibilek Bentaundin (Tolosa).

"Oso garrantzitsua da gazteenei helarazteko gai izatea gure herrian gertatu denaren, terrorismoak izan dituen ondorio gogorren eta gure gizartean izan diren motibazio politikoko indarkerien memoria kritikoa. Horregatik, zentzu berezia hartzen du erakusketa hau Ibaetako campusean egiteak", adierazi du Gambrak.

Bederatzi heriotza-zigor eta 519 urteko kartzelaratzeak

Euskal kultura, euskal sentimendu nazionala eta langile-mugimendua suspertzen ari zen testuinguru hartan egin zuten gerra-kontseilua hura, gerora Burgoseko Prozesua izenarekin historiara igaro dena. Aste horietan, epaiketaren aurka aurrekaririk gabeko mobilizazio soziala gertatu zen, batez ere epaiketaren lehen bi egunetan (abenduaren 3an eta 4an) eta epaiaren ondoren (abenduaren 28an eta 29an), polizia-indarrek zuten gaitasuna gainditzeraino. Abenduaren 4an, Ministroen Kontseiluak Gipuzkoan salbuespen-egoera dekretatu zuen, hiru hilabeteko indarraldiarekin; salbuespen-egoera dekretatu eta ia astebete geroago, hilaren 12an, Gipuzkoan 200 atxilotu zeuden.

Abenduaren 28an, fiskaltzak eskatutakoak baino zigor handiagoak ezarri zituen epaia argitaratu zen: bederatzi heriotza-zigor, 519 urteko kartzela-zenbaketa orokorra eta absoluzio bat. Gau hartan bertan bat-bateko manifestazioak egin ziren Donostian eta 29an lan-geldialdi garrantzitsuak hasi ziren, Gipuzkoan eta Bizkaian, batez ere. Aldi berean, diktadurak presio diplomatikoak jaso zituen Australia, Suedia, Norvegia, Danimarka, Alemania, Italia, Frantzia, Belgika edo Vatikanoa bezalako herrialdeengandik, zigorpetuen indultua eskatuz. Azkenik, heriotza-zigorrak hilaren 30ean kommutatu ziren, batez ere gizarte-mobilizazioaren eta nazioarteko elkartasunaren ondorioz; indarra erakutsi baino, erregimenaren barne-krisia azaleratu zen eta bere irudiari nabarmen kalte egin zion gerra-kontseilu hark.

Hiru heriotza 1970ean

Aranzadiko ikertzaile Javi Bucesek azaldu duenez, erakusketak hiru bloke ditu. Lehenengoan, Burgosko prozesua gertatu zen testuinguru historikoa islatzen da. Bigarrenean, giza eskubideen urraketak eta frankismoak eragindako errepresioa azalduko dira; hirugarrenean, berriz, epaiketan gertatutakoa kontatuko da. "Gainera, oso gertaera ezezagun batez arduratu nahi izan dugu. Izan ere, 1970. urte hartan hildakoak izan ziren Gipuzkoan, Burgosko Prozesuaren aurkako mobilizazioen testuinguruan. Roberto Pérez Jauregi, Antonio Goñi eta Imanol Andueza erregimeneko poliziaren eskuetan hil ziren ", adierazi du. Azkenik, Bucesek azpimarratu du erakusketak "heriotza-kondenaren aurkako alegatua" izan nahi duela, baita ere.

  

1979