Bidegi hasi da Beraungo pantaila akustikoak jartzen
Bidegi hasi da Beraungo pantaila akustikoak jartzen
Obrak direla eta, GI-20 errepideko eskuineko erreia itxita egongo da Errenterian. Lanek 8 hilabeteko gauzatze-epea eta 1,5 milioi euroko inbertsioa dute.
Bidegi foru agentziak Beraungo pantaila akustikoak jartzeko lanei ekin die, 1,2 kilometroko tartean, Arramendiko zubibidearen eta Pasaiako porturako eta Errenteriarako 2. irteeraren artean. Zarataren aurkako pantailak instalatzeko 1.575.000 euroko inbertsioa eta 8 hilabeteko exekuzio-epea daude. Lanak egiteko, beharrezkoa da GI-20 errepideko eskuineko erreia ixtea, Donostiarako noranzkoan. Mozketa horrek obrak amaitu arte iraungo du; aurreikuspenen arabera 2023ko maiatzera arte.
Pantailak metalezkoak eta fonoxurgatzaileak izango dira. Zubiaren 178 metroetan jartzen direnek 2 metroko garaiera izango dute, eta Beraungo auzo-aurrealdean 4 metrokoak izango dira 840 metro luzeran, errepidearen ertzean. GI-20ra ematen duen pantailaren zatiak txapa zulatu bat izango du, eta, horri esker, soinua haren barrualdera igaro ahal izango da. Bertan, harri-artilezko geruza dago, trafikoak sortutako soinua xurgatzen duen material gisa.
Obrak irauten duen bitartean, eskuineko erreia eta bazterbidea itxita egongo dira, segurtasun-hesi zurrun batekin, obrako langileen eta gidarien segurtasuna bermatzeko. Pantailak zubian jartzeko eta finkatzeko, aldamio mugikor bat erabiliko da. Zubiaren lehen baoaren azpian Arramendi kaleko bidea eta espaloia eta oinezkoentzako bidea babesteko arkupe bat ere eraikiko da.
Eremu horretan 3.900 pertsona inguru bizi dira gaueko ordutegian 55dB baino gehiagoko zarata-mailen eraginpean daudenak, eta pantailak instalatzeak egoiliarren bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako Lurraldeko errepideetako zarataren aurkako ekintza-planean du jatorria proiektuak.
3849