Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Kanpazarreko errepidea zabaltzeko lanak amaitu dira

Kanpazarreko errepidea zabaltzeko lanak amaitu dira

Bihar, ostirala, guztiz zabalik egongo da N-636 errepidea. Lanek segurtasun handiagoa eman diote bide honi, 9 metrora arte zabaldu baita plataforma eta bihurguneak leundu.

2023/05/18
N-636 errepidea

N-636 errepidea


Gipuzkoa eta Bizkaia lotzen dituen Kanpazar mendateko N-636 errepidea zabaldu eta hobetzeko lanak gaur, osteguna, amaituko dira. Hala, azken asteetan Bizkaiko mugara arteko azken metroetan lanean jardun eta gero, urriaren 1ean ekin zitzaien lanak gaur bukatutzat emango dira, guztira 1,2 milioi euroko aurrekontua izan dutenak, hain zuzen.

Errepideak 9 metroko zabalera izango du aurrerantzean bere ibilbide osoan. Lehen 7 metroko zabalera maximoa zuen bide honek eta tarterik estuenak arriskutsuak ziren, N-636aren tartetik estu eta bihurriena den honetan. Obrak guztira errepidearen 926 metrotan egin dira eta zabalera gehitu ahal izateko, ezkerreko mendi-magalean lur-erauzketak egin dira zenbait puntutan eta, beharrezkoa izan den kasuetan, harri-lubetak ipini dira. Horri esker, 7 metroko plataforma eta metro bat baino gehiagoko bazterbidea lortu da.

Nabarmentzekoa da, halaber, Epele eta Sara artean, errepidearen zorua birgaitu egin zela iazko udazkenean eta, baita inguru horretan ere, Kanpazar eta Elgeta arteko GI-2639 errepidearen trazadura hobetzeko lanak aurten bertan hasiko direla. Kasu honetan ere trazadura hobetu eta bihurguneak leundu egingo dira, 6,5 kilometroko luzera duen ibilbidean. Proiektuari urtarrilean eman zion argi berdea Diputatuen Kontseiluak eta hiru hilabeteko iraupena izango duten lan hauek urte amaierarako gauzatzea aurreikusten da.

  

2804